RED BULLEK FLYING BACH IKUSKIZUNA AURKEZTUKO DU BILBON

Hirugarren urtez jarraian, Red Bullek berriz ere Bilbo aukeratu du lehentasunezko toki gisa. Izan ere, 2015eko Jauzien Final Nagusiak arrakasta handia izan zuen.

Flying Bach ikuskizuna bakarra da munduan, eta, bertan, dantza klasikoa eta Bachen musika breakdance-arekin nahasten dira. Flying Steps taldeko breakdance dantzaririk onenek hartzen dute parte Flying Bach ikuskizunean, diziplina horretako dantza-konpainia liderretako bateko kideak, alegia.

Bilbo ate nagusitik sartu da Flying Bach ikuskizunaren indarrak erakarri dituen hirien zerrenda luzera, besteak beste, Berlin, Mosku, Tokio, Chicago, Montreal edo Sydney daude.

Red Bull Bilbora itzuliko da. Horixe azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan egon diren Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak eta Michael Piringer Red Bull Españako Marketin zuzendariak.
Oraingoan, hitzordua Flying Bach dantza-ikuskizuna izango da, munduan bakarra dena. Ikuskizun horretan arte modernoa eta klasikoa nahasten dira eta dantzak breakdance-arekin bat egiten du. Irailaren 17an eta 18an, Euskalduna Jauregiak obra paregabe bat hartuko du, non nazioarteko dantzari ospetsuek pausu, bira eta mugimendu ikusgarrienak erakutsiko dituzten; hori guztia Johann Sebastian Bach konpositore alemanaren musikarekin.
Red Bull Flying Bach ikuskizuna lehenengo aldiz aurkeztuko da Euskadin (eta estatuan), 2015ean 28 herrialdetan arrakasta handia lortu ostean eta 370.000 ikusleren txaloak jaso ondoren.
Azken bi urteetan, BILBAO-BIZKAIA markaren bultzatzaile den Bizkaiko hiriburua Red Bull Cliff Diving kirol-ekitaldiaren egoitza izan da; ekitaldiaren agertokia Salbeko zubia izan da, ibaiaren gainetik 27 metroko erortze librea duena. Azken deialdian munduko jauzilaririk onenak etorri ziren Bilbora, eta 2015eko Jauzien Final Nagusian parte hartu zuten; hain zuzen ere, Gary Huntek irabazi zuen finala.

Aukera berriak
Arduradunek azaldu duten bezala, Red Bull eta hiriaren arteko aliantzak aukera berriak bilatu nahi ditu kulturaren alorrean; horrela, hirugarren urtez jarraian, Bilbon eta Bizkaian lehen mailako ekitaldi bat egotea bermatuko da, prestigiozko marka baten zigiluarekin, nazioarteko aintzatespena eta etorkizun handia eskaintzen dituena.
Red Bull Flying Bach ikuskizunaren lehenengo emanaldia 2011n izan zen, eta horrela Bilbo ikuskizunaren indarrarekin eta erakarpenarekin liluratuta dauden hirien zerrenda luzean sartu da. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Berlin, Brusela, Viena, Stockholm, Mosku, Praga, Zürich, Oslo, Kopenhage, Singapur, Baku, Doha, Dubai, Tokio, Beirut, Istanbul, Santiago, Chicago, Montreal, Toronto, Auckland, Melbourne, Canberra edo Sydney. Kasu guztietan, ikuskizunak publiko gogotsua erakarri du; izan ere, ikuskizun paregabe batez gozatu dute, kaleko artea eta efektu bisual abangoardistenak XVIII. mendeko soinuen gustura hurbiltzen dituena, Johann Sebastian Bach musikariak sortutakoak.

“Echo Klassik” saria
Flying Steps taldeko breakdance dantzaririk onenek hartzen dute parte Flying Bach ikuskizunean; izan ere, Flying Steps dantza-konpainian munduko dantzaririk onenak daude, eta Berlinen duten eskola batean prestatzen dituzte.
2016ko biran, ikuskizuna Madrilera joango da eta emanaldia Teatro Nuevo Alcalá antzokian eskainiko da, irailaren 9an eta 10ean.
Red Bull Flying Bach ikuskizunak, besteak beste, Echo Klassik saria jaso du, musika klasikoaren alorrean dagoen saririk ospetsuenetariko bat. Horrez gain, dantzariak lau aldiz izan dira breakdance-ko munduko txapeldunak. Zalantzarik gabe, egiaztagiri onak dira Red Bull ekitaldien kalitatea eta erakarpena Bilbora ekarriko dituen ikuskizun batentzat.

SARRERAK SALGAI BILBON
Sarrerak otsailaren 16tik aurrera salduko dira.
Prezioak 25 eta 40 euro bitartekoak izango dira.