Bilboko Udalak antolatzen duen eta abangoardiako hiriko arte adierazpen motekin lotuta dagoen ekimena, San Frantzisko eta Bilbo Zaharra birgaitzeko elementu bultzatzaile gisa Kulturaren aldeko apustua egiten duen Plan Bereziaren barruan dago.
Programazioaren barruan, BLV-ART-ek ekoiztutako bi performance estreinatuko dira, piperraren inguruko afaria barne hartzen duen María Ptqken eta Macarena Recuerdaren “Misión Käpsa” eta Bilbo Zaharrean sortu den “Coctail: Mezclar y servir templado” sorkuntza prozesua.
Anna Taratiel artista katalana izango da hiriko beste esku-hartze artelan bat sinatuko duena. Hiru Zutabeen plazan dagoen higiezin baten atzealdea hartuko du.
Bilbo Zaharra ingurua abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko da berriro ere, inguru horren garapenerako eta goitik beherako berriztapenerako elementu dinamizatzaile gisa kulturaren aldeko apustua egiten duen eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak, inguruko zenbait kultur eragilerekin batera, antolatzen duen “BLV-ART” programaren beste edizio batekin.
Beste urte batez, antzerki garaikideak, arreta berezia jarriz performancean, site specific muntaketek eta dramaturgia berri izenez ezagutzen direnek, Bilbo Zaharra inguruan izango dute hitzordua, musikarekin, poesiarekin edo sorkuntza artistikoarekin erlazionatutako abangoardiako beste proposamen batzuekin batera, dagoeneko ohikoak diren espazioetan, Bilborocken, San Frantziskoko Udaltegian, BilbaoArten edo Berreginen Museoan, baina baita auzoa dinamizatzen duten gune pribatuetan ere, Sareanen, Bilbi hotelean, Anti-Liburudendan, La Karpinterian edo Zubiburu garagardotegian.
Programazioa datorren asteazkenean, ekainaren 7an, abiatuko da Anti-Liburudendan, Marcos Gimeno bertsolari, pailazo eta umoregilearen “SkizopozikS” ikuskizunarekin, 20:00etatik aurrera poesia esperimental saio bitxia, euskaraz eta gaztelaniaz, eskainiz. Hurrengo egunean programazio eszenikoa hasiko da, Bilborock-era “Allegro ma non troppo” ikuskizuna eramango duen Miren de Miguel artista beteranoarekin. Musika elektroniko kontzertua da, operarekin, videomapping-arekin eta zuzeneko dantzarekin.
Antzerkiarekin eta dantzarekin lotuago dagoen egitarauaren barruan beste hainbat ikuskizun jasoko dira, Bea Insaren eta Leyre Berrocalen “Vidas pasadas”, lau emanaldirekin Bilbi hotelean; Mal Peloren eta Federica Porelloren “Bach” edo Dxusturi Antzerkiaren “Karramarroa”. Horrez gain, performanceen inguruko eremu esperimentalagoan, BLV-ARTeko programazioak May Serranoren, Sebastián H-W mexikarraren edo Bárbara Bañuelosen partaidetza izango du.
EKOIZPEN PROPIOA
Baina horrez gain, berrikuntza gisa, edizio honetan Bilboko Udaleko Kultura Sailak BLV-ART barruan estreinatuko diren bi ikuskizun ekoiztu ditu. Lehenengoa María Ptqken “Misión käpsa” da, Macarena Recuerdarekin lankidetzan, Terri Floridoren musikarekin. Sarean ikusi ahal izango da, ekainaren 14an eta 15ean, –gaueko 21:00etan– eta piperrean oinarritutako afaria ere barne hartuko duen esperientzia eszeniko gisa dago planteatuta. Muntaketa horrek 20 pertsonarentzako lekua baino ez du, eta ordaindu beharreko jarduera bakarra da (sarrerak 12 eurotan), eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea Sareanen (Mariaren Bihotzaren plaza, 4).
