Pavel Khvaleev zuzendari errusiarrak “III” film luzea aurkeztuko du lehiaketan Sekzio Ofizialaren barruan. Sekzio horretan estatu mailako beste lau premiere ere jasoko dira: Chris W. Mitchellen “The Pool”, Michael R. Stevesen “Clinger”, –bi zinegile horiek ere FANT-en egongo dira–, “The Drownsman” eta “The Hoarder”. Lehiaketara aurkeztutako gainerako filmak hauek dira: “The Man in the Orange Jacket”, “Julia”, “In Order of Disappearance”, “Among the Living”, “Goodnight Mommy”, “Spring”, “Realité” eta “Autumn Blood”.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANT-en 21. edizioa, MAIATZAREN 8an jarriko da martxan (Campos Antzokian, arratsaldeko 20:00etan), “The House on Pine Street” lanaren Europako premierearekin. Aaron eta Austin Keeling anaiak, lanaren zuzendariak, bertan egongo dira.
FANT LABURREAN sailak 22 lan eskainiko ditu, eta lan horiek, ikusleen iritziz hoberena den eta 3.000 euro jasoko dituen Zinemaldiko Film Labur hoberenaren saria lortu ahal izango dute. Horrez gain, Epaimahaiak, beste bi sari emango ditu: Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur hoberena, 3.000 eta 2.000 €-rekin, hurrenez hurren.
FANT Maisuen sekzioaren barruan, zinemaldiak genero horretako lan klasikoak berreskuratuko ditu, horien artean Hayao Miyazaki zuzendari japoniarraren lan garrantzitsuenetako batzuk, aretorako sarrera librearekin.
Zinemaldiko doako sarrerako aretoak, David R. L. irundarraren “La noche del ratón” eta Roberto Santiagoren “La cosecha 2014” filmen estatu mailako premiereak eskainiko ditu Panorama Fantastikoa zikloaren barruan. Zuzendari biak Bilbora etorriko dira, euren lanak aurkezteko.
ZINEMALDIAREN EGOITZAK ETA TARIFAK: A) Golem-Alhondiga zine aretoak: Abonua: 25 €, salgai BIHARTIK, APIRILAREN 15etik, aurrera, Golem zine aretoetako eta Campos Antzokiko txarteldegietan (baliagarria saio guztietarako, leku guztiak bete arte, eta beharrezkoa izango da saioaren egun berean txarteldegitik igarotzea). Sarrera: 5 €, salgai txarteldegian eta www.golem.es webgunean. BEHERAPENAK: Fas Zine Klubeko, Casa Italiako eta Institutu Frantseseko bazkideak, El Correoko harpidedunak eta Alhondiga txartela dutenak: Sarrera 4 €. (maiatzaren 11n, 12an eta 13an “ZINEAREN JAIA”, Sarrera: 2,90€) B) Campos Antzokia (Inaugurazio saioa: Sarrerak salgai BIHARTIK aurrera) eta BBK aretoa (Amaiera ekitaldia): 5 € eta 4 € (beherapenarekin) C) Zinemaldiko 2. aretoa Golem – Alhondiga eta FNAC: sarrera librea.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoaren – FANT-en 21. edizioa martxan dago jada, eta aurtengo ediziorako, nazioarteko 13 film luze, iazko edizioan baino bi gehiago, jasoko dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu du –horietatik bost lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estatuan–. Horrez gain, lehiaketara aurkeztuko diren 22 film labur eskainiko ditu, horietatik erdiak euskal zinegileen lanak. Hitzordua MAIATZAREN 8tik 15era izango da. Beste urte batez, Golem – Alhondiga zine aretoak izango dira zinemaldiaren egoitza nagusia.
Keeling anaiak izango dira zine fantastikoarekin dugun hitzordu berria inauguratzearen arduradunak, euren lehenengo film luzea den “The House on Pine Street” lanaren aurkezpenarekin. Beldur psikologikoko drama horren Europako premierea, MAIATZAREN 8an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian ospatuko den FANT 21en inaugurazio ekitaldian eskainiko da.
