Bilboko Udalak antolatzen duen eta abangoardiako hiriko arte adierazpen motekin lotuta dagoen ekimena, San Frantzisko eta Bilbo Zaharra birgaitzeko elementu bultzatzaile gisa Kulturaren aldeko apustua egiten duen Plan Bereziaren barruan dago.
Berreginen Museoaren eta Institutu Frantsesaren laguntza berezia duen programak Karim Kharbaouiren “Hamasat” performancearen erabateko estreinaldia jasoko du. BilbaoArtek Ainara LeGardonen performance kontzertua jasoko du ekainaren 15ean.
Bilbo Zaharra ingurua abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko da berriro ere, inguru horren garapenerako eta goitik beherako berriztapenerako elementu dinamizatzaile gisa kulturaren aldeko apustua egiten duen eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak, inguruko zenbait kultur eragilerekin batera, antolatzen duen “BLV-ART” programaren beste edizio batean.
Programazioa asteazken honetan, ekainaren 6an, abiatuko da, Anaïs Boudot artistaren “L´Empyrée” erakusketaren inaugurazioarekin, Arkitektura SF 38n. Erakusketa ekainaren 15era arte bisitatu ahal izango da, eta Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetza du. Une honetan, BilbaoArteren beka duen artista egoiliarra den Boudotek eskulturaren eta meta-argazkiaren arteko seriea aurkeztuko du, bere argazki irteeretan bildu eta sentsibilizazio zianotipiko prozesu kimikoa jaso duten harrietan oinarrituta. Estatu mailako estreinaldia da, Parisen dagoen erakusketa handiagoaren partea, eta Bilbora ekarri gura izan du, BilbaoArten egin duen egonaldiaz baliatuta.
Hurrengo egunean inauguratuko da modu ofizialean programa Berreginen Museoan, eguerdiko 12:30ean, “Desovillar” performancea aurkeztuko duten Ana Matey eta Isabel León artista eta sortzaileen zuzeneko ekitaldiarekin. 20 minutuko iraupena duen pieza, komunikazioari eta konpartitutako sorkuntza prozesuei buruz ikertzen duen EXCHANGE Live Art proiektuko artista sortzaileek, komunikazio-sorkuntza prozesu horretan duten esperientzia islatzen duten performance ekintza da. Bertan zenbait alderdi ageri dira, konexioa, nahastea, zailtasuna edo batasuna, besteak beste.
Ondoren, BilbaoArten, 13:30ean, Lunchbox erakusketa hasiko da, performancerako jatorrizko partituren nazioarteko erakusketa. Lunchbox-ek, modu batean edo bestean, BLV-ARTen erabateko estreinaldia izango duen lan horretan inplikatuta dauden ia berrogeita hamar artistaren lanak biltzen ditu.
Ekainaren 16ra arte programatutako hogei jarduera ingururen artean, aurten ere leku berezia beteko dute antzerki garaikidea, arreta berezia eskainiz performanceari, eta dramaturgia berri izenez ezagutzen direnek, musikarekin, poesiarekin edo sorkuntza artistikoarekin erlazionatutako abangoardiako beste proposamen batzuekin batera. Hori guztia, dagoeneko ohikoak diren espazioetan, Bilborocken, San Frantziskoko Udaltegian, BilbaoArten edo Berreginen Museoan, izango dugu, baina baita auzoa dinamizatzen duten gune pribatuetan ere, B-Cool Terrazan edo Xake Espazioan, besteak beste.
Antzerki garaikidearekin lotuago dagoen egitarauaren barruan, ekainaren 7an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilborocken aurkeztuko den Parasite Kolektiboaren “Jokoa” lana izango dugu. Gasteizko Nazioarteko Jaialdiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin Baratza Aretoko egoitzan sortu den “Jokoa” konpainiaren laugarren sorkuntza lana da eta, oraingo honetan, dantza eta beste diziplina batzuk uztartzen ditu eta ikus-entzuleek antzerkira hurbiltzen direnean dakartzaten aurreikuspenak zalantzan jartzea bilatzen du. Saioak sarrera librea izango du, baina beharrezkoa izango da txarteldegian gonbidapena hartzea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
Performancearen inguruko eremu esperimentalagoan, BLV-ARTeko programazioak Isabel León, May Serrano, Pascale Ciapp artisten edo Bastardas kolektiboaren partaidetza izango du. Azken horiek, performance ibilbidea eskainiko dute, ekainaren 10ean, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Bilbo Zaharreko hainbat lekutik. Histeria Kolektiboaren barruan sortutako Performance talde horren ekintzek Gorteak, Bailen eta Lamana kaleak zeharkatuko dituzte. Nortasun sexuala, prostituzioa, hiesa, sorkuntza artistikoa eta militantzia politikoa ekintza arte bilakatuko ditu Las Bastardas kolektiboak.