BLV-ARTek ekoiztutako bigarren pieza “Coctail: Mezclar y servir templado” da. Ekainaren 12tik 16ra Bilbo Zaharrean forma hartuz joango den sorkuntza prozesua da. Hainbat jatorriko eta diziplinako lau sortzaile San Frantziskon, Bilbo Zaharrean eta Zabalan arituko dira gizarteratze kontzeptuaren inguruan, gentrifikazio prozesuen aurrean jarriz (erosteko maila altuagoa duten beste biztanle batzuek, pixkanaka, auzoko jatorrizko biztanleria baztertzeko prozesua). Lankidetzan oinarritutako prozesua izango da, eta bertan Ixi García, Joke De Vries eta Antonio Quiles, Marisa Lafuenteren aholkularitza artistikoarekin, elkarrekintzan arituko dira eragileekin, taldeekin eta auzokideekin, auzo barruan pieza irekia, kritikoa eta sorkuntzazkoa eratzeko. Emaitza ekainaren 17an estreinatuko da ikus-entzuleen aurrean, Berreginen Museoan, arratsaldeko 19:30etik aurrera.
Horrez gain, BLV-ARTek musikarako lekua ere gorde du, datorren ostegunean Sareanen kontzertua eta jam sesiona eskainiko duten Garazi Gorostiagaren eta Fernando Carvalloren eskutik. Beste alde batetik, Crazy Jazzersek swing-ez betetako bi ordu eskainiko dituzte Berreginen Museoan, goizeko 11:30etik 13:30era. Beste jarduera batzuek musika eta poesia fusionatuko dituzte, ekainaren 11n bertan, Inun kantautoreak Zubiburu garagardotegian eskainiko duena, besteak beste.
HIRIKO ARTEA
Gainera, ohikoa denez, BLV-ARTen aurtengo edizioak dimentsio handiko beste horma-irudi bat gehituko dio hiriko paisaiari. Oraingo honetan, Anna Taratiel (Terrasa, 1982) artista katalanak, hiriko artearen nazioarteko figurak –estudio barruan ere lanak egiten dituen arren– sinatuko du. 2006tik hogei horma-irudi proiektu inguru sinatu ditu Europa osoan, eta baita Brasilen ere. Anna Taratiel artistak paisaia eta hirigunea integratzeko duen ikuspegia, higiezinaren edifikazio bera errespetatuz eta horrekin jolastuz, hiriaren skylinean kontu handiz sartzea lortzen duen lan geometrikoan oinarritzen da.
Horma-irudi hori Hiru Zutabeen plazako 1 zenbakian dagoen eraikinaren atzealdean egongo da, eta aurreko edizioetako artelanak bezala, inguru horretan ikusi ahal izango den eta elementu erakargarri garaikidea bilakatu nahi du auzokideentzat eta auzo horretan bizi ez diren gainerako pertsonentzat. Horma-irudiak 300 metro karratuko horma hartuko du eta 20 metroko garaiera izango ditu.
Aurreko edizioan bezala, BLV-ART jarduera nagusien artean azpimarragarriak dira, baita ere, inguru horren aldeko apustua egin duten sortzaileen ekimenari esker sortu diren galeria berrietara eta hiriko artearekin erlazionatutako guneetara egingo diren doako bisita gidatuak. Walks – Arte Zirkuitoa partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitatuko dituzte.
Bisitak ekainaren 9an, eta 10ean egingo dira, goizez eta arratsaldez (11:50ean eta 17:50ean), bi ordu inguruko iraupenarekin. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez. Arty Walks-ek Bilbao Arte bezalako lekuak bisitatuko ditu, baina baita galeria, estudio eta tailer txikiak eta merkataritza establezimendu berritzaileak ere. Leku horietan sustatzaileekin eta artistekin hitz egiteko aukera egongo da.
Beste alde batetik, eta ikus-entzule gehiagorengana heltzeko xedez, aurten ere familia osoari zuzendutako tailerrak programatu dira. Collage topaketak! izenburuarekin, sorkuntza jarduera ekainaren 17an izango da Berreginen Museoan, goizeko 11:30etik 13:30era, sarrera librearekin. Dena den, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea kulturabarrutik.eus webgunean.
