5.000 euroko laguntza ekonomikoa eta, 2017ko uztailetik 2019ko otsailera bitartean, dagoeneko finkatuta dagoen Bivouac konpainia frantsesaren laguntza barne hartuko duten lau beka emango dira.
Proiektuak onartzeko azken eguna apirilaren 17a izango da. Oinarri osoak eskuragarri daude dagoeneko “De Mar a Mar – Pirineos de circo” proiektuaren webgunean, https://demaramarblog.wordpress.com/ eta Bilboko Kalealdiaren webgunean: www.bilbokokalealdia.eus
Zirkuko arteen aldeko mugaz gaindiko “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” lankidetza ekimenak beste deialdi bat ireki du, euren ibilbidean lehenengo pausoak ematen ari diren eta aurtengo uztailetik 2019ko otsailera Bivouac konpainia frantsesaren laguntza programa osoaz baliatu ahal izango diren eta, gainera, 5.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko duten lau euskal artista aukeratzeko.
Bilboko Udala, duela denbora gutxi Europar Batasunaren 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntza jaso duen eta 14 bazkidek osatzen duten ekimen horren parte da. Diru-laguntza hori artista profesionalen prestakuntzara eta zirku garaikide ikuskizunen erakusketara eta hedapenera bideratuko da.
Ekimen horren xedea, euren ibilbidean lehenengo pausoak ematen ari diren artisten profesionalizazioan laguntzea eta Pirinioen bi aldeetako mugikortasuna bultzatzea da, zenbait ekintzaren bitartez. Horrela, deialdiaren bitartez, euren prestakuntza, sorkuntza, bitartekaritza eta administrazio prozesuak hobetzeko, dagoeneko finkatuta dagoen konpainia batekin lan egin nahi duten lau artista aukeratuko dira. Finkatutako konpainia aldez aurretik aukeratu da, Bordeleko Bivouac konpainia frantsesa, hain zuzen ere.
Finkatutako konpainiaren laguntzaz gain, aukeratutako artistek hauen laguntza izango dute epealdi horretan: Kaleko Arteen Frabrika-Hameka taldea Luhuson, Baxe Nafarroa Herri Antzokia Garazi-Baigorrin, Bilboko Udala eta Iruñeko Quiero Teatro banatzailea. Horrez gain, denbora tarte horretan, 2019ko otsailera arte, Bivouac-en emanaldietan eta prestakuntza prozesuetan hartu ahal izango dute parte, baina baita “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” proiektuko bazkideek proposa edo bidera ditzaketen bestelako prestakuntza prozesuetan ere.
Horrela, ekintza plana aukeratutako artista bakoitzari egokituko zaio, eta egutegia bazkide guztien eta Bivouac konpainiaren artean diseinatuko da. Programa honen barruan dagoen laguntza 5.000 eurokoa da (BEZ barne) aukeratutako artista bakoitzarentzat, eta horrekin ordainduko dira ekintzetako joan-etorriak (garraioa, ostatua eta dietak).
Oinarri osoak eta hautagaietarako formularioa eskuragarri daude dagoeneko proiektuaren webgunean https://demaramarblog.wordpress.com/ eta Bilboko Kalealdiaren webgunean: www.bilbokokalealdia.eus. Proiektuak onartzeko azken eguna apirilaren 17a izango da.