BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK GAUR ARRATSALDEAN ZABALDUKO DITU ATEAK, GONZALO LÓPEZ-GALLEGOREN “THE HOLLOW POINT” LANAREN EUROPAKO PREMIEREAREKIN

Estatu Batuetan “Open Grave” eta “Apolo 18” lanak zuzendu dituen zinegile madrildarrak bere thriller berria aurkeztu du gaur goizean Bilbon. FANTeko inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Campos Antzokian.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 22k, gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak, Hollywoodera amestutako jauzia eman zuen eta bertan Weinstein anaien esku jarri eta “Apolo 18” eta ondoren “Open Grave” (Gidoirik hoberena FANT2014an) lanak errodatu zituen Gonzalo López-Gallegoren “The Hollow Point” (2016) lanaren Europako premierearekin.

Gonzalo López-Gallegok aste honetan aurkeztu du Bilbon bere azkenengo film luzea, Iñaki López de Aguileta zinemaldiaren sustatzailea den Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak lagunduta. Estreinaldia FANT 22ren inaugurazio ekitaldian izango da, gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Campos Antzokiko eszenatoki nagusian.

1973an Madrilen jaioa, laurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen film laburrak zuzentzen, eta bere lehenengo film luzea “Nómadas” (2001) saritua izan zen. Ondoren, “El rey de la montaña” (2007) lan arrakastatsuak, zuzendari gisa finkatzeaz gain, Hollywooderako txartela ere eman zion. Bertan “Apollo 18” (2011) zuzendu zuen The Weinstein Companyrentzat. Bilboko ikus-entzuleek “Open Grave” (2013) bere hurrengo lanaz gozatzeko aukera ere izan zuten FANTen 2014ko edizioan. Bertan Gidoi hoberenaren saria lortu zuen.

Patrick Wilson eta Ian McShane protagonista dituen “The Hollow Point” lana Mugako hiri bateko errepide galduetan gertatzen da. Bertan kartel baten tratuak emaitza txarra izan du. Hiriko sheriff berria, berak ordezkatu duen aurreko sheriffarekin elkartu beharko da, tratuaren jatorria ikertzeko, kartelaren soldatapean ari den hiltzaile misteriotsua atxilotzeko. “The Hollow Point” thriller zakarrak muga inguruko bizitzaren errealitate gordinaren aurrean jartzen gaitu; gizakiak munstro eta munstroak errealitate bilakatzen dituzten anbizioak eta zailtasunak aztertzen dituen istorioan.

GAUEKO ZINE MARATOIA
Gaur ere goizaldeko ordu bietatik aurrera Campos Antzokiak, iaz arrakasta lortu zuten lau lanen emanaldia barne hartuko duen saio golfoa jasoko du: Blaine anaien “Nina Forever” (2015, UK), Paul Hyetten “Howl” (2015, UK), Jason Lei Howdenek zuzendutako “Deathgasm” (2015, Australia), eta Julien Seriren “Night Fare” (2015, FR) film frantsesa.

Halaber, astebururako programazioak beste lau estreinaldi jasoko ditu FANT 22ren Sekzio Ofizialaren barruan. Bihar, LARUNBATEAN, ikus-entzuleek William Brent Bell zuzendariaren “The Boy” (EEBB, 2016) ikusi ahal izango dute (22:15ean); eta IGANDEAN, Colin eta Cameron Cairnesen “Scare Campaign” (Australia, 2016) (20:00etan); Mickey Keating idazle eta zuzendari gazte emankorraren “Darling” (EEBB, 2015) (16:15ean); eta Argentinako generoko zinean erreferentziazko zinegilea den Gonzalo Calzadaren hirugarren film luzea den “Resurrección” (Argentina, 2016) (17:45ean) helduko dira zinemaldiko pantailetara. Azken lan horrek joan den urtarrilaren 7an Argentinan estreinatu zenetik bertako txarteldegietan jarraitzen du.

Beste alde batetik, eta Panorama Fantastikoa zikloaren barruan, asteburuan Norberto Ramosen “Amor Tóxico” (MAIATZAREN 7an, 22:00etan) eta Antonio Trashorrasen “Anabel” (MAIATZAREN 8an, 22:00etan) eskainiko dira. Bi zuzendariek Bilbo bisitatuko dute, euren azken film luzeak aurkezteko.

ERANSKINA

“THE HOLLOW POINT” (EE.BB. / 2016 / 97 min.)

Zuzendaria: Gonzalo López-Gallego.
Gidoia: Nils Lyew.
Ekoizpena: Aaron L. Ginsburg, William Green, Andy Horwitz.
Musika: Juan Navazo.
Muntaketa: Gonzalo López-Gallego.
Antzezleak: Patrick Wilson, Lynn Collins, Ian McShane, John Leguizamo, James Belushi, Nathan Stevens, Michael Flynn.

EGITARAUA, BIDEOAK ETA ARGAZKIAK:
https://www.dropbox.com/sh/cus58e2ccup1t8i/AAD5i8odrnrEP-SgsSUkeEqZa?dl=0

PRENTSA BULEGOA
IRMA CERRO
T: 94 435 63 30 M: 628 538 215
Mail: [email protected]

FANT22ri buruzko informazio guztia: www.fantbilbao.eus