Horrez gain, zinemaldiak leku berezia erreserbatuko du genero horretako izen handiei omenaldia eskaintzeko, Hayao Miyazaki zinegile japoniarrari edo duela denbora gutxi hil den Álex Angulo antzezleari, Álex de la Iglesiaren “El día de la bestia” lanaren emanaldiarekin, areto komertzialetan estreinatu zenetik bi hamarkada betetzen diren honetan. Esan behar da Álex Angulo Bilboko Zinemaldi Fantastikoko – FANT-eko epaimahaiko kide izan zela 2012an.
Bilboko zinemaldiak, M. Night Shyamalan zinegileak idatzi eta zuzendu duen “Wayward Pines” telesailaren estreinaldia ere jasoko du, FOX Españarekin elkarlanean.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANT 21en programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean. Aurkezpen ekitaldian Ibone Bengoetxea Kultura zinegotziak, Justo Ezenarro Kultur Programazio Zuzendariorde eta FANT-eko Zuzendariak eta Eugenio Puerto FANT-eko programatzaileak hartu dute parte.
SEKZIO OFIZIALA
Lehiaketako Sekzio Ofizialaren barruan, Film Luze Hoberenaren, Gidoi Hoberenaren eta Zuzendari Hoberenaren FANT 2015 Sariak eskuratu ditzaketen hamahiru filmak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrez gain, horietako bost Estatu osoan ere lehen aldiz ikusteko aukera izango da. Horietako bat Pavel Khvaleev zinegilearen “III” (Errusia / Alemania, 2015) izango da. Zinegileak Bilbo bisitatuko du, bere bigarren film luzea dena aurkezteko (MAIATZAREN 9AN). Filma Fantasporto edo Bruselako BIFF bezalako jaialdietatik igaro ondoren helduko da FANT-era.
Lehiaketa barruko sekzioan estatu mailako beste lau premiere ere jasoko dira: “The Pool” (Herbehereak, 2014) Chris W. Mitchellek zuzendari gisa egin duen lehen filma (MAIATZAREN 10EAN); eta “Clinger” (EEBB, 2015) hori ere Michael R. Stevesen lehenengo lana zuzendari moduan (MAIATZAREN 12AN), eta orain arte Amsterdameko Imagine zinemaldian baino ikusi ez dena; Robert Knepper antzezle ezaguna protagonista duen Matt Winn zinegilearen “The Hoarder” (UK, 2015) ere lehen aldiz ikusi ahal izango da estatuan; eta ikus-entzuleek MAIATZAREN 10ean gozatu ahal izango duten Chad Archibald zuzendari polifazetikoaren “The Drownsman” (Kanada, 2014).
Sekzio Ofiziala osatzen duten lanak hauek dira: Aik Karapetianen “The Man in the Orange Jacket” (Letonia / Estonia 2014); Matthew A. Brownen “Julia” (EEBB, 2014); Hans Petter Molanden “In Order of Disappearance” (Norvegia / Suedia / Danimarka, 2014); Alexandre Bustilloren eta Julien Mauryren “Among the Living” (Frantzia, 2014); Veronika Franzen eta Severin Fialaren “Goodnight Mommy” (Austria, 2014); Justin Bensonen eta Aaron Moorheaden “Spring” (EEBB, 2014), igaro den zinemaldietako ikus-entzuleak txundituta utzi dituen filma; Quentin Dupieuxen “Realité” (Frantzia / EEBB / Belgika 2014); eta Markus Blunderren “Autumn Blood” (Austria, 2014).
Emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, gaztelaniazko azpi-tituluekin, eta “The Man in the Orange Jacket”, “The Drownsman”, “Among the Living” eta “Autumn Blood” lanek euskarazko azpi-tituluak ere eramango dituzte. Horrez gain, azken edizioetan gero eta ikus-entzule gehiago bildu denez, ohiko emanaldien ordutegiei beste zine saio bat gehitu zaie, Sekzio Ofizialeko filmak eskainiz, arratsaldeko 16:15ean, larunbatean eta igandean.
