Saioa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Erik Gandini zinegile italiar-suediarraren “La teoría sueca del amor” (“The Swedish Theory of Love”, Suedia, Norvegia, Danimarka, 2016. 76´) filma eskainiko du. Egilea bera gidoilari ere baden dokumental berritzaileak Suediako bizitzeko estiloa aztertzen du, eta ekonomiaren ikuspegitik egoera onean dagoen gizartea gizarte zoriontsuaren sinonimoa ote den galdetzen du.
Ohikoa denez, emanaldia Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, ingeleseko eta suedierazko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpi-tituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
Soziologia garaikide klasea balitz bezala, “La teoría sueca del amor” lanak ongizate gizartearen kritika eraikitzailea, umorez betea, egiten du, helburu bakarrarekin: zoriontasunaren benetako sekretua zein den jakitea. Izan ere, 1972an, Olof Palmeren gobernu sozialdemokratak “Etorkizuneko familia: familiarako politika sozialista” izeneko manifestua argitaratu zuen. Manifestu horrek ezartzen zuenez, “egiazko giza harreman oro, pertsonen arteko independentziaren printzipioan oinarritu behar da”.
2016an, Suediak oso estatistika esanguratsua du: biztanleriaren erdia bakarrik bizi da, eta jendearen %25 bakarrik hiltzen da, bere gorpua inork erreklamatu gabe. Inork ezin zuen pentsatu urteak igaro ondoren sozializatzeko ezintasuna duen norbanakoen gizartea osatuko zenik. Hala ere, ongizate gizartearen iparraldeko eredu soziala nazioarteko erreferentea da. NBEk adierazi duenez, Suediak mundu osoko pobrezia maila txikienetakoa du, eta diru-sarrerak oso modu parekatuan banatzen dira.
Erik Gandinik gai horretan sakontzen du, eta muturreko esperientziak (etxez-etxe egiten diren auto-intseminazio artifizialak, euren etxeetan hilda aurkitu diren pertsonen oinordekoak bilatzen aritzen diren departamentu publikoak…) aztertzen dituen herrialde barruko bidaia gisa hasten dena, Eskandinaviako herrialdearekin alderatuz desberdinena den planetako txokoetako batean amaitzen da: Etiopian, pobrezia ekonomiko maila bertako biztanleriaren zoriontasun mailaren alderantziz proportzionala den lekuan. Gandinik ikusten duenez, komunitatearen izaera eta zailtasunak gainditu beharra benetako zoriontasuna lortzeko funtsezko bi elementu dira.
Erik Gandini Italian jaio zen 1967an. Ekoizle eta zuzendaria da, eta ezaguna da “Videocracy” (2009), “Surplus: Terrorized Into Being Consumers” (2003) eta “The Swedish Theory of Love” (2015) lanengatik.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, jarraipena ematen dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.
TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=CKk0wNbHEeU