ZINEBIK EUSKAL FILMEN AUKERAKETA AURKEZTUKO DU BIGARREN URTEZ CINEMATECA URUGUAYAN

Hego Amerikako herrialdeko Cinematecarekin eta Etxepare Institutuarekin lankidetzan egiten den ekimenak, irailaren 5etik 10era eskainiko diren 13 film eramango ditu herrialde hartara.

Proposamenaren barruan, Bilboko Zinemaldiaren azken edizioan hainbat sekziotan parte hartu zuten film laburrak ere jasotzen dira.

Zinegile gazteek egin dituzten lanek, une honetan Euskadin egiten ari den egile zine garaikidea erakusten dute.

 

Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldiak (ZINEBI), Cinemateca Uruguayarekin eta Etxepare Institutuarekin lankidetzan, Euskadin egindako azken film laburren eta luzeen aukeraketa aurkeztuko dute Cinemateca Uruguayan, irailaren 5etik 10era.

Aurten 61. edizioa beteko duen ZINEBIk bigarrenez eramango du aurrera ekimena, Hego Amerikako herrialdeko Cinematecarekin lankidetzan. Oraingo honetan, duela denbora gutxi egindako 13 film eramango ditu, une honetan Euskadin egiten ari den egile zinearen oso panorama irekia eta aldi berean zehatza, osatuz. Film guztiek bi alderdi azpimarragarri dituzte komunean. Alde batetik, zinegile gazteek egin dituzte, emakumeen presentzia azpimarragarriarekin, zuzendaritzan eta talde teknikoetan eta artistikoetan. Beste alde batetik, lan horiek Euskadiko egungo zinearen alderdi libreena, sortzailearena eta forma aldetik ausartena erakusten dute, oso begirada pertsonalen multzoa, mundu osoko zine garaikidean gaiari eta estilistikari dagokionez dituen eraikuntza konplexuen aurrean oso adi dagoena. Filmen ezaugarriak irekiera eta beste diziplina artistiko batzuekin duten elkarrizketa dira, gure garaiko zine abangoardiako film jardunbideen oso izaera hibridoaz jabetuta.

ZINEBIk Cinemateca Uruguayarekin batera egindako aukeraketa sei film luzek eta zazpi film laburrek osatzen dute. Horietako batzuek, iazko azaroan egin zen ZINEBIren 60. edizioaren programazioko zenbait sekziotan hartu zuten parte.

ZINEBIren talde antolatzaileak, etorkizunean ere zine latinoamerikarreko ekoizleekin eta zinegileekin dituen lotura historikoak sendotzen jarraitzeko asmoa erakutsi du, eta baita Euskadin eta Europan haien lanak estreinatzeko eta proiektu berriak aurkezteko plataforma izateko ere, film laburren eta zine dokumentalaren arloan, batez ere. Aurkezpen horretan parte hartu duten filmen ekoizleei eta zuzendariei ere eskerrak eman gura dizkie, euren laguntzarengatik. ZINEBIren arduradunen iritziz, horrelako ekimenek elkarren arteko ezagutzarako bide berriak ireki ditzakete etorkizunean, eta, agian, baita partekatutako zine proiektuen garapenerako ere.

ZINEBIk zine latinoamerikarrarekin duen erlazioa da Bilboko zinemaldi beteranoak bere historian zehar izan duen nortasun zeinuetako bat. Hego Amerikako herrialde askotako zinegileek Bilbo bisitatu dute euren lanak aurkezteko, eta horietako batzuek eszenatokira igo dira, sariak jasotzera, zinemaldiaren urteroko edizio bakoitzaren amaiera ekitaldietan.

EUSKAL ZINEAK CINEMATECA URUGUAYAN IZANGO DUEN 2019KO ERAKUSKETAKO FILMAK

ANCORA LUCCIOLE (Ipurtargiak oraindik)
María Elorza, 2018. 14′

OREINA
Koldo Almandoz, 2018. 85′

ZAIN
Pello Gutiérrez, 2018. 12′

DUALITÉ, CARTOGRAFÍAS TRANSCULTURALES
Itxaso Díaz, 2018. 67′

VARIACIONES DE WINTERREISE
Inés García, 2018. 8′

IZARO
Txuspo Poyo, 2018. 63′

AMOR SIEMPRE
Maider Fernández, 2018. 15′

MUGA DEITZEN DEN PAUSOA
Maider Oleaga, 2018. 79′

IKUSLEAK
Jesús M. Palacios, 2018. 21′

ESTRELLADO
Blanca Oria, 2018. 75′

EN LA LUNA
Hauazkena kolektiboa, 2018. 6′

592 METROZ GOITI
Maddi Barber, 2018. 24′

LURRALDE HOTZAK
Iratxe Fresneda, 108. 66′