SANTANDERREK, BILBOK ETA LOGROÑOK SEI PROIEKTU BERRI AUKERATUKO DITUZTE “BERTATIK BERTARA 2023” DEIALDIAN

• Interesa duten kultura-eragileek martxoaren 10era arteko epea dute proposamenak bidaltzeko, helbide honetara: [email protected].

• Deialdiaren oinarriak eta eskabideak eskuragarri daude helbide honetan: www.santandercreativa.com

• Proiektuak berritzaileak izan beharko dira, eta hiru hirietatik gutxienez bitako kultur eragileen elkarlanaren emaitza.

2023ko otsailaren 10a. – Santanderrek, Bilbok eta Logroñok, aurten ere, Bertatik Bertara 2023 laguntzen deialdia egin dute, hiru hirietako kultura- eta sormen-sareak ekimen bateratuak gara ditzan. “Proiektuen poltsa” horretarako guztira 90.000 euro bideratuko dira, hiru erakundeek hainbana ordainduta.

Bilboko Udalak, Santander Creativa Fundazioak eta Logroñoko Udaleko Kultura Unitateak sustatutako ekimena da, helburu nagusi duena egoitza soziala edo jarduera nagusia hiru udalerri horietan duten kulturaren edo sormenaren sektoreko profesionalen, enpresen edo bestelako erakundeen proposamenak biltzea, eta urtean zehar hiri horietako kultura-jardueren programazioetan sartzea.

Guztira, sei proiektu hautatuko dira, eta bakoitzari 15.000 euroko aurrekontua esleituko zaio. Ekimenak 2023. urtean gauzatu beharko dira eta, gainera, berriak izateaz gain, gutxienez hiru hirietatik bitako kultura-eragileren arteko elkarlanaren emaitza izan beharko dute. Hala ere, hiru hirietako eragileek bultzatutako proposamenak ere kontuan hartuko dira.

Hiru hirietako ordezkariek osatutako Balorazio Batzordeak aukeratuko ditu proposamenak, eta proiektuen kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta berrikuntza ebaluatuko ditu. Kontuan hartuko da aurkezten diren kultur proiektuek hiru hirien artean harreman egonkorra izango duen kulturako sektore profesionala sortzen, jarraipena ematen eta aberasten laguntzea, bai eta hiru hirietako kultur programazioa aberasten eta kulturaren eta sortzaileen arloko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean lan-sareak abian jartzea ere.

Interesa duten kultur eragileek www.santandercreativa.com helbidean aurkituko dituzte deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko eskabide eredua. Laguntza hauek jasotzeko epea martxoaren 10eko 23:59era arte egongo da zabalik, eta dokumentazio guztia helbide honetara bidali beharko da: [email protected].

Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda dauden profesionalak eta enpresak edo bestelako entitateak aurkeztu ahalko dira deialdira, beren forma juridikoa edozein dela ere, kultura-ondasunak sortzen, ekoizten, banatzen eta merkaturatzen aritzen badira, beren jarduera hiru hirietako batean egiten badute eta ez badira toki-erakundeei, toki-erakunde autonomoei edo tokiko enpresa-erakunde publikoei atxikitako merkataritza-sozietateak.

Kultur proiektuak bi hiritako bi kultur eragilek edo hiru hirietako hiru kultur eragileek aurkeztu ahalko dituzte, hiri bakoitzetik bat. Hautatutako ekimenek amaierako memoria eta proiektuaren balantze ekonomikoa aurkeztu beharko dituzte.

2022an, hogeita lau proposamen aurkeztu ziren, eta horietatik sei aukeratu ziren:

• “La Reunión en Danza (La RED)” proiektua, Kantabriako “Movimiento en Red” dantza-profesionalen elkarteak, Bilboko La FUNDICIÓN-ek eta Logroñoko Sempiternal kultur elkarteak aurkeztua.

• “DOGMA 20-22”, Santanderreko Trueba & Trueba ekoizlearena, Bilboko MEDIATTACK GROUP SLrena eta Logroñoko Diego Pergo Films-ena.

• “TAN CIRCA”, Santanderreko Café de las Artes elkartearen, Bilboko BILBAO ZIRKOZAURRE malabarren eta zirkuko artisten elkartearen eta Logroñoko LOGROCIRCOren proiektua.

• “Comunicando con lo bello” Santanderreko Siboney arte-galeriarena, BILBAO VANGUARDIA galeriarena eta Logroñoko Clustermusic galeriarena.

• “Bertatik bertara jaialdia”, Niagara eta Stereo Rock and Roll kontzertu-aretoena (Santander eta Logroño, hurrenez hurren), RABBA RABBA HEY!/La Nave 9 kultur elkartearekin batera (Bilbo).

• “Crónicas Sonantes / Kronikak Soinudunak”, Santanderreko Contigo 3 Teatro konpainiarena, Bilboko Servicios Periodísticos eta Logroñoko Zarándularena.