ZINEBIK, ADISKIDETASUNARI, MAITASUNARI ETA DESIO SEXUALARI BURUZKO THE SPECIAL NEED, ROAD MOVIE ITALIAR ALAI ETA KONPLEXURIK GABEA, AURKEZTUKO DU OSTEGUN HONETAN, “HILEKO DOKUMENTALA” ZIKLOAREN BARRUAN

Carlo Zoratti dokumentalaren zuzendariak eta protagonistetako batek, oso helburu berezia duen hiru adiskideren bidaia proposatzen die ikus-entzuleei: autista den hiruetako bati birjintasuna galtzen laguntzea.

Saioa Multicine aretoan izango da (Jose María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniaz azpi-titulatutako italierazko eta alemanierazko jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Carlo Zorattik zuzendutako The Special Need (Alemania, Italia, 2013, 84 min.) filma aurkeztuko du ostegun honetan. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

The Special Need lanak, furgoneta batean Europan zehar bidaia egin behar duten hiru adiskide aurkezten ditu, horietako batek, 29 urte dituen eta autista den Eneak, maitasun fisikoa aurkitu dezan. Alexek eta Carlok, azken hori dokumentalaren zuzendaria ere bada, Eneak maitatua sentitzeko eta harreman sexualak izateko eskubidea duela erabakiko dute. Hori dela eta, hiru adiskideek, hasieran uste zutena baino sakonagoa izango den errepideko bidaia hasiko dute.

Filmak, mundu guztiak batzuetan bere buruari galdetu dizkion baina inoiz besteen aurrean esatera ausartu ez den gaiak jartzen ditu mahai ganean. Horrela, adibidez, filmaren une batean, zergatik nahi duen neskalaguna izan galdetuko dio Eneari psikologoak, eta Eneak, muxuak emateko nahi duela erantzungo dio. Horrela, argi eta garbi uzten du beste edozein pertsonak dituen maitasun behar berberak dituela, eta gizakiak harreman intimoak izateko joera naturala duela.

Carlo Zorattiren dokumentalak harritu egingo gaitu, bere zintzotasunarengatik eta planteamendu berritzailearengatik. Ohiko maila gainditzen duen argazki zuzendaritza proposamena, eta ikus-entzulea, protagonisten dimentsio sakonagora sartzen duen narrazioa. Adiskidetasunari, maitasunari eta desio sexualari buruzko film indartsua eta zirraragarria. Neoerrealismoaren izpiritua jaso eta dokumentalismoan sartzen duen Road movie italiar dibertigarria, konplexurik gabea eta freskoa.

Italierazko eta alemanierazko jatorrizko bertsioan eta gaztelaniaz azpi-idatzita eskainiko den dokumentalak sari garrantzitsuak jaso ditu jada: DocsBarcelona (Espainia, 2014); Trieste Film Festival –Dokumental Hoberenaren Saria (Italia, 2014); Locarnoko Film Jaialdia (Suitza, 2013); Dok Leipzig – Premi Golden Dove (Alemania, 2013); CPH:DOX (Danimarka, 2013); eta IDFA (Herbehereak, 2013).

Carlo Zoratti zuzendaria diseinuan graduatu zen Torinoko Unibertsitatean. Benetton etxeko ikerketa zentrora joan zen, eta bertan bi urtez aritu zen, zine independenteko zuzendari eta egile egin aurretik. Hainbat bideo musikal, film labur eta Jovanotti abeslari italiarraren zuzeneko show-a zuzendu zituen, eta Pronti Al Peggio web-telebista italiarra sortu zuen. Fikzioan eta dokumentalean aritu da.

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.