BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ETAREN TERRORISMOAK MARKATUTAKO GIZARTEAREN ERRETAULA DEN PATRIA, FERNANDO ARAMBURUREN AZKEN ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTEAZKENEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30etan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Fernando Aramburu idazle gipuzkoarraren azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteazkenean, IRAILAREN 14an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Patria (Tusquets arg.) lanak, ETAren terrorismoaren ondorioz apurtuta eta elkarren kontra dagoen herri baten hiru hamarkada kontatzen ditu. Ekitaldia, kulturan espezializatutako Cesar Coca kazetariak aurkeztuko du, eta streamingez eskainiko da www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.

Ia 700 orrialdetan, Patria lanak, Donostiatik gertu dagoen herri batean bizi diren bi familiaren historia kontatzen du. Hasiera batean adiskidetasun estuak elkartutako familiak dira, baina denbora asko igaro aurretik etsai bihurtuko dira arrazoi politikoak direla eta, eta amek, narrazioaren ardatz nagusiek, bultzatutako elkarrenganako gero eta gorroto handiagoaren biktima izango dira. Ekintzak hiru hamarkada baino gehiago hartzen ditu, laurogeiko hamarkadaren erdialdetik, ETAk indarkeria behin betiko utziko zuela iragarri eta hilabete batzuetara arte.

Etsai diren arren, familia bietako seme-alabetako batzuek harremanetan jarraitzen dute ezkutuan. Lehenbiziko familiak gora egingo du ekonomiaren ikuspuntutik, garraio enpresa bat duen aitaren ekintzailetzarako gaitasunari esker. Bere eta senideen bizimodua goitik behera aldatuko da ETAren estortsioaren biktima bilakatzen denean. Geroago hil egingo dute, eta gertakari horrek hainbat modutara izango du eragina bi familietako kide bakoitzarengan. Bigarren familiako semeetako bat ETAn sartuko da, hainbat atentatutan hartuko du parte eta kartzelan amaituko du.

Fernando Aramburu (Donostia, 1959) Filologia Hispanikoan lizentziatua da Zaragozako Unibertsitatean, eta 1985etik Alemanian bizi da. Kontalari azpimarragarria, hiru kontakizun liburuki eta Fuegos con limón, Los ojos vacíos, El trompetista del Utopía, Bami sin sombra, Viaje con Clara por Alemania, Años lentos, La Gran Marivián, Ávidas pretensiones eta Las letras entornadas eleberriak idatzi ditu. Beste sari batzuen artean Euskadi Saria, Mario Vargas Llosa Saria, Real Academia Española Saria, Tusquets Editores Eleberri Saria eta Biblioteca Breve Saria irabazi ditu.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren hedapena duen gunea da.