BLV-ART-en helburua Bilboko gune horren kultur espezializazioa da, bertan bizi direnen beharrei erantzuteko baina, batez ere, auzo horiek herritar guztientzat erakargarri izan daitezen, abangoardiako kultur polo bilakatuz, bertan musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza era berriak sortzen ari direlako. Horrela, programak balioa eman nahi dio auzoari, eta hiriaren gainerako lekuekin duen komunikazioa sustatu, inguru horretan sortu diren eta bertako kaleak biziberritzen lagunduko duten kultur proposamenak ezagutaraziko dituzten zenbait jarduera eskainiz.
ERANSKINA: AGENDA
EKAINAK 7
20:00 – ANTI-LIBURUDENDA
MARCOS GIMENO VESGA. “SkizopozikS”
Poesia ele-eskizoa
Elebiduna
EKAINAK 8
19:30-22:00 – SAREAN
GARAZI GOROSTIAGA & FERNANDO CARVALLO
Kontzertua + Jam Session Share
20:00 – BILBOROCK
MIREN DE MIGUEL. “Allegro ma non Troppo”
Kontzertua musika elektronikoa + opera + bideomapping-a + dantza zuzenean
EKAINAK 9
19:30 / 20:30 – BILBI HOTELA
BEA INSA & LEYRE BERROCAL. “Vidas pasadas” antzerkia
19:30 –SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA
Performance ExtremmE. May Serrano “Bucéame”
20:00 – SAREAN
SEBASTIAN H–W (Mexiko). “Chocolatl” Performance, show cooking-a
EKAINAK 10
18:30 / 19:30 – BERREGINEN MUSEOA
MAL PELO – FEDERICA PORELLO. “BACH” dantza site-specific
19:30 / 20:30 – BILBI HOTELA
BEA INSA & LEYRE BERROCAL. “Vidas pasadas” antzerkia
21:00 – LA KARPINTERIA
Los Descalzos. Kontzertu poetikoa (2Bat)
EKAINAK 11
11:30-13:30- BERREGINEN MUSEOA
CRAZY JAZZERS. SWING MUSEOAN!
13:00 – SAREAN
BARTOLOMÉ FERRANDO (ahotsa) eta TRUNA (biolontxeloa + maleta magikoa) + VERMOUTH. “JOP” poesia, musika esperimentala.
18:00-20:30 – ZUBIBURU
NUEVOS JUGOS DE ANDRÓMEDA ahora con + vitaminas y minerales
“Música + prosias + performans”
EKAINAK 14
19:30 SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA
PERFORMANCE IBILTARIA
Bastardas MMXVII “Corredor” (Ana de Vicente) 20´
Bastardas XXVII “Trapos Sucios” (Haizea Murgia) 20´
Bastardas XXVVII “Algo Vivo” (Eloisse Louisse) 20´
Bastardas MMXVII “Desintegración” (Eneritz Garcia) 20´
21:00 SAREAN
MISION KÄPSA. Esperientzia eta afaria
Maria Ptqk Macarena Recuerdaren laguntzarekin, Terri Floridoren musika. Izen emateak Sarean. (Mariaren Bihotzaren plaza, 4)
Afaria: 12 €
EKAINAK 15
20:00 – SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA
ENERITZ ARTETXE DXUSTURI TEATROA. “Karramarroa”
Euskaraz
21:00 SAREAN
MISION KÄPSA. Esperientzia eta afaria
Maria Ptqk Macarena Recuerdaren laguntzarekin, Terri Floridoren musika. Izen emateak Sarean. (Mariaren Bihotzaren plaza, 4)
Afaria: 12 €
EKAINAK 16 – BILBAOARTE
BARBARA BAÑUELOS. “Inventario. Memorias de una aspiradora”
Performance instalazioa
EKAINAK 17
11:30-13:30 – BERREGINEN MUSEOA
COLLAGE TOPAKETAK!!!
Sormen espazioa. Adin guztietarako jarduera
18:00-19:30 – MARTZAAKO KAIA
MILONGA Gizarte Dantza Elkartea. GARUA Tangoa
19:30 – BERREGINEN MUSEOA
COCTAIL: MEZCLAR Y SERVIR TEMPLADO
Bilbo Zaharrean sortutako sorkuntza prozesua
Jarduera guztiek sarrera librea izango dute leku guztiak bete arte, eta doakoak izango dira, 12 euroko prezioa duen Misión Käpsa ikuskizunak izan ezik.