ZINEBI BESTE URTE BATEZ ARITUKO DA LANKIDETZAN BIHARTIK AURRERA BILBAOARTEN EGINGO DEN UPV/EHU-KO “TERRITORIOS Y FRONTERAS. RESEARCH ON DOCUMENTARY FILMMAKING” IZENEKO UDAKO IKASTAROAREKIN

Ikastaroa astelehenera arte luzatuko da, goizez eta arratsaldez, eta beste batzuen artean Pere Portabella zinegileak hartuko du parte.

BilbaoArtek – Bilboko Udalaren Arte Ekoizpeneko Zentroak “Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking” izeneko udako ikastaroa jasoko du bihartik aurrera, UPV/EHUren eskaintzaren barruan. Aurten ere, ekimen horrek Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – Zinebiren lankidetza izango du. Ikastaroa hiru egunez luzatuko da, eta beste partaide batzuen artean, “Informe general II. El nuevo rapto de Europa” lana Bilbon estreinatuko duen Pere Portabella zinegilearen partaidetza izango du.

Programaren zazpigarren edizioa, hitzaldiz, aurkezpenez, kaleratu gabeko proiekzioz, eztabaidez, topaketez eta espazioa eta protagonismoa konpartituko duten eta partaidetza aktiboa izango duten zinegileekin, kritikariekin, akademikoekin, ikasleekin eta profesionalekin egingo diren mahai inguruz beteta egongo da.

Vanesa Fernándezek, Estibaliz Alonsok eta Aintzane Pagadigorriak koordinatutako ekimenaren edukien artean Pere Portabella zinegilearen azken filmaren estreinaldia azpimarratu behar da, “Informe general II. El nuevo rapto de Europa”. Horrez gain, beste batzuen artean, “Pas à Genéve” filma aurkeztuko duen Colectivo lacasinegrak, Javier Rebollo zinegile sarituak eta “El nome de los árboles” lana aurkeztuko duen Ramón Lluis Bande zuzendariak hartuko dute parte.

Hizlarien artean beste hauek ere egongo dira: Fran Gayo BAFICIko (Festival Internacional de Cine Independiente de Buenos Aires) programatzailea, “El gran vuelo” lana aurkeztuko duen Carolina Astudillo zinegilea eta Marta Selva unibertsitateko irakasle eta Drac Màgic-eko kidea. Horrez gain, “Begirada hezi zine dokumentalean” izeneko mahai ingurua ere antolatuko da, Territorios y Fronteras taldeak eta Jorge Turrek moderatuta.

Ikastaroa, espazioa eta protagonismoa konpartituko duten eta partaidetza aktiboa izango duten zinegileak, kritikariak, akademikoak, ikasleak eta profesionalak elkartzeko topalekua izango da berriro ere. Ertzetan ekoizten den zineari buruzko gogoeta sustatuko da, batzuetan zine esperimentaletik eta bideo-sorkuntzatik gertu dauden jarreretatik edo joeretatik.

Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking (TYF), Vanesa Fernández Guerraren zuzendaritzapean Euskal Herriko Unibertsitatean sortutako proiektua da. 2009tik ari da egiten, dokumental garaikideari buruzko gogoetarako eta ideiak eta esperientziak trukatzeko eremu gisa. Urte horietan proiektua finkatuz joan da azken ikus-entzuneko sorkuntzaren ikerketarako, praxirako eta hedapenerako eragile autonomo gisa.