Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du. Streaming-ez ere jarraitu ahal izango da: www.kulturguneatb.eus.
Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, literatura frantsesari buruzko beste topaketa bat jasoko du asteartean, otsailaren 27an. Oraingo honetan, gonbidatua, jatorri euskalduna duen Leonor de Recondo idazlea izango da, “Amores” (Minúscula arg.) liburuaren gaztelaniazko argitalpena dela eta. Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du.
Leonor de Recondo (Paris, 1976) biolin jole eta idazlea da. Ingalaterra Berriko Musika Kontserbatorioan ikasi ondoren, kamerako musikan aritu zen, eta Barrokoaren maisuenganako interesa piztu zitzaion. Horien errepertorioa ikasi zuen Bruselako Kontserbatorioan. Geroago Frantziako talde barroko garrantzitsuenekin jo zuen (Les Talens Lyriques, Le Concert d’Astrée, Les Musiciens du Louvre, etab.) eta Purcell Didon et Enée opera zuzendu zuen Montpellierreko Opéra Nationalean (2009). 2005ean L’Yriade talde barrokoa sortu zuen Cyril Auvity tenorearekin.
“Sueños olvidados” (2012), “Pietra viva” (2013) eta 2015ean Prix RTL-Lire eta el Prix des Libraires sariak irabazi zituen “Amores” (2015) liburuez gain, “La Grâce du cyprès blanc” (2010) eta “Point cardinal” (2017) lanen egilea ere bada, azken hori Prix du Roman des Étudiants France Culture/Télérama izenekoaren irabazlea.
1908an girotutako “Amores” lanak, azken bost urteetan probintzietako hiri garrantzitsu bateko notarioa den Anselme de Boisvaillantekin ezkonduta dagoen Victoireren istorioa kontatzen du. Baina Victoirek nahi duen arren, hainbeste itxaroten duten ondorengoa, seme-alaba, ez da heltzen. Bitartean, erregulartasun izugarriarekin, Anselmek ganbarako gelatxoan sexu harremanak izatera behartzen du Céleste zerbitzari gaztea. Baina, dirudienez, ez da hori familiaren etxe zaharreko hormek gordetzen duten sekretu bakarra, beste handiago bat ere gordetzen dute.
Céleste haurdun geratzen denean, Victoirek arazoari helduko dio, ezusteko erabakigarritasunarekin. Une horretatik aurrera, gizarte alorreko mailak eta lotsa guztiak hankaz gora jarriko dituzten gertakariak bata bestearen ondoren etorriko dira, ezusteko maitasun harremana agerian uzteko. Leonor de Recondok adierazkortasun delikatuarekin deskribatzen duen haria, hain zuzen ere.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.