BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, JA! BILBAO – UMOREZKO LITERATURAREN ETA ARTEAREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREKIN LANKIDETZAN, LITERATUR TOPAKETA JASOKO DU ASTEAZKEN HONETAN, URRIAREN 2AN, ANDREI KURKOV IDAZLEAREKIN

Ekitaldian, Andrei Kurkovek Guillermo Altares kazetariarekin egingo du berba. 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte. Bat-bateko itzulpen zerbitzua izango du, eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Ja! Bilbao – Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan, Andrei Kurkov idazle errusiarrarekin topaketa jasoko du asteazkenean, urriaren 2an. Guillermo Altares kazetariak elkarrizketatuko du. Ingelesez egingo den eta bat-bateko itzulpen zerbitzua izango duen “Txernobiletik Sobiet Batasunaren gainbeherara” ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.

Andrei Kurkovek erregimen sobietarreko heziketa jaso zuen. Bere haurