ZINEBIK OSTEGUN HONETAN BERREKINGO DIO DOKUMENTALAREKIN DUEN HILEKO HITZORDUARI, INDARKERIARIK GABEKO PROTESTA MUGIMENDUEI ETA FORMATUEI BURUZKO “EVERYDAY REBELLION” LANA ESKAINIZ

“Hileko dokumentala” zikloaren barruan eskainiko den Arash eta Arman Riahi irandarren filmak, indarkeria erabili barik, medioetan oihartzun handia lortzen duten sormen handiko metodoak erabiliz, protesta egiten duten mundu osoko aktibisten historiak kontatzen ditu.

Saioa Multicine aretoan (Jose Maria Escuza, 13) izango da, 20:00etan, gaztelaniaz azpi-titulatutako jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

Bilbon, 2015eko urtarrilaren 27an. ‘HILEKO DOKUMENTALA’ zikloaren barruan, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, Aras eta Arman Riahi anaiek zuzendutako “Everyday Rebellion” (Austria, Suitza 2013, 104 min.) filma eskainiko du OSTEGUN honetan, urtarrilaren 29an. Saioa Multicine aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

“Everyday Rebellion” lanak, oso errebindikazio anitzak dituzten arren, protesta formatu berbera, indarkeria eza, duten mundu osoko (Espainia, Iran, Siria, Ukraina, EE.BB., Erresuma Batua eta Serbia) mugimenduak biltzen ditu. Horrela, filmak, errebindikazio baketsuaren aldeko sormen hori dokumentatzen du, eta erakusten du ping pongeko pilotetan askatasun mezuak idaztea, street art-aren bitartez eskubideak aldarrikatzea, umorea erabiltzea, biluzik dagoen bularrean goiburuak idaztea edo aurkariei besarkadak ematea, oso iraultza modu eraginkorra izan daitekeela, gauzak aldatzeko bide gisa.

Horrez gain, mundu osoko txoko guztietan, hainbat plataformatan, aurrera eramandako indarkeriarik gabeko protesta eta desobedientzia zibileko metodoak biltzen dituen cross-media proiektua ere bada. Proiektuak webgune bat du (www.everydayrebellion.net), eta bertan, indarkeriarik gabeko eta sormenean oinarritutako mota guztietako protesta estrategiak eta taktikak partekatzeko bideoak, elkarlanak eta artikuluak biltzen dira. Herrialde guztietako aktibisten historien eta esperientziaren eta ideien bitartez, guztien artean mundua aldatu daitekeela gogorarazten zaio ikus-entzuleari.

Austrian bizi diren Arash eta Arman Riahi zinegile irandarrek zuzendutako dokumentalak sari garrantzitsuak lortu ditu jada: DocsBarcelona (Espainia, 2014); CPH:DOX (Politikens Audience Award) (Danimarka, 2013); IDFA (Herbehereak, 2013); Biennale (Ben Award for best Transmedia) (Alemania, 2013); Movies That Matter (Herbehereak, 2014); Thessaloniki Film Festival (Grezia, 2014); eta Docpoint (Finlandia, 2014).

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.