IREKI DA BILBOKO UDALAK IRAILEAN, “UNA RÍA CON DUENDE” JAIALDIAREN BARRUAN, ESKAINIKO DITUEN GITARRA, TXALO ETA KONPAS, DANTZA ETA KANTE FLAMENKO TAILER AURRERATUETAN PARTE HARTZEKO IZENA EMATEKO EPEA

Edizio honetan eskaintza maila ertainean eta masterclass-etan zentratuko da, ibilbide luzeko profesionalek eskainitakoak, Marina Perea bailaoreak, Jerónimo Utrilla txalo espezialistak, “Chaparro de Málaga” gitarra jotzaileak edo Cristina López Gómez kantaoreak.

Aurre-inskripzioa abuztuaren 25era arte egin ahal izango da, galdetegia betez kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez, eta lehentasuna izango dute Bilbon bizi diren eta eskatutako jarduerarako behar adinako prestakuntza dutenek.

 

Bilboko Udalak zabaldu du Kultura Sailak antolatutako “Una Ría con Duende” 2019 topaketa flamenkoen beste edizio baten barruan sartzen diren gitarra, txalo eta konpas, kante eta dantza flamenko tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Jardunaldiak irailean izango dira. Aurten, ibilbide azpimarragarria eta luzea duten irakasleen eskutik maila ertainean eta masterclass-ean (maila aurreratua) zentratuko den prestakuntza eskaintza horrez gain, iraileko larunbat guztietan zuzeneko emanaldiak eskainiko dira Ibaiondoko barrutiko zenbait agertokitan.

“Una Ría con Duende” jaialdiak eta bere prestakuntza ikastaroek hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dute hirian. Hori dela eta, zaleak diziplina horietako ezagutzetan sakonduz joan dira. Ondorioz, iaz maila aurreratuko ikastaroak programatu ziren, eta aurten, artista arituek eta ezagutza handikoek emango dituzten lau masterclass-ekin indartuko dira. Ikastaroak Marina Perea bailaoreak, Jerónimo Utrilla txalo espezialistak, “Chaparro de Málaga” gitarra jotzaileak edo Cristina López Gómez kantaoreak emango dituzte.

Tailer horietakoren batean parte hartzeko interesa duten pertsonek abuztuaren 25era arte eman ahal izango dute izena, www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez edo 944010010 telefono zenbakira deituz. Ikastaro bakoitzak hiru egun (6 ordu) iraungo ditu, eta 25 euro balioko du (15 euro langabetuentzat, erretiratuentzat eta ikasleentzat eta 10 euro Diru-sarreren Berme Errentaren jasotzaileentzat). Klaseak, taldeen arabera, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango dira astelehenetik ostiralera, eta goizeko 11:30etik 13:30era larunbatetan, San Frantziskoko udaltegian. Lehentasuna izango dute Bilbon bizi diren eta eskatutako jarduerarako behar adinako prestakuntza dutenek.

Dantza flamenko tailerrei dagokienez, irailaren 12an hasiko dira (maila ertainekoak), Carmela Riquenirekin, eta 25ean dagoeneko dantza ezagutza aurreratuak dituen taldea hasiko da, Marina Perea bailaore eta Dantza Flamenkoaren Koreografian eta Interpretazioan lizentziatuarekin Malagako Dantza Goi Kontserbatoriotik. Madrilen bizi da, eta zenbait tablaotako koadro flamenkoetako kide da. Jarduera horrekin batera, nazioarteko proiekzioa duten konpainiatan ere hartzen du parte, La Lupirenean, Juan de Juanenean, edo Ballet Flamenco Español izenekoan.

Txalo eta konpas ikastaroak irailaren 16an hasiko dira, mailako ertainekoak, flamenkoan espezializatuta dagoen arren jazz-latino eta jazz-flamenko taldeetan ere aritu den Yuyo León musikari profesionalarekin. Irailaren 19an flamenko diziplina horretan ezagutza aurreratuak dituztenen txanda izango da, eta ikuskizun flamenko askotan gitarra jotzaile eta txalo jotzaile gisa aritu den eta une honetan musika irakasle den Jerónimo Utrillaren masterclass-ean eman ahal izango dute izena. Ikuskizun flamenko askotan egin du lan, Estatuan eta Europan, eta baita zenbait peña flamenkotan eta antzokitan Jerezen, Sevillan, San Fernandon, Rondan, Londresen, Lisboan, Trenton, Erroman edo Colonian, eta Belén Mayarekin, Capullo de Jerezekin edo Tomás de Perraterekin aritu da agertokietan.

Horrez gain, gitarra masterclass bat programatu da irailaren 19, 20 eta 21erako. Oraingo honetan, prestakuntzaren arduraduna “Chaparro de Málaga” izango da, bere bizitza ikasketara bideratzen duen gitarra jotzailea, baina ez gitarrara bakarrik, baita kantera ere, gitarra jotzaile prestakuntza maila guztietan zabalduz: bakarlari-kontzertu emaile, eta kantearen eta dantzaren laguntzaile. Diziplina guztiak menderatzen dituenez, flamenkoaren panoramako gitarra jotzaile konpletoenetakoa da. Miguel Poveda edo Duquende figura handiekin izan dituen lankidetzez gain, proiekzio handia du nazioartean, lehen mailako ikastaroetako eta tailerretako irakasle gisa.

Prestakuntza, Cristina López Gómez kantaore katalanak irailaren 26tik aurrera emango duen masterclass-arekin osatuko da. Flamenko Irakaskuntza Artistiko Masterra egin zuen Kataluniako Musika Goi Eskolan (ESMUC), eta une honetan irakasle gisa egiten du lan Eskola horretako Goi Mailako Graduan. Cristina López irakasle gisa aritu da Institut del Teatreko (Bartzelona) flamenko eta dantza espainiar ikasketetan, eta hainbat musika egitasmotan hartzen du parte kantaore, konposatzaile eta musika zuzendari gisa, “Entre Orillas” (flamenkoa eta musika kubatarra) eta “LaboratoriA” (flamenko esperimentala) lanetan, besteak beste. Nazio eta nazioarte mailako flamenko tradizionaleko konpainiekin egiten du lan, eta baita tablao ezagunetan ere, Tarantos, Palacio del Flamenco, Casa Camarón (Bartzelona), El Quinqué (Malaga) edo la Cava del Ars (Menorka).

ORDUTEGIEN ERANSKINA

Dantza (maila ertaina): Carmela Riqueni
Irailak 12 eta 13: 19:00 – 21:00
Irailak 14: 11:30 – 13:30

Dantza (masterclass): Marina Perea
Irailak 25, 26 eta 27: 19:00 – 21:00

Txaloak-konpasa (maila ertaina): “El Yuyu”.
Irailak 16, 17 eta 18: 19:00 – 21:00

Txaloak-konpasa (masterclass): Jerónimo Utrilla
Irailak 19 eta 20: 19:00 – 21:00
Irailak 21: 11:30 – 13:30

Gitarra (masterclass): “Chaparro de Málaga”
Irailak 19 eta 20: 19:00 – 21:00
Irailak 21: 11:30 – 13:30

Kantea (masterclass): Cristina López Gómez
Irailak 26 eta 27: 19:00 – 21:00
Irailak 28: 11:30 – 13:30