RICKY HOLLYWOOD MUSIKARI FRANTSESAREN KONTZERTU BATEK INAUGURATUKO DU BAD-EN – BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIAREN, BESTE EDIZIO BAT

Urriaren 20an hasi eta 29ra arte luzatuko den Bilboko Udalak antolatutako jaialdiak musika irekiera ekitaldia eskainiko du ostegun honetan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, sarrera librearekin.

 

Bilboko Udalak antolatzen duen BADek – Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak ostiral honetan hasiko du bere programazio eszenikoa, ohikoak diren La FuNdicIOn, Pabellón 6, BilbaoArte, Campos Antzokiko Kupula aretoa edo Bilborock agertokietan. Berreginen Museoak hasierako jaia jasoko du Ricky Hollywood musikari frantsesarekin. Musikariak “Le Modeste Album” bere lehenengo diskoa aurkeztuko du. Kontzertua Bilboloopers-ek eskainiko duen Dj saioarekin eta Gheada ikus-artisten –bideo jockeyak– proiekzioarekin osatuko da.

Ricky Hollywood, Stephane Bellityren ezizena da, azken belaunaldiko pop frantsesaren konposatzaile finenetakoa. “Le Modeste Album” bere lehenengo diskoa aurkeztuko du, pop dotorea eta perfekzionista, ukitu elektronikoz hornitua, abesti herrikoi frantsesaren figura handiak gogorarazten eta eguneratzen dituena.

Stephane Bellity, La Féline, Poster Moderne edo Melody’s Echo Chamber bandekin aritu zen Parisko eszenan, eta esperientzia horri esker behar beste hazi da musikari gisa, eta berme osoz ekin ahal izan dio bakarkako abentura berriari. Pare bat EPSren eta, Stephanek, Ricky Hollywood aktibatu aurretik, 2002 eta 2010ean, idatzi zituen 18 kantez osatutako “Mes Meilleurs Succès D’Estime” bildumaren ondoren, aurtengo maiatzean argitaratu du orain Bilbora dakarren lehenengo diskoa.

Kontzertua, Bilboloopers-ek eskainiko duen Dj saioarekin eta Gheada ikus-artisten proiekzioarekin osatuko da. Gheada, Bilbon dagoen ikus-entzunezko estudioa da, ikus-entzunezkoen munduan hamar urte baino gehiago daramatzaten eta 2013an euren ezagutzak eta esperientziak elkartu eta ikus-entzunezko estudioa sortzea erabaki zuten Raquel Duránek eta Rut Brionesek osatutakoa.

Gheada izenarekin hainbat lan gauzatzen dituzte, ikus arteen alorrean, edukiak eta entretenimendua, motion graphics izenekoak, irekiera tituluak, bisualak eta zuzeneko bideoa. Gau Zuria, Úbiqa, Kabia Teatroa, Marie de Jongh, Kaleartean, Horman Poster edo Bilboloop talde eta ekitaldietarako lanak ekoiztu dituzte. Gheadak ikus lan espezifikoa sortu du BADerako, kontzertuak irauten duen bitartean agertokiaren alboetan egongo diren bi pantailetan eskainiko duena.