MAIATZAREN 5ETIK 12RA BITARTEAN OSPATUKO DEN FANTEN – BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN XXIII. EDIZIOAK, SEAN BROSNAN ZINEGILE ESTATU BATUARRARI EMANGO DIO GENEROAN ETORKIZUN HANDIA DUEN FIGURA SARITZEN DUEN FANTROBIA SARIA

My Father Die (2016) bere lehen film luzea FANTen hurrengo edizioan eskainiko da, maiatzaren 9an, arratsaldeko 20:00etan, Golem – Alhóndiga zine aretoetan.

FANTeko hurrengo edizioaren epaimahaia Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zine zuzendari eta gidoilariak eta Miguel Ángel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetari sevillarrak osatuko dute.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria emango dio zinemaldian My Father Die (2016) bere lehenengo film luzea, aurkeztuko duen Sean Brosnan (EEBB, 1983) –Pierce Brosnan antzezlearen semea– zinegile estatu batuarrari. Emanaldia maiatzaren 9an izango da, arratsaldeko 20:00etan, Golem – Alhóndiga zine aretoetan, eta saria amaiera ekitaldian banatuko zaio.

Sean Brosnanek Antzerkia eta Poesia ikasi zituen eta oso gaztetatik egon da arteen munduan buru belarri murgilduta. Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren Romeoren papera lortu zuen British Shakespeare Companyren Romeo eta Julieta lanean. Handik denbora gutxira, Sean, kritikaren txaloak jaso dituen Generation Kill HBOren miniseriean aritu zen, Cpl. Daniel Redman gisa. Hainbat filmetan egin zuen gero lan: My Horizon, Don Peyote, What Dreams Will Travel, eta UFO filmetan, besteak beste.

Hollywooden, plato artean, hazi zenez, Seanek harreman onak ditu industriarekin, eta ekoiztetxe bat sortzea erabaki zuen emaztearekin, Sanja Banic idazle eta ekoizlearekin. Knightmarcher 2012an sortu zen, Seanek gidoilari eta zuzendari gisa bere lehenengo lana egin zuenean, The Kid saritutako film ertaina, hain zuzen ere. 63 Lbs, The Face of C eta 8 film labur idatzi eta zuzendu zituen hiru urtetan. My Father Die bere lehenengo film luzea da, Estatu Batuetan kritika onak jaso dituen proposamen odoltsua.

EPAIMAHAIA
Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak hurrengo edizio honetarako epaimahaia eman du ezagutzera. Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zine zuzendari eta gidoilariak eta Miguel Ángel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetari sevillarrak osatuko dute.

Melina Matthew Bartzelonan jaio zen, eta aita britainiarra eta ama frantsesa ditu. Kazetaritzan lizentziatu zen Westminsterreko Unibertsitatean (London) eta ikasketekin batera antzerki ikastaroak egin zituen Londoneko Central School of Speech of Drama eskolan. Zinean, Manuel Carballoren Retornados (2013) filmean agertu zen, Geraldine Chaplinekin batera Panzer Chocolate (2013) lanaren protagonista izan zen, eta Borja Cobeagaren Negociador (2014) lanean ere aritu zen. Horrez gain, ikus-entzuleek Andrés Muschiettiren Mama (2013) arrakastatsuan entzun ahal izan dute, filmari izenburua ematen dion munstroari ahotsa jarriz.

Miguel Ángel Vivas (Sevilla 1974) Informazio Zientzietan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Europarrean, eta Dirección Cinematográfica por la Escuela de Cinematografía y del Audiovisual Madrid (ECAM) izenekoan diplomatuta dago. Zinean, ‘Secuestrados’ (2010),”Extinction’ (2015) eta ‘Inside’ (2016) bezalako filmeen atzean egon da, azken hori, Alexandre Bustilloren eta Julien Mauryren Al interior (2007) kultuzko film frantsesaren ‘remakea’, Sitgeseko zinemaldiaren azken edizioa ireki zuena.

Elio Quiroga Las Palmasen jaio zen, idazlea eta zine zuzendari eta gidoilaria da. Hainbat eleberri idatzi ditu, horien artean El despertar, Los códices del Apocalipsis, Ydill eta Los que sueñan, zientzia fikziozko eleberri hoberenaren Minotauro 2015 Saria. Lau film luze ere zuzendu ditu: Fotos (Sitgeseko Zinemaldiko Gidoi Hoberenaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia 1997an), La Hora Fría, No-Do, eta The Mystery of the King of Kinema, eta horrez gain baita film labur asko ere.

Edizio honetan, zuzkidura ekonomikorik ez duten ohorezko bi sari ere banatuko dira, Panorama Fantastikoa sekzioko generoko Film Luze eta Film Labur hoberenei emango zaizkienak. Sari horiek erabakitzeko ardura izango duen epaimahaia Ángel Agudo genero fantastikoko gidoilari eta ikerlariak –2011n FANTen hartu zuen parte, Paul Naschyren bizitzari buruzko El hombre que vio llorar a Frankenstein dokumentalarekin–, Iratxe Fresneda kazetari eta zine kritikariak eta Javier Donate kazetari eta zine kritikariak osatuko dute.