ZINEBIK AZAROAREN 13AN INAUGURATUKO DU BERE 57. EDIZIOA, LEHIAKETARA AURKEZTUTAKO EUSKAL FILM LABURREN EMANALDIEKIN ETA JUAN RUIZ ANCHÍA ARGAZKI ZUZENDARIARI ETA HIL ONDOREN AITOR MAZO ANTZEZLEARI EMANGO ZAIZKIEN OHOREZKO MIKELDIEN BANAKETAREKIN

Horrez gain, zinemaldiko hirugarren Ohorezko Mikeldia jasoko duen eta azaroaren 19an Guggenheim Museoko auditorioan “Le Havre” (2011) filma aurkezteko ikus-entzuleekin topaketa izango duen Aki Kaurismäki zuzendari finlandiar ezagunak ere bisitatuko du Bilbo.

30 herrialdetako 65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean Estatuko 16 lan daude, eta horietatik 7 euskal zinegileek egindakoak dira.

ZINEBI 57 azaroaren 16an hasiko da Campos antzokian, Luis Maríasek, Javier Rebollok, Sra. Polaroiskak, Enrique Urbizuk, Mikel Ruedak, Pedro Oleak eta Imanol Uribek errodatutako zazpi film laburrez osatuko den ekoizpen propioko “Bilbao- Bizkaia. Exterior – Día” film luzearekin.

Euskadiko ikus-entzunezkoen alorrean garrantzia hartzen ari diren zinegileen lana aztertzera eta sustatzera bideratutako #Zinergentziak 15 zikloaren barruan, ZINEBI 57k, zinemaldiak berak ekoiztutako “Distantziak” (Distancias) talde-filma estreinatuko du.

Lehiaketatik kanpoko “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama” sekzioak, Sergei Loznitsa, Rosa von Praunheim, Philippe Grandieux edo duela denbora gutxi hil den Chantal Akerman bezalako dokumental egile handien hamabi ekoizpen lan ikusteko aukera eskainiko digu.

“Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioan, ZINEBI 57k azken denboretan, oso gai anitzei buruz, egindako bederatzi euskal ekoizpen lani eskainiko die arreta –guztiak ere dokumentalak–, Sabino Aranari edo Andrés Isasi musikariari, emakume pilotariei edo euskaraz hitz egiten duten atzerritarrei eskainitakoak, besteak beste.

Zinemaldiak, gatazka politiko odoltsuetan dokumentalak betetzen duen lekua aztertzera bideratutako ziklo bat, eta Leslie Thornton zinegile esperimental ipar-amerikarraren lan bitxia aztertuko duen beste bat programatu ditu.

ZINEBI 57k, Jörgen Leth zinegile daniar ezagunak eta Olatz González Abrisketa antropologoak euskal pilotaren munduari buruz zuzendu duten “Pelota II” dokumentalaren estreinaldia jasoko du azaroaren 14an. Horrez gain, zinemaldiak, Jefatura de Propaganda de Vizcaya izenekoak Gerra Zibila amaitu eta denbora gutxira egindako “Bilbao en el segundo aniversario de su liberación” dokumentala berreskuratu du Euskal Filmotekarekin elkarlanean.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 13an –arratsaldeko 20:00etan– zabalduko ditu bere 57. edizioaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, omenaldi bikoitzarekin. Alde batetik, Ohorezko Mikeldia emango dio Juan Ruiz Anchía zine argazkilari bilbotarrari, bere zine ibilbide luzean nazioartean lortu duen dimentsio garrantzitsua dela eta, eta, bestetik, Ohorezko bigarren Mikeldia, hil ondorengoa, emango zaio duela denbora gutxi desagertu den Aitor Mazo antzezleari.

Zinemaldiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio ekitaldia, Sekzio Ofizialean lehiaketan aurkeztutako euskal film laburren proiekzioarekin osatuko da. Beste urte batez, ZINEBI 57ren proiekzioen egoitza nagusia Golem zine-aretoak–Azkuna Zentroa izango da, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta Kale nagusiko BBK Aretoan, beste batzuen artean.

Edizio honetako Ohorezko azken Mikeldia Aki Kaurismäki zinegile finlandiar handiari emango zaio, bere filmografia osoan erakusten jakin izan duen oso estilo pertsonala aintzatetsiz, bere irudietako bakoitzari ematen dion esanahi etiko eta estetiko sakonarengatik eta giza izaeraren bere behaketa sarkorrak erakutsi duen izaera lokal eta unibertsalarengatik. Kaurismäkik azaroaren 20an jasoko du bere saria, zinemaldiaren amaiera ekitaldian.

