XII. MAGIA TOPAKETEI AMAIERA EMATEKO, MAIATZAREN 30EAN ETA 31N, PROFESIONALEI ZUZENDUTAKO BI MASTERCLASS JASOKO DITU BILBOK, MUNDU MAILAKO MAGIA ADITUAK DIREN JOAQUÍN AYALAREKIN ETA JUAN MAYORALEKIN

Bilbo – Santander lankidetza hitzarmenaren barruan dauden tailerrak Harrobia Eskenan emango dira, plaza mugatuekin. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, maiatzaren 22a baino lehen, BilbaoEszenaren – Bilboko Udaleko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez.

Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak ilusionismoaren erdigune bilakatuko dira gaurtik eta maiatza osoan zehar, Bilboko Udalak antolatzen dituen Magia Topaketen hamabigarren edizioari esker. Topaketei amaiera emateko, Harrobia Eskenak, magiaren munduan izen handia duten Joaquín Ayala mexikarrak eta Juan Mayoralek emango dituzten bi masterclass jasoko ditu maiatzaren 30ean eta 31n.

Magiaren profesionalei zuzendutako ekimen hori Bilbo eta Santander arteko lankidetza hitzarmenaren barruan dago eta bi mago handi horiek Kantabriako hiriburuan, maiatzaren 27tik 29ra, egingo den Europako VII Magia Jailadian egoteak ahalbideratzen du.

Lehenengo tailerra MAITZAREN 30ean izango da, “Un día con Joaquín Ayala: La magia de la creatividad” izenburupean. Tailerraren helburua ideiak ematea da, sormen maila handia eta ahalik eta baliabide gutxien erabiliz showa hobetzeko. Prestakuntza espezializatu hori goizez eta arratsaldez eskainiko da, 12:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 21:00etara. Joaquín Ayala (Mago Jordy) mexikarra magiaren mundu mailako izarretako bat da.

Mexiko Hirian jaio zen Joaquín Ayalak 1976an hasi zuen bere ibilbide artistikoa, eta garai guztietako mago-ilusionista hispano hoberena dela diote. Bere show propioa izan du Las Vegasen, eta Zeelanda Berriko edo Japoniako ikus-entzuleak aho zabalik utzi ditu. Mexiko Hiriko Metropolitano antzokia, Bogotako Antzoki nagusia, Estorileko Kasinoa edo Madrilgo Kongresu Jauregia bezalako areto handietan aritu izan da.

Hurrengo egunean, Harrobia Eskenako espazio eta ordutegi berean, partaide bakoitzak bere mago ezaugarriei ahalik eta etekin handiena ateratzen laguntzeko ikastaroa eskainiko du Juan Mayoralek. Horrela, sorkuntzarako eta sormen prozesurako teknikak, eszenan jartzea edo musikaren indarra bezalako gaiak landuko dira. Bi saioek izaera praktikoa izango dute, norberaren lana hobetzeko, nazioarte mailan oso ezagunak diren bi maisuren eskutik.

Juan Mayoral Leongo magoa Estatu osoko ilusionista hoberenetakoa da, eta nazioarte mailan ospe gehien dutenen artean dago. Ezaguna da bere estilo garbiarengatik eta nolabait erromantikoarengatik. Mayoralen ezaugarrietako bat bere ikuskizunetan nagusi den isiltasuna da. Horrez gain, mundu osoko magoek agertokian erabili izan dituzten zenbait trukoren sortzailea da.

Tailerrek plaza mugatuak dituzte eta, ondorioz, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, maiatzaren 22a baino lehen, BilbaoEszenaren [email protected] helbide elektronikoaren bitartez. Bi workshopetan parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko dira (15 euro BilbaoEszenaren erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat), eta workshop bakarra egiteko 15 euro (10 euro BilbaoEszenaren erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat).