Euskaraz izango den hitzordua Josu Goikoetxea kazetariak moderatuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus
“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, egungo panoramako bi emakume bertsolari handi elkartuko ditu datorren asteartean, MARTXOAREN 13an, Maialen Lujanbio -bi aldiz Euskal Herriko txapelduna- eta Uxue Alberdi, hain zuzen ere. “Gaur egungo bertsolaritzaz pentsatzen” izenburupean, euskaraz izango den eta Josu Goikoetxea kazetariak moderatuko duen topaketa, bertsoak bat-batean abesteko artean eta arte horrek poesiarekin dituen loturetan zentratuko da.
Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dena den, streaming-ez jarraitu ahal izango da kulturguneatb.eus webgunetik.
Izan ere, gehienetan idazleengan gehiago zentratuta egon ohi den “Eztabaidak literaturarekin” ekimenak, martxoan egungo bertsolaritzako bi figura garrantzitsurekin elkartzea proposatzen digu -horietako bat baita idazlea ere-, Maialen Lujanbio egungo Euskal Herriko txapeldunarekin eta umeentzat zein helduentzat egindako lanen idazle gisa ibilbide azpimarragarria duen Uxue Alberdirekin, hain zuzen ere.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984), Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria lortu zuen 2016an, Besarkada bildumarekin. 2007an argitaratu zuen lehenengo liburua, Aulki bat elurretan, kontakizunez osatutako lana; 2009an kaleratu zuen lehenengo eleberria, Aulki-jokoa, Miren Agur Meabek gaztelaniara itzulitakoa El juego de las sillas izenburuarekin. Ondoren, 2013an, beste kontakizun bilduma bat, Euli-giro; eta tartean, umeei eta gazteei zuzendutako literatura asko. Iaz, helduei zuzendutako beste lan bat argitaratu zuen, Jenisjoplin.
Maialen Lujanbiori (Hernani, 1976) dagokionez, historia egin zuen 2009an, Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen lehenengo emakumea izatean, eta 2017an titulua berreskuratu zuenean, euskal diziplina horretako eta kulturako mito handien artean idatzi zuen berriro bere izena. Berrikuntzak sartu ditu bertsolaritzan; soinu berriak sortzeaz gain, deskribapen zinematografikoak eta istorioak bertsotan osatzeko talentu bikaina duen sortzailea da.
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.
Joan den 2017an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.