Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, ostegun honetan, urriaren 3an, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei eskainitako “XXI. mendeko Emakume Idazleak” programako beste topaketa bat jasoko du ostegun honetan, urriaren 3an, Katixa Agirre euskal egilearekin. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte. Euskaraz izango da eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Katixa Agirre doktore da Ikus-entzunezko Komunikazioan eta irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. ‘Sua falta zaigu’ (2007) eta ‘Habitat’ (2009) ipuin bildumak eta ‘Paularen seigarren atzamarra’, ‘Ez naiz sirena bat, eta zer?’ eta ‘Patzikuren problemak’ liburuak argitaratu ditu. Zutabeak idatzi ditu Noticias de Álava eta Deia egunkarietan eta Aizu! eta Argia aldizkarietan.
2015ean argitaratu zuen Atertu arte Itxaron? (Elkar, 2015) lehenengo eleberria, 111 Akademia saria irabazi zuen road novel-a, hain zuzen ere. Iaz, amatasunari eta sorkuntzari buruzko gogoeta egitera daraman “Amek ez dute” eleberria argitaratu zuen. Izan ere, umeei eta gazteei zuzendutako literaturan emandako lehen pausoen ondoren, estilo heldua erakusten duen eleberria landu du, eta euskaraz idatzitako literatura garaikideko emakume egile esanguratsuenetakoa da.
Kulturan espezializatutako Idoia Jauregi kazetariak aurkezten duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa 2017an inauguratu zen, irakurleen aldetik ere arrakasta duten narratiba garaikideko emakume egileen lanetan zentratzeko xedez. Hauek dira topaketa horietan orain arte parte hartu duten egileak: Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Clara Usón, Elvira Lindo, Najat El Hachmi, Karmele Jaio, María Sánchez eta Rosa Ribas.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.