BILBOKO UDALAK IKASTAROETAN ETA AMATEUR MAILAKO MAGIA LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO IZENA EMATEKO EPEA ZABALDU DU, TXURDINAGAKO ETA OTXARKOAGAKO XIII. MAGIA TOPAKETEN BARRUAN

Ilusionismoaren oinarrizko printzipioetan zentratuko den magia hastapeneko ikastaroa Imanol Ituiñok eskainiko du, eta arte eszenikoetako artistei zuzendutako mintegia, berriz, David Blancok. Izena emateko epea apirilaren 5etik 25era egongo da zabalik, www.bilbao.eus webgunean

Laugarren urtez jarraian, “Atera ezazu barruan daramazun magia” izeneko amateur mailako magia lehiaketa deitu da. Beste sari batzuez gain, irabazleak, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen dituen Magia Topaketen 2018ko edizioan parte hartu ahal izango du.

Magiak, Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak biltzen dituen Bizkaiko hiriburuko 3. barrutia hartuko du maiatzean, eta berriro ere arte horren zaleen topaleku bilakatuko da, prestidigitazioaren munduan lehen pausoak eman nahi dituztenen topaleku, batez ere.

Bilboko Udalak, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoetako Merkatarien Elkarteekin elkarlanean antolatu duen programak, hastapeneko ikastaroa, profesionalei zuzendutako mintegia eta amateur mailako “Atera ezazu barruan daramazun magia” lehiaketaren hirugarren edizioa biltzen ditu, kalean eskainiko diren emanaldiak eta Otxarkoagako Udaltegian eskainiko diren beste batzuk ahaztu barik.

Imanol Ituiñok Otxarkoagako Udaltegian eskainiko duen magia hastapen ikastaroa, magiaren artea hobeto ezagutzeko interesa duten 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta. 16 orduko iraupena izango du, maiatzeko astelehen eta asteazkenetan eskainiko da, arratsaldeko 19:30etik 21:30era, eta bertan, Imanol Ituiñok, ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko dizkie bertaratutakoei, partaideek kartekin, sokekin eta bestelako materialekin jolasak egiten ikas dezaten. Ikastaroak 25 euroko prezioa izango du.

Imanol Ituiño ilusionismoaren promesa gaztea da, “hurbileko magia” espezialitatean gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari dena. Modalitate hori ikus-entzuleengandik gertu egiten da, jende gutxiren aurrean, jolas interaktiboekin. 28 urte dituen Imanolek hainbat lehiaketa irabazi ditu. Horrela, 2008an, Almussafesen (Valentzia) egin zen nazioarteko hurbileko magia lehiaketa irabazi zuen, eta 2014an, Cacereseko Magia Kongresu Nazionalean Aretoko Magia Sari Nazionaleko bigarren saria lortu zuen. Irakaslea da Fábrica de Magos izenekoan, eta ohikoa da lehiaketetan eta kongresuetan ikustea. Leku horietan espezialista handienekin aritu da.

Beste alde batetik, magia mintegia David Blancok eskainiko du, eta arte eszenikoekin erlazionatutako pertsonei dago zuzenduta, izan ere, ilusionismoa, antzezle askok euren prestakuntzaren parte gisa erabili dezaketen tresna baita, ondoren antzerkian eskaini ahal izateko. Mintegiak 9 orduko iraupena izango du, eta maiatzaren 15ean, 22an eta 29an eskainiko da, arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara Harrobia Eskenan, Bilbo-Otxarkoagako Eszena Ekoizpeneko Berrikuntza Zentroan. 12 euroko prezioa izango du jende guztiarentzat, eta 10 eurokoa BilbaoEszenako erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat.

Bizkaiko Mago Ilusionisten Elkarteko presidentea den mago beterano honek ibilbide luzea du eszenako magian, hurbileko magian, umorezko magian eta, horrez gain, aditua da talde txikien aurrean egindako magian (mahairik gabea). Ikastarorako zein mintegirako izen emateak apirilaren 25era arte egin ahal izango dira www.bilbao.eus udal webgunearen bitartez.

IV. MAGIA LEHIAKETA
Magia Topaketek Amateur mailako Magia Lehiaketa antolatuko dute laugarren urtez jarraian. “Atera ezazu barruan daramazun magia” goiburua eramango du, eta profesional izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukoren bat egiteko adina ezagutza eta praktika duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena duen bideoa bidali beharko dute, gutxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik.eus/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea apirilaren 24tik maiatzaren 11ra bitartekoa izango da.

Aukeratutakoek, maiatzaren 31n, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide hoberenei, Txurdinagako eta Otxarkoagako Merkatarien Elkarteen laguntzari esker. Irabazleak, 300 euroko balioa izango duen erosketa balea eramateaz gain, 2018ko Magia Topaketetan parte hartzeko aukera ere irabaziko du. Bigarrenak eta hirugarrenak ere saltoki laguntzaileetan gastatzeko balea –200 eta 100 euro, hurrenez hurren– eta akreditazio diploma jasoko dituzte.