BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK GABONETAKO KONTZERTUA JASOKO DU ASTEAZKENEAN, BILBO SAX QUARTET SAXOFOI LAUKOTEAREKIN

“Bidaia XX. mendetik” izenburua duen musika ikuskizuna arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak Gabonetako kontzertu berezia jasoko du asteazken honetan, Bilbao Sax Quartet saxofoi laukotearekin. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Abenduan zehar, Bidebarrieta Kulturguneak, programazio berezia jaso du, eta aste honetan emango zaio amaiera, Gabonetako kontzertuarekin, Bilbo Sax Quartet Bilboko taldearen eskutik. Taldeko kideak hauek dira: Nerea Uzquiaga, saxo sopranoa; Ángel Fernández, saxo altua; Josep Viçente Ripoll, saxo tenorea eta Ricardo Sásamo, saxo baritonoa.

“Bidaia XX. mendetik” izenburupean, jazzetik gertu dauden soinuak eta Manuel de Fallaren edo Fredy Mercuryren pieza ezagunak eskainiko dituzte, saxofoirako “Bohemian Rhapsody”, adibidez, eta baita Gabonetako klasiko herrikoi batzuk ere. Kontzertuak beste konposizio batzuk ere jasoko ditu, Pedro Iturralde saxofoi jole nafarraren “Suite Hellenique” edo “Miniatura”, besteak beste. Larousseren Jazz hiztegian jasotzen den hemengo musikari gutxienetakoa da.

Nerea Uzquiagak Galdakaon hasi zituen musika ikasketak, eta Josep V. Ripoll irakaslearekin amaitu zuen erdi mailako gradua Bilboko Goi Kontserbatorioan. Ondoren saxofoiko goi mailako gradua egin zuen Madrilen Manuel Miján katedradunarekin. Hainbat hobekuntza ikastaro egin ditu Pedro Iturralderekin, Claude Delanglerekin edo J.M Londeixekin, besteak beste.

Ángel Fernándezek Galdakaoko Musika Eskolan hasi zituen musika ikasketak, eta ondoren Bilboko “Juan Crisóstomo Arriaga” Musika Goi Kontserbatorioan jarraitu zituen, Josep Vicent Ripoll irakaslearekin, baita ere. 1998tik saxofoi bakarlaria da Barakaldoko Udal Musika Bandan. Gaur egun musikari gisa egiten duen lana lan pedagogikoarekin uztartzen du, saxofoi irakaslea baita Galdakaoko Udal Musika Eskolan.

Ricardo Sámanok Bilboko “Juan Crisóstomo Arriaga” Musika Goi Kontserbatorioan ematen ditu saxofoi klaseak gaur egun. Josep Viçente Ripolli dagokionez, Valentziako Musika Goi Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta bertatik Madrilera joan zen, goi maila egiteko Pedro Iturralde irakaslearekin. 1986an Bilboko Udal Musika Bandako saxofoi altu plaza lortu zuen oposizioz. Bakarlari gisa aritzen da Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Transilvania Orkestrarekin (Errumania) eta AMCOS Orkestrarekin.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegi barruan kulturara zuzendutako espazioa da, eta bere helburuen artean kulturaren, literaturaren, arteen, zientziaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena daude.