65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (34), dokumentala (14) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 18 daude, eta horietako 7 euskal zinegileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira. Hauek dira:

“Dena ez dabil ondo”, Ander Parody (fikzioa).
“Artificial” David P. Sañudo (fikzioa).
“Lost Village”, George Todria (fikzioa).
“The Devil on Your Back”, Haritz Zubillaga (fikzioa).
“Luz a la deriva”, Iñigo Salaberria (dokumentala)
“I Said I Would Never Talk About Politics”, Aitor Oñederra (animazioa).
“Amore d’inverno”, Isabel Herguera (animazioa).

AZAROAREN 19an jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan.

Horrez gain, jaialdiak sari ez ofizial hauek ere izango ditu: SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko bi gidoi hoberenei emango dieten Saria, 1.500 eurorekin; eta Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), hori ere 1.500 eurorekin. Aurten gainera, berrikuntza gisa, zinemaldiak 500 euroko saria izango duen ZINEBI-New Talents banatuko dio, 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan ekoiztutako film labur hoberenaren egileari.

Sekzio Ofizialeko Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: José María Lara zine ekoizlea, Florence Miailhe animazio zinegile frantziarra, María José Santacreu Uruguaiko Zinematekaren zuzendari eta kultur kazetaria, Kepa Sojo zinegile eta gidoilari arabarra eta Susana de Sousa Dias zinegile portugesa.

Sekzio Ofizialeko film laburrez gain, ZINEBIk, lehiaketakoak ez diren zenbait erakusketa programatu ditu, InfoEuskadi, InfoSpain eta InfoWorld. Horiek ere Bilboko Golem Alondegiko zine aretoetan emango dira, eta horretarako Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko 54 film aukeratu dira.

MEMORIA HISTORIKOA
Sekzio paraleloen barruan “Hitza eman, keinua hartu. Trauma. Topaketa, memoria eta gainditze egintza dokumental garaikidean” zikloa azpimarratu behar da. Bost saiok osatutako ziklo horretan Josetxo Cerdán kritikari, idazle eta irakasle gazteak zineari orokorrean –eta batez ere dokumentalari– buruzko gogoeta interesgarria aurkeztuko du, bitartekaritzarako, bestea kontuan izateko, memoria historikoa finkatzeko, adiskidetzeko eta trauma gainditzeko tresna gisa, Euskal Herrian bezala, asko iraun duten politika eta gizarte mailako indarkeriazko gatazkak gertatu diren lekuetan.

Ziklo horrek bost film luze dokumental eskainiko ditu: Duch, le maître des forges de l’enfer (Rithy Pahn. Kanputxea, 2011), Jemer Gorrien diktadura garaian Phnom Penh-eko S21 tortura guneko idazkari izan zen eta Duch ezizenez ezagutzen zen Kaing Guek Eav-en testigantza ikaragarria; 48 (Susana de Sousa Días. Portugal, 2009), Portugalgo diktadura militarraren garaian (1926-1974) preso politikoak atxilotzen ari ziren bitartean hartutako argazkien bitartez, diktadura hori 48 urtez zutik iraunaraztea lortu zuten mekanismo politikoak, ideologikoak, errepresiozkoak eta baita psikologikoak ere, erakutsi nahi dituen lana; Los pies que faltan (Javier Codesal. Espainia, 2010) lanak Kolonbiara garamatza, minak eztanda egitearen ondorioz kalteak jasan dituzten pertsonak –umeak batez ere– entzuteko; Storm Över Anderna (Storm in the Andes) (Mikael Wiström. Suedia, 2015) lanak, neska gazte batek, Sendero Luminoso taldearen sortzaile izan zen bere amamari dagokionez familia barruan egia aurkitzeko aurrera daraman prozesua kontatzen du; amaitzeko, Invasión (Abner Benaim. Panama-Argentina, 2014) lanak, 1989an Estatu Batuetako armadak Panama inbaditu zuen garaia gogoratzen du.

Zinemaldiak lehiaketatik kanpoko beste ziklo bat eskainiko dio Leslie Thorton zinegile esperimental ipar-amerikarrari. Bilbora etorriko da, bere lana gure herrialdean lehen aldiz aurkezteko. Gainera, Histeria Kolektiboa taldearekin lankidetzan, zinemaldiak, Alicia Cano, Marcia Paradiso edo Petra Costa bezalako Hego Ameriketako zenbait emakume dokumental egilek egiten duten lana erakutsiko du. Zinemaldiak, saio berezia eskainiko dio, baita ere, ikus-entzule gehienek gutxi ezagutzen duten baina izen handia duen Sarah Vanagt zinegile belgikarrari. Bere lanetako batzuk aurkeztuko ditu.