Beste alde batetik, Berreginen Museoak dantzarekin lotutako beste bi proposamen jasoko ditu; “Zona (no) confort”, Krego-Martín Danzarekin, ekainaren 9an, arratsaldeko 19:30ean, eta, hurrengo egunean, 11:30etik aurrera, Lindy Band Collectiverekin antolatu den Swing Partya. Ikuskizun bikaina aurkezteaz gain, partaidetzan oinarritutako oinarrizko klase irekia eskainiko diete ikus-entzuleei, estilo hori ezagutarazteko.
Jatorrizko beste proposamen bat Mama Crearen eskutik etorriko da, programazioari amaiera emateko, ekainaren 16an, B-Cool terrazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera, eta 4 pertsonara mugatutako taldeentzat, 15 minutuz behingo emanaldiekin. Mama Creak, esperientzia eszeniko paregabea bizitzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak, soinuz, usainez eta ehunduraz betea, sentimen lengoaiaren bitartez poesiara hurbiltzeko. 10 minutuko iraupena izango duen esperientzia, proiekturako diseinatutako postre baten dastatzearekin lotuta joango da. Erabateko estreinaldia izango da, eta leku kopuru mugatua kontuan izanda, mahaia erreserbatzeko beharrezkoa izango da aurretik mezu elektroniko bat bidaltzea [email protected] helbidera.
Horrez gain, BLV-ARTek musikarako lekua ere gorde du, datorren ekainaren 8an,19:30etik aurrera Xake Espazioan Trakamatrakak birziklatutako musika-tresnekin eskainiko duen kontzertuarekin eta Ainara LeGardonen emanaldiarekin, 15ean, 19:45etik aurrera, BilbaoArten.
Ainara LeGardon Performer, gitarra jole, abeslari eta konposatzaileak 25 urte baino gehiago daramatza musika eginez. Bakarka egin dituen sei diskoek espezializatutako prentsaren harrera beroa jaso dute, eta erreferente gisa hartzen dira estatuko eszena independentean. BilbaoArten eskainiko duen soinu performancea, ohikoa denez, elkarrekintzan ari da esku-hartzen duen espazioekin, haien historiarekin eta hots baldintzekin. Saioak sarrera librea izango du, leku guztiak bete arte, eta beharrezkoa izango da lekuan bertan gonbidapena jasotzea, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
BISITA GIDATUAK
Aurreko edizioan bezala, BLV-ART jarduera nagusien artean azpimarragarriak dira, baita ere, inguru horren aldeko apustua egin duten sortzaileen ekimenari esker sortu diren galeria berrietara eta hiriko artearekin erlazionatutako guneetara egingo diren doako bisita gidatuak. Arty Walks, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitatuko dituzte. Bisitak ekainaren 8an eta 9an izango dira, 18:00etan, eta bi ordu inguruko iraupena izango dute. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da ekainaren 6 baino lehen izena ematea www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez.
Aurten ekimen gehiago sartu dira bisiten programan, inguruan erreferentziazkoak diren artistekin eta lekuekin, besteak beste, serigrafiaren teknika erabiliz azulejuen eta lauzen apainketan 30 urte baino gehiagoko esperientzia duen Jota Cerámica Creativa artisautza tailerra edo diseinuan, horma-irudien pinturan, erakusleihoen apainketan, galerietako artean eta hiriko artean, besteak beste, lan egiten duen Hibernando estudioa. Horrez gain, aurreko edizioetatik ezagunak eta inguruan erreferentziazkoak diren beste espazio batzuk ere bisitatuko dira, Andoni Eubaren tailerra, La Pepita / Eskina Femenina edo Sarean, adibidez.
Beste alde batetik, ekainaren 15ean eta 16an, –18:00etan eta 12:00etan, hurrenez hurren–, Berreginen Museoarekin lankidetzan, bisita gidatuak antolatuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Mariaren Bihotzaren plazako aztarnategira, hiri barruko Euskadiko aztarnategi interesgarrienetakora, San Frantziskoko Komentu zaharreko eta Príncipe Don Alfonso Kuarteleko aztarna arkeologikoak dituena. Bisitak 60 minutu inguru iraungo ditu. Aztarnategi honetarako bisitan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik 944150231 telefono zenbakian izena ematea.
Programatutako jardueren artean, Bilborockek May Serrano artistak zuzendutako ekintza kolektiboa jasoko du ostiral honetan, ekainaren 8an, 20:00etatik aurrera. Bertan, emakumeek, bai, nahi dut, esango diote euren buruari, eurenganako konpromiso eta maitasun seinale gisa. Beste alde batetik, San Frantziskoko Udaltegiak, Ana Mateyk eta Isabel Leónek, Exchange Live Art-eko sortzaileek zuzenduta, konpartitutako ekintza arte eta sorkuntza prozesuei buruzko tailerra jasoko du, BLV-ART barruan (ekainaren 6, 8 eta 9an).
