“Territorios y Fronteras 2018: We Mean” bihartik ostiralera arte egingo da BilbaoArten, eta hamahiru dokumental egile eta sektoreko profesional garrantzitsuren partaidetza izango du.
BilbaoArtek – Bilboko Udalaren Arte Ekoizpeneko Zentroak “Territorios y Fronteras. We Mean. Nosotras y el cine documental contemporáneo” izeneko udako ikastaroa jasoko du bihartik aurrera, UPV/EHUren eskaintzaren barruan. Aurten ere, ekimen horrek Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – ZINEBIren lankidetza izango du. Ikastaroa hiru egunez luzatuko da, eta zinearen alorrean aintzatespen handia duten hamahiru emakumeren partaidetza izango du.
Ikastaroaren bederatzigarren edizioak zine garaikideari buruzko topaketa eta gogoeta puntu izan nahi du. Horretarako, hasieratik planteatutako galdera berberetan sakontzen jarraitzea proposatzen da, edizio honetan, emakumeek zine dokumentalean betetzen duten lekua oinarritzat hartuz. Horrela, “Territorios y Fronteras” ekimenaren helburu nagusia zine dokumental garaikidearen kartografia osatzen jarraitzea da, muga zehatzik ez duen zinearena, hain zuzen ere.
Hiru egunez, mintegia, gogoetarako, eztabaidarako, esperientzien eta ezagutzen trukaketarako eta film dokumentalak ikusteko gunea bilakatuko da. Edizio honetan, zinean ibilbide garrantzitsua duten hamahiru emakume bildu dira. Hauek dira: aurten Berlinalean aurkeztu duen “Trinta Lumes” bere azken filmari buruz berba egingo duen Diana Toucedo; zuzendari aintzatetsia izateaz gain, UABko Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterreko koordinatzailea ere baden Virginia García del Pino; “Casa de nadie” film luzea aurkeztuko duen Ingrid Guardiola; Dostopos kolektiboa –Ana Pfaf eta Ariadna Ribas–; eta beste batzuen artean Agustí Villarongaren, Fernando Francoren edo Elías León Siminianiren filmetan ohiko gidoilaria den Coral Cruz.
Gonbidatu taldea soslai teknikoa duten beste batzuek osatzen dute: José Luis Guerínekin, Isaki Lacuestarekin, Mercedes Álvarezekin, Ricardo Íscarrekin edo Carla Subiranarekin lankidetzan aritzen den Amanda Villavieja soinu teknikaria; Margarita Ledo idazle, zinegile eta Konpostelako Donejakueko Unibertsitateko katedraduna; Beli Martínez, Galiziako zinearen olatu berriko ekoizlea, “Arraianos”, “Vikingland” edo “Jetlag” lanekin; Mostra Film de Doneseko zuzendarietako bat den Anna Solà; eta UPV/EHUko Estíbaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorria irakasleak.
Hiru jardunaldiei amaiera emateko, ostiral arratsaldean “¿Y ahora qué?” izenburua izango duen mahai ingurua egingo da, Virginia García del Pinok eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak moderatutakoa. Bertan, emakumeek zinean betetzen duten benetako lekuari eta etorkizunerako laneko bide posibleei buruzko gogoeta egingo da.