Bigarren urtez jarraian, sekzio paraleloen barruan “#Zinergentziak 15, Premiak eta larrialdiak euskal ikus-entzunezko garaikidean” izenekoa azpimarratu behar da. Vanesa Fernández buru den UPV-EHU-ko irakasle talde baten laguntza duen ziklo hau, premia eta larrialdi kontzeptuetan oinarrituz, euskal ikus-entzunezko garaikidean ari diren zinegile gazteenen lanen azterketa proposatzen duten lau programak osatzen dute. Lan horien guztien helburua zinea egiteko, ikusteko eta zineari buruz berba egiteko moduen aurka agertzea eta goitik behera aldatzea da.

Zinemaldiak erabateko estreinaldi bi jasotzen ditu: Iñaki Billelabeitiak zuzendutako eta Belako musika taldeak ZINEBIrako egindako “Zelako” film-performancea; horrez gain, zinea egiteko euren moduak batera jartzen dituzten lau zinegile gaztek egindako eta zinemaldiak ekoiztutako “Distantziak (Distancias)” talde-filma. Lau zinegile gazteen zinea egiteko erak gero eta subjektibizazio handiagoa eta egungo dokumental jardunbideetan lehen pertsonaren gero eta presentzia handiagoa erakusten du.

ZINE ESTREINALDIAK
Oraingo honetan ere, zinemaldiko proposamen interesgarrienetako batzuk lehiaketatik kanpo egongo dira, zenbait proiekzio berezirekin, horien artean erabateko bi estreinaldi. Izan ere, ZINEBI 57k, “Bilbao – Bizkaia. Exterior – Día” film luzea estreinatuko du, Luis Marías, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Pedro Olea, Imanol Uribe eta Sra. Polaroiska zinegileek Bilbon errodatu dituzten zazpi film laburrek osatutako talde-filma.

Batez ere euskal talde teknikoekin eta antzezleekin gauzatutako proiektua da, ZINEBIk berak eta Zinebik eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao – Bizkaia Film Comission izenekoak bultzatutakoa, helburu bikoitzarekin, alde batetik film laburrari –gure hirian denbora gehien daraman zinemaldiaren nortasun zeinua– balioa ematea eta, aldi berean, hiriarentzat erakusleiho izatea, bertako gune publikoak batez ere, erakusleiho izateko leku egoki gisa erakusteko xedez, mota guztietako ikus-entzunezko produktuak errodatzeko. Horrez gain, filmak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta ETB-ren laguntza ere badu. Lana Campos Antzokian aurkeztuko da azaroaren 16an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eta zinegile guztiak bertan egongo dira.

Bigarren estreinaldiaren protagonista euskal pilota izango da. Oraingo honetan ZINEBI 57k Jörgen Leth zinegile daniar ezagunaren “Pelota II” dokumentala aurkeztuko du, erabat Euskal Herrian errodatutakoa “Pelota” (1983) lanaren ondorengoa. Lehenengo partea errodatu zenean Zinemaldiaren Sari Nagusia jaso zuen. Oraingo honetan Jörgen Lethek eta Olatz González Abrisketa euskal antropologoak zuzendu duten “Pelota II” lanak euskal pilotaren ikuspegi berria proposatzen du, biek duten lehentasun argiak gidatuta: antropologoaren tesia zinegilearen zine unibertsoaren esku jartzea, Lethen zineak xehetasun etnografikoaren erradikaltasuna lor dezan. Dokumentalaren estreinaldia azaroaren 14an izango da, Guggenheim Museoaren auditorioan, arratsaldeko 19:30etan.

Proiekzio berezi horien artean azpimarratzekoa da, baita ere, Euskal Filmotekarekin elkarlanean, “Bilbao en el segundo aniversario de su liberación” filma berreskuratu izana. Lan hori ezagunagoa da “Franco en Bilbao” izenez, eta zinemaldiaren amaiera ekitaldian proiektatuko da. Jefatura de Propaganda de Vizcaya izenekoak ekoiztu zuen, Gerra Zibila amaitu eta denbora gutxira, Departamento Nacional de Cinematografía izenekoaren laguntzarekin. Uste denez, filmaren argazkiaren arduraduna ere baden Miguel Mezquírizek (1904-1998) zuzendu zuen.

“Bilbao en el segundo aniversario de su liberación” filma erabat propagandakoa da, eta bertan azpimarratzekoa da Francok Bizkaiko Labe Garaietara egin zuen bisita. Baina interesgarria da garai hartako Bilboren irudi asko dituelako eta gerra amaitu osteko frankismoaren sinboloak eta hizkuntza politikoaren topikoak ezagutzeko oso iturri baliotsua delako.

