BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK–ZINEBIK, BAHMAN GHOBADI KURDU-IRANIARRARI EMANGO DIO OHOREZKO MIKELDIA, BERE HERRIALDEKO ASKATASUNEN ALDEKO BORROKAREKIN KONPROMISOA ERAKUTSI DUEN ARTELANAREN DIMENTSIO ARTISTIKOA DELA ETA

Ohorezko Mikeldia emateko ekitaldia jaialdiaren amaierako galan izango da, AZAROAREN 25ean, Arriaga Antzokian.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 18tik 25era izango du bere hurrengo edizioa –58.a–.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Bahman Ghobadi zinegile kurdu-iraniarrari emango dio bere 58. edizioko bigarren Ohorezko Mikeldia, zinean egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza bikaina aintzatetsiz. Saria emateko ekitaldia azaroaren 25ean izango da, ZINEBI 58ren Amaierako Galan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

Iran barruan dagoen Kurdistaneko Bané herrian 1969an jaio zen Bahman Ghobadi zine gidoilari, zuzendari eta ekoizleak Teherango Iranian Broadcasting College izenekoan ikasi zuen, eta industria argazkilari moduan hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Urte luzez, bere izena sarritan erlazionatu zen Irandik etorri eta kritikariak eta zaleak aho zabalik utzi zituen zinegile taldearekin, ziurrenez antzezle ez profesionalak erabiltzeagatik itxuraz xumea zen eta dokumental gisa definitzen zen estetika zuten eszenan jartzeen bitartez euren herrikide askoren bizitza islatzen zuten filmekin. Ghobadi zinegile gazte xumea baino ez zen Irango zine harrigarri hura Europara heldu zenean, laurogeita hamargarreneko hamarkadan, Abbas Kiarostamiren, Majid Majidiren, Jafar Panahiren edo Mohsen Makhmalbafen eskutik, besteak beste.

1991tik hogei bat film labur eta ertain errodatu ostean, bideoan, 8 mm-tan eta 16 mm-tan, 1998an zuzendari laguntzaile gisa aritu zen Abbas Kiarostamiren Haizeak eramango gaitu (Bad ma ra khahad bord, 1999) lanean. 2000. urtean Irango zinearen historiako lehenengo film luzea aurkeztu zuen Cannesen, Zaldi mozkorrentzako garaia (Zamani barayé masti asbha, 2000), eta Canneseko Zinemaldiko Urrezko Kamera eta Nazioarteko kritikaren FIPRESCI Saria lortu zituen.

Gero eta kontzientzia politiko maila handiagoarekin, Bahman Ghobadi bere zineaz baliatzen hasi zen, Kurdistango kulturari eta gizarteari buruzko arreta pizteko. Horrela, balio unibertsala duten mezuak –gerraren salaketa, borroka armatuek umeen artean dituzten ondorioak, deserrotzea edo betiko balioen ordez kontsumo gizartearen balioak nagusitzea–, Kurdistango tokiko istorio herrikoiekin uztartzen ditu. Bigarren talde horretan aurkitzen dugu Panderoa (Daf, 2003) film laburra, Ghobadik dokumentalean zein fikzioan berdin egin dezakeela lan erakusten duen adibide garbienetakoa.

Hala ere, bere filmek mundu osoko jaialdi garrantzitsuetan aintzatespenak jasotzen dituzten arren –gerrari eta haurtzaroari buruzko Dordokek ere egiten dute hegaz (Lakposhtha ham parvaz mikonand, 2004) tragediak Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen–ia ez dira Irango sare komertzialean banatzen, Irango erregimenak atsegin ez dituen errealitateak erakusten baitituzte, Donostian bigarren Urrezko Maskorra lortu zuen Ilargi Erdia (Niwemang, 2006) lanarekin gertatu zen bezala.

Bere egoerak txarrera egin zuen Inork ez daki ezer katu pertsiarrei buruz (Kasi az gorbehaye irani khabar nadareh, 2009) errodatu zuenean. Mahmud Ahmadineyad berriro aukeratua izan zen urte gorabeheratsu hartan, poliziak Bahman Ghobadi atxilotu zuen Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Canneseko Zinemalditik itzultzean. Sari hark eman zion aukeraz baliatuz, gogor kritikatu zuen Irango gobernua, oposizioko mugimenduen kontra aurrera zeraman errepresioa zela eta. Adierazpen haien ondorioz hainbat egun igaro zituen atxilotuta.

Gertakari horren ondoren, erbestera joatea erabaki zuen, Mohsen Makhmalbaf, Babak Payami edo Jafar Panahi beteranoa bezalako beste hainbat zinegile iraniarrek egin zuten bezala. Estatu Batuak, Alemania eta Turkia artean, Ghobadik hainbat film prestatu ditu, Turkia, Siria, Irak eta Iran artean dagoen lurraldean bizi diren herritar kurduek jasandako errepresio egoerak salatzeko beharrak bultzatuta. Horrela, askatasun handiagoa ematen dion egoeratik, eta zentsuraren ardurarik izan behar gabe, Rhino season (Fasle kargadan, 2012) lana aurkeztu zuen, ia 30 urte kartzelan igaro zituen poeta kurdu baten historia.

ZINEBI 58ren barruan eskainiko diren bere azken lanetan, zinegileak buru belarri ekiten dio berriro aurretik egindako filmetan erakutsi zuen fikzio eta dokumental nahasketari. Horren adibide bikaina da Busango (Hego Korea) eta Sundanceko (EE.BB) zinemaldien aurreko edizioetan aurkeztu zuen A flag without a country (2015) lana. Halaber, Europara heldu nahi duten errefuxiatuen abiapuntuetako bat den lekuan, Turkia eta Siria arteko mugan, Siriaren esku dagoen Kurdistanen, dauden kanpalekuetan, bizi diren zortzi umerekin errodatu den Life on the border (2015) filma ekoiztu du.

Prentsa bulegoa
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.com