ZINEBIK, SIRIAKO GERRA MAITASUNEZKO ETA FAMILIAKO HARREMAN PERTSONALEN IKUSPEGITIK LANTZEN DUEN SEAN McALLISTERREN “A SYRIAN LOVE STORY” FILMA ESKAINIKO DU OSTEGUNEAN ‘HILEKO DOKUMENTALA’ ZIKLOAREN BARRUAN

Saioa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Sean McAllister zinegileak zuzendutako “A Syrian love story” (Erresuma Batua, 2015. 76´) filma eskainiko du OSTEGUN honetan, ekainaren 30ean. Dokumental txalotuaren gidoia ere zuzendariak berak idatzi du. Siriako gerra zibila bikote baten maitasunezko eta familiako harreman pertsonalaren ikuspuntutik lantzen du, oso giro eta inguru gorabeheratsua duen maitasun harreman baten erretratua da.

Ohikoa denez, emanaldia Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, ingeleseko, arabierazko eta frantseseko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpi-tituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

2011n Sirian eztanda egin zuen Udaberri Arabiarrak, gaur egun ere lehen eguneko krudeltasun berberarekin jarraitzen duen gerra zibil konplexua ekarri zuen. Gatazka horrek biztanleria zibilaren exodo handia eragin du, munduko beste herrialde batzuetan babeslekua bilatzeko. “A Syrian love story” lanak harreman pertsonalen ikuspuntutik aztertzen du prozesu hori. Amer eta Raghda, filmaren protagonistak, duela 20 urte baino gehiago ezagutu ziren kartzelan. Biak ere askatasunaren alde borrokatzen ari ziren aktibistak ziren. Maitemindu eta aske geratu zirenean familia osatu zuten.

2009an Raghda berriro atxilotu zuten, arrazoi politikoak zirela eta, eta Amerrek bakarrik zaindu behar izan zituen 4 seme-alabak. Une horretan hasi zen Sean McAllisterren lana. Gau batean, kopa taberna batean, ezagutu zuen Amer, eta familiaren etxera joan eta bertako beste kide bat bilakatu zen.

Ia urtebete igaro ondoren Raghda libre geratu zen, baina une berean Udazken Arabiarrek eztanda egin zuten, eta Bashar al – Ásaden polizia sekretuak eta armadak indartu egin zuen disidenteen kontrako errepresioa. Siria presio eltzea zen, eta Raghdak dilema bat zuen, erreboltekin jarraitzea edo kartzelan hainbeste denbora igaro ondoren bere familia zaintzea.

Historia hori bost urtez jarraitu zuen zuzendariak ere jasan zuen Siriako erregimenaren jazarpena, eta bere lanean gertutasun izugarriz kontatzen ditu gerrak eta erbesteak markatutako protagonisten sentimenduak eta sufrimendu pertsonala. Libanon hasieran eta Frantzian ondoren zorionaren bilaketan amore eman ez duten protagonisten historia.

Sean McAllister ezaguna da bere filmak oso zintzoak eta zuzenak direlako, eta intimitate izugarriz erakusten du gatazka politikoetan eta pertsonaletan harrapatuta bizirik irauteko borrokatzen den jende xumearen bizitza. “The Liberace Of Baghdad” lanak Sundanceko Epaimahaiaren Saria jaso zuen, eta “A Syrian love story” filma Sheffieldeko azken zinemaldiaren garailea izan zen, Epaimahaiaren Sari Nagusia lortuz.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, jarraipena ematen dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.

TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=Y0tf8GsemsE