BEAUTIFUL DOCS
Programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako hamabi film aukeratu ditu “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko ziklorako. Bederatzi herrialdetatik etorritako lanak dira, oso gai eta lengoaia anitzak erabiltzen dituztenak, eta kasu batzuetan, genero horretako nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan sariak irabazitakoak.

Mundu mailako panorama horrek forma aldetik anitzak diren ikuspegien bitartez lantzen ditu zenbait gai; 1991ko abuztuan Errusian izandako estatu kolpearen kronika sutsutik hasi eta gaur egun neurologo portugaldar ezagun batek burmuinari buruz egiten dituen ikerketetaraino; hizkuntzari eta paisaiari buruz ere hitz egingo da, gazte etorkin batzuen nortasun berriaren elementu gisa, eta baita munduko karate txapeldun ohi bati eta bere iragan gorabeheratsuari buruz edo iraupen luzeko marinelen eta euren maitasun harremanei buruz ere.

Zenbait izenburu azpimarratu behar dira: Sergei Loznitsaren “Sobytie” (The Event), (Herbehereak-Belgika. 2015. 74 min.), Philippe Grandrieuxen “Meurtrière”, (Frantzia, 2015. 59 min.), Rosa von Praunheim alemanaren “Härte” (Tough Love), (Alemania, 2015. 89 min.), edo Locarnoko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria lortu zuen Mauro Herceren “Dead Slow Ahead”, (Espainia-Frantzia, 2015. 74 min.). Duela denbora gutxi hil den Chantal Akermanen “No home movie” azken lana ere eskainiko da.

Beste alde batetik, aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 57k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Oraingo honetan bederatzi lan aurkeztuko dira, guztiak ere dokumentalak. Landuko diren gaien artean, Borja Ramosek Andrés Isasi musikariaren bizitza aztertuko du, musikaria jaio zeneko 125. urteurrena betetzen den honetan; Joseba Gorordok Sabino Aranaren bizitzaren alderdi esanguratsuenetako batzuk aztertuko ditu; Marcos García eta Mikel Insausti zine kritikari beteranoa diskoen eta zuzeneko musikaren munduan sartuko dira. Musikari buruzkoak dira, baita ere, Kikol Grauk eta Jorge Turek Cicatriz en la Matriz eta Eskorbuto talde mitikoei buruz ekoiztu dituzten lanak. Beste proposamen batzuk euskararen hedapenari, emakume pilotariei, Gipuzkoako Gerra Zibilaren memoriari, edo Iparraldean agertu den film zahar bati buruzkoak dira.

IRUDIMENA ETA AURREKONTU URRIA
Laugarren urtez jarraian, Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE-APV) prestakuntza jardunaldiak antolatuko ditu zinemaldiaren barruan, networking formatuan, sektoreko ikasleei eta profesionalei zuzenduta. Horrela, azaroaren 16an Working Zinema bat egingo da Campos Antzokiko Kupula aretoan. Bertan, euren ikus-entzunezko proiektuak ohiko ekoizpen moduetatik erabat bestelakoak diren moduak erabiliz, irudimen askorekin eta aurrekontu urriekin, egin dituzten zinegile gazteen lau film luze aurkeztuko dira. Film hauek dira: Jorge Barriok zuzendutako “La tercera ley de Newton”; Haritz Zubillagak zuzendutako “El ataúd de cristal”; Iratxe Mediavillaren “Argi”; eta Roberto San Sebastiánek zuzendutako “La noche del virgen”.

Beste alde batetik, ZINEBI 57k lekua utziko dio bere programazioan, berriro ere, Euskadiko ikus-entzunezko produkzio alorreko ikasleei, zinegile gazteei, enpresei eta adituei zuzendutako prestakuntzako ZINEBILAB mintegi-tailerrari. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder Fakultatean egingo da, hiru egunez (azaroaren 9an, 10ean eta 11n), eta bertan hitzaldiak, mahai inguruak eta zenbait jarduketa praktiko jasoko dira, aurten dokumental interaktiboen edo webdoc izenekoen inguruan.

Aurten ere, ZINEBIk goizeko saioak eskainiko ditu Golem-Alhondiga zine aretoen auditorioan, ZINESKOLA sekzioaren barruan. Bilboko ikastetxeetako umeek, eurei zuzendutako nazio eta nazioarte mailako azken lanez gozatzeko aukera izango dute. Film hauek eskainiko dira: Animaziozko “Minúsculos”, “Stand by me Doraemon” eta “Friends: abentura munstroen uhartean”, eta “Gazte harrigarria” fikziozko filma.

Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com