BLV-ART-en helburua Bilboko gune horren kultur espezializazioa da, bertan bizi direnen beharrei erantzuteko baina, batez ere, auzo horiek herritar guztientzat erakargarri izan daitezen, abangoardiako kultur polo bilakatuz, bertan musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza era berriak sortzen ari direlako. Horrela, programak balioa eman nahi dio auzoari, eta hiriaren gainerako lekuekin duen komunikazioa sustatu, inguru horretan sortu diren eta bertako kaleak biziberritzen lagunduko duten kultur proposamenak ezagutaraziko dituzten zenbait jarduera eskainiz.
ERANSKINA: AGENDA
EKAINAK 6
10:00-13:00 SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA
PERFORMANCE TAILERRA
EXCHANGE Live Art sorkuntza lana, Isabel Leónekin eta Ana Mateyrekin
Izen emateak: kulturabarrutik.eus
Prezioa: 5€
19:00 – ARKITEKTURA SF 38
INAUGURAZIOA: L’EMPYRÉE ERAKUSKETA
Anaïs Boudot (EKAINAK 6 – 15)
EKAINAK 7
12:30 – BERREGINEN MUSEOA
BLV-ART INAUGURAZIOA
PERFORMANCEA: Ana Matey eta Isabel León “Desovillar”
13:30 – BILBAOARTE
INAUGURAZIOA, LUNCHBOX ERAKUSKETA
(Performancerako jatorrizko partituren nazioarteko erakusketa)
ERABATEKO ESTREINALDIA
20:00 – BILBOROCK
PARASITE KOLEKTIBOA “Jokoa”
Sarrera gonbidapenarekin
21:00 SAREAN
ISABEL LEÓN PERFORMANCEA
“Tarjeta SIM”
EKAINAK 8
10:00 – 13:00 SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA
PERFORMANCE TAILERRA
EXCHANGE Live Art Sorkuntza Isabel Leónekin eta Ana Mateyrekin
Izen emateak: kulturabarrutik.eus
Prezioa: 5€
19:00 – BERREGINEN MUSEOA
PERFORMANCE ANA MATEY “104”
19:30 – XAKE ESPAZIOA
TRAKAMATRAKA “Birziklatutako musika-tresnen kontzertua”
20:00 BILBOROCK
MAY SERRANO “Bai, maite dut nire burua!”
21:00 BERREGINEN MUSEOA
KARIM KHARBAOUI PERFORMANCEA (Maroko) “Hamasat”
ERABATEKO ESTREINALDIA
EKAINAK 9
13:00 SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA
PERFORMANCE TAILERRAREN AMAIERAKO ERAKUSKETA
EXCHANGE Live Art Sorkuntza Isabel Leónekin eta Ana Mateyrekin
19:30 BERREGINEN MUSEOA
KREGO-MARTIN DANZA “Zona (no) confort”
19:00-22:00 – B-COOL TERRAZA
PERFORMANCE – PASCALE CIAPP (Frantzia) “… you”
Iraupeneko Performancea
EKAINAK 10
11:30 – 13:00 BERREGINEN MUSEOA
SWING PARTY MUSEOAN. Lindy Band Collective – Lindy Hop Festa
ZENBAIT ESPAZIO 12:00-14:00 100′
BASTARDAS. Performance ibilbidea
Hasiera: Pikara, Askabide, Zinegoak, Comisión Antisida, Wikitoki
Amaiera: La Karpinteria
EKAINAK 14
19:45 BILBAO ARTE
ZUREKIN KOLEKTIBOA. “Cocktail: agitar y servir templado”
Edari eszenikoa hamabi tartetan
EKAINAK 15
19:00 BERREGINEN MUSEOA
CIA ANEZKA COMPAÑÍA. “RevOluciOn”
19:45 BILBAOARTE
AINARA LEGARDON. Performance kontzertua
Sarrera gonbidapenarekin
EKAINAK 16
B-COOL TERRAZA. MAMA CREA
“POESÍA A LA CARTA”. Eguneko menua: “Mujeres poetas”
Emanaldiak 15 minutuz behin.
12:00 – 14:00 / 19:00 – 21:00
(4 pertsona emanaldi bakoitzean) Erreserbak: [email protected]
Jarduera guztiek sarrera librea izango dute leku guztiak bete arte. Ainara LeGardonek Bilborocken eta BilbaoArten eskainiko dituen kontzertuetarako beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea hasi baino ordubete lehenagotik.