BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ALFONSO DEL RÍO IDAZLE BILBOTARRAREN “LA CIUDAD DE LA LLUVIA” LEHEN ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTEAZKENEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Alfonso Del Río abokatu eta idazle bilbotarraren “La ciudad de la lluvia” (Destino arg.) lehen eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du asteazken honetan, MARTXOAREN 14an. Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Egilea, kulturan eta literaturan espezializatutako César Coca kazetariarekin eta Pablo Sanz Deloitte Legaleko bazkidearekin arituko da solasean.

Alfonso del Río (Bilbo, 1980) Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik, eta bere eguneroko jardunean abokatu, aita eta idazle egitekoak uztartzen ditu. Abokatu gisa, nazioarteko bufete batean egiten du lan, eta irakasle gisa jarduten da UPV/EHUn eta Deustuko Unibertsitatean. 2017an Estatuko abokatu gazte hoberenetakoen artean aukeratu zuen Iberian Lawyers-ek, Forty under Forty sari garrantzitsuaren bitartez.

Del Ríok zenbait liburu espezializatutan hartu du parte, baina ekarpen horiek ez zuten literaturarako zuen jakin-mina asebete. Izan ere idazle izatea edo zaletasun ihes egiteko bide gisa erabiltzea inoiz pentsatu ez bazuen ere, Del Ríok idazteko eta beste bizimodu batzuetan murgiltzeko beharra sentitzen zuen. Horrela, duela hamar urte baino gehiago hasi zen argitaratu berri den “La ciudad de la lluvia” lanaren lehenengo zirriborroak prestatzen.

“La ciudad de la lluvia”, gizakiak barruan duen hoberena eta txarrena biltzen dituen thrillerra da. Handinahiaren, maitasunaren eta pertsonen arteko konplizitatearen botere magnetikoari buruzko istorioa da, eta pertsona guztiok daukagun eta betirako itzalpean gorde ezin daitekeen aurpegi ezkutu hori erakusten du.

Horrela, laurogeiko hamarkadaren hasierako Bilbon, hiru heriotza misteriotsuk, elkarren artean itxuraz inolako loturarik ez duten zenbait pertsonaiaren patuak elkartuko dituzte. Alain Lara Athletic taldeko jokalari gazte eta etorkizun handikoak, bere aitona Rodrigok beti ere ezkutuan gorde izan duen berrogeiko hamarkadako argazki zaharra aurkitu du. Argazkian agertzen diren pertsonaia guztietatik, Alainek aitona ezagutzen du, eta baita gaur egun Banco del Norte erakundearen presidente izateko hautagaia den Ignacio Aberasturi Bilboko enpresari garrantzitsua ere. Bien bat bateko desagerpen arraroak, beste gertakari batzuekin batera, iragan ilunera eramango duen ikerketari ekitera bultzatuko du.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.