BILBOKO UDALAK ETA KORAL ELKARTEAK, EKAINAREN ERDIALDERA ARTE BILBOKO BARRUTI GUZTIETARA KONTZERTUAK ERAMANGO DITUEN “BILBOKO KORALA GERTUTIK” PROGRAMAREN HIRUGARREN EDIZIOA AUKEZTU DUTE

Eskaintzak Umeen Abesbatzaren, Euskeria Abesbatzaren, Bilboko Koralaren, Alegro Abesbatzaren -Koral Elkarteko musika irakaskuntza profesional ikastetxeko gurasoak- eta Jesus Guridi orkestra, gitarra orkestra eta kantu ikasgela osatzen duten ikasleen zortzi emanaldi jasoko ditu.

Kontzertu guztiak auzoetako elizetan izango dira, arratsaldez, ostegun, ostiral eta larunbatetan, sarrera librearekin.

 

Bilboko Udalak, Bilboko Koral Elkartearen eta haren esku dauden taldeen eskutik Hiriko barruti guztietan zortzi kontzertu eskainiko dituen “Bilboko Korala Gertutik” programaren hirugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean. Taldeek 300 pertsona baino gehiago biltzen dituzte, musika-tresna espezialitateetako eta kantu ikasleak barne.

“Bilboko Korala Gertutik” programaren helburua, musika koralerako zaletasuna jende guztiaren artean bultzatzea eta Bilboko Koral Elkartea osatzen duten taldeen eta bertako ikasleen lana erakustea da. Egitaraua gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean, eta bertan egon dira Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia eta Iñigo Alberdi eta Enrique Azurza Bilboko Koral Elkarteko Gerentea eta Zuzendari Artistikoa, hurrenez hurren.

Musika programazioa larunbatean, martxoaren 17an, hasiko da, Otxarkoagako Justo eta Pastor Santuen Elizan, Urko Sangronizek zuzentzen duen eta Bilboko Koral Elkartearen talde gaztea den Euskeria Abesbatzaren eskutik. Euskeriak betidanik bete izan du Umeen Abesbatzaren eta Bilboko Koral Elkarteko Koral mistoaren arteko bitarteko pausu izateko filosofia, Errenazimendutik gaur egungo musikara doan errepertorioa landuz. Abesbatza gaztea izango da, baita ere, programazioaren bigarren hitzorduaren protagonista, apirilaren 5ean, Bihotz Sakratuaren elizan (Abandoko jesuitak).

Hurrengo emanaldia apirilaren 14an izango da Iralabarriko San Antonio elizan, eta Jesus Guridi orkestraren eskutik etorriko da. Talde berak beste kontzertu bat eskainiko du maiatzaren 5ean Santutxuko Karmelo elizan, Bilboko Koral Elkarteko kantu ikasleekin batera.

Matikoko Salbatore elizak, 70 ahots biltzen dituen Umeen Abesbatzaren kontzertua jasoko du apirilaren 21ean. 1994ko otsailetik, abesbatza Bilboko Koral Elkarteko Kontserbatorioko ikasleez hornitzen da batez ere. Zuzendaria José Luís Ormazabal da.

Maiatzerako programazioak hiru kontzertu biltzen ditu, 5ean, 11n eta 12an. Maiatzaren 5ean Jesus Guridi orkestra arituko da kantu ikasleekin batera Karmelo elizan. Maiatzaren 11n Bilboko Koralaren txanda izango da, Abusuko Artzain Onaren elizan. Hurrengo egunean, musika Zorrotzako Mirarien Dominaren Gure Amaren parrokiara helduko da, Alegro Abesbatzarekin eta Gitarra Orkestrarekin.

Programazioari ekainaren 16an emango zaio amaiera, Deustuko San Felizisimo elizan, Bilboko Koral Elkarteak duela bi urte martxan jarri zuen Eskolan Kantari egitasmoaren emanaldiarekin. Egitasmoaren helburua, kantua Hiriko ikastetxeetara hurbiltzea da. Egitasmo horretako partaideak izango dira “Bilboko Korala Gertutik” programazioari amaiera emango diotenak. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da.

Bilboko Koral Elkartea, ehun urte baino gehiago dituen Hiriko erakundeetako bat, 1866ko ekainean eratu zen Bilboko Orfeoi gisa, eta Bilboko Koral Elkarte gisa urte bereko abuztuaren 3an, musikaren, orokorrean eta abesti koralaren, batez ere ezagutza eta hedapena bultzatzeko asmoz.

Hainbat aintzatespen jaso ditu, Arte Ederren Urrezko Domina (1986), San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako Ohorezko Domina (2005) eta Bilboko Hiriko Urrezko Domina (2007), beste batzuen artean. Kantu koral ildo bereizlea du, umeei, gazteei eta helduei musika koralaz gozatzeko aukera ematen dieten hiru abesbatza talderekin.

AGENDA

MARTXOAK 17
20:15 – Justo eta Pastor Santuen Eliza (Otxarkoaga)
Euskeria Abesbatza

APIRILAK 5
20:00 – Aita Jesuiten Egoitza (Abando)
Euskeria Abesbatza

APIRILAK 14
20:15 – San Antonio Eliza (Iralabarri)
Jesus Guridi Orkestra

APIRILAK 21
19:00 – Salbatore Eliza (Castaños)
Umeen Abesbatza

MAIATZAK 5
20:45 – Karmelo Eliza (Santutxu)
Jesus Guridi Orkestra + Kantu ikasleak

MAIATZAK 11
20:00 – Artzain Onaren Eliza (Abusu)
Bilboko Korala

MAIATZAK 12
18:30 – Mirarien Dominaren Gure Ama (Zorrotza)
Alegro Abesbatza + Gitarra Orkestra

EKAINAK 16
20:00 – San Felizisimo eliza (Deustu)
Eskolan Kantari

Informazioa: www.bilbao.eus eta www.coraldebilbao.com