EUSKAL TERROREA
Lehiaketatik kanpo bada ere, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, David R.L. zuzendari irundarraren “La noche del ratón” (2014) euskal film luzearen estreinaldia eskainiko du Panorama Fantastikoa sekzioaren barruan. Asier Vázquezek ekoiztu duen filmaren protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza antzezleak dira. Film luzea 6.000 euroko aurrekontuarekin egin zen, eta Irun, Hondarribi eta Donostia artean errodatu zen 25 gauez.
Panorama Fantastikoak, doako sarrerako aretoko programazioa (egoitza nagusian: Golem – Alhondiga zine aretoetan) osatuko duen sekzioetako batek, arrazoi bat edo beste dela eta, Sekzio Ofizialerako aukeratu ez diren baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezi duten filmak jasotzen ditu. Horrela, programaren barruan, duela denbora gutxi egindako beste lan batzuk ere jasotzen dira: “The Afterglow”, “Crumbs”, “Queridos Monstruos”, “La Parte Ausente” eta “La cosecha 2014”, azken hori, maiatzaren 11n bere lana aurkezteko Bilbon egongo den Roberto Santiagorena.
Sekzio horrez gain, doako sarrerako areto horrek FANT japoniarreko Hayao Miyazaki maisuari eskainitako zikloa jasoko du. Ziklo horren barruan “Ponyo en el acantilado”, “Nausicaa del Valle del viento”, “Porco Rosso” eta “La princesa Mononoke” lanak eskainiko dira. Sarrera libreko programazioa, Santseko eta Molins de Reiko zinemaldietako film laburren erakusketarekin eta Ikus-entzunezko Abentura izena eramango duen zikloarekin osatuko da. Ziklo horrek, Naxo Fiolen “A ritmo de Jess” dokumentala eskainiko du, Espainiako beldurrezko B serieko zinegile handia izan zen Jesús Franco ‘Tío Jessen” “Al Pereira vs. The Alligator Ladies” filmaren errodatzean zentratutako lana da.
Azken edizioetan gertatu den bezala, film laburrek oso leku azpimarragarria izango dute FANTen aurtengo edizioan, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzenduta. Zinegile berrien lana bultzatu nahi duten –hori da Zinemaldiaren xede nagusietakoa– film laburren alorreko bi sari horiei, Euskal Laburmetraiarik Hoberenari ematen zaion 2.000 euroko saria gehitu behar zaie.
FANT 21ek, mundu osotik etorritako 800 film labur baino gehiago jaso ditu, eta antolatzaileek 22 hoberenak aukeratu dituzte –animazio eta fikzio arloetan–. Lan horiek FANT LABURREAN saioan eskainiko dira. Aurten ere bi saio izango ditu, MAIATZAREN 8an eta 9an, eta lehenengo saioa euskal film laburrei eskainita egongo da erabat.
Euskal zinegileek lehiaketara aurkeztuko dituzten 11 lanak jatorrizko bertsioan –gaztelaniaz– ikusi ahal izango dira, euskarazko azpi-tituluekin, Campos Antzokian, inaugurazio ekitaldiaren eta filmaren ondoren, eta hauek dira:
“Anómalo”, Aitor Gutiérrez
“A través del espejo”, Iván Mena Tinoco
“El bosque negro”, Paul Urkijo
“El buen mal”, Joaquín Urruticoechea
“Don Miguel”, Kote Camacho
“Homunculus”, Kepa Peñil
“Magia”, Iker Arce Aretxabala
“Oscar desafinado”, Mikel Alvariño.
“La señora Jesús Mari”, Aitor Arenas
“Tiempo inverso”, Gregorio Muro Arriet eta Mikel Muro Basterra
“Viaje a pies”, Khris Cembe
Gainerako film labur gehienak, Norvegiatik, Frantziatik, Greziatik, Herbehereetatik, etorritako lan europarrak, Estatuko gainerako lekuetatik bidalitakoak eta EEBB-etatik eta Kanadatik etorritako bi lan dira. Nazioarteko film laburrak maiatzaren 9an eskainiko dira, arratsaldeko 20:00etako saioan, Golem-Alhondigako 1. Aretoan.
Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberena, Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur Hoberena aukeratzeko erabakia bere eskuetan izango duten adituen epaimahaia Dominique Pinon antzezle frantses beteranoak, Aina Clotet antzezleak eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariaren zuzendariak osatuko dute.
Ohikoa denez, sarien banaketa amaiera ekitaldiaren barruan izango da. Aurten ere Kale Nagusiko BBK Aretoan izango da, MAIATZAREN 15ean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan, “Aida” telesailean egiten duen lana dela eta ezaguna den Eduardo Casanova zuzendari eta antzezlearen azken lana, “La hora del baño” film laburra, eskainiko da. Zuzendaria Bilbon egongo da, filma aurkezten.
FANT21eko sekzio paraleloak zinemaldiko alderdi garrantzitsuak izango dira, berriro ere, generoaren jarraitzaileentzat zein zine zaleentzat orokorrean, oso interesgarriak izango diren mota guztietako proposamenekin. Horrela, FANT MAISUAK sekzioan, omenaldia eskainiko zaio duela denbora gutxi hil den Alex Angulori, maiatzaren 13an berriro ere pantaila handian ikusi ahal izango den “El día de la bestia” lanaren estreinaldiaren hogeigarren urteurrenarekin bat etorriz.
Beste alde batetik, PRE-FANT-ek ‘Giallo’ zine zikloa jasoko du, CASAITALIArekin, Euskadin dagoen Italiako Hizkuntza eta Kulturaren Institutu Ofizialarekin, lankidetzan, Dario Argento zuzendari ezagunari eskainia. Gainera, ostegunean, maiatzaren 14an, generoaren zaleentzat kultuzko lana den “Profondo Rosso” emango da Zinemaldian.
LOW COST
FANT 21ek, bi film interesgarri eskainiko dituen saio jarraitu bat programatu du beste urte batez. Lan horiek fantasiazko generoaren barruan sar daitezke, eta oso aurrekontu txikiarekin errodatu ziren. Aurten zonbi munduari buruzko lanak izango dira. FANT 2 FUN saio bikoitzak Kiah Roache-Turnerren “Wyrmwood” eta “Hunger Z” film japoniarra jasoko ditu. Lan horien filosofiarekin bat etorriz, ikus-entzuleak bi film bakarraren prezioan ikusi ahal izango ditu.
Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, fantasiazko generoan gero eta indar gehiago duen pertsona edo taldea saritzen duen FANTROBIA Saria emango dio Hatem Kraiche Ruiz-Zorrilla Salamancako gidoilariari. FANT-ek zine fantastikoarekin erlazionatutako gidoilari baten lana sarituko duen lehen aldia izango da. Hatem Kraichek zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko du saria, datorren maiatzaren 15ean.
Aita libanoarra eta ama espainiarra dituen Hatem Khraiche (Salamanca, 1976), genero horretako bi film luzeren gidoilaria da, La cara oculta (Andrés Baiz, 2011) eta FANT 21en barruan eskainiko den Retornados (Manuel Carballo, 2013). Horrez gain, hainbat film labur zuzendu ditu, eta film luzeen zuzendari gisa egingo duen debuta prestatzen ari da, Órbita lana. Bere aurreko proiektuetan gertatzen zen bezala, lan horretan ere ezer ez da dirudiena.
FANTESKOLA
Beste urte batez zinemaldiak erabat euskaraz izango den programazio berezia diseinatu du, umeengan pentsatuz. Goizeko lau saio izango dira Golem – Alhondiga Bilbaoko auditorio nagusian (400 eserleku). Saio horietan animaziozko bi film eskainiko dira: “Yugo eta Lala 2” txinatarra eta “Pim eta Pom” holandarra.
PROGRAMA, BIDEOAK ETA ARGAZKIAK:
https://www.dropbox.com/sh/reqx0rjkz8it8rr/AAAA6PsunCgyG_RWa9EMdKi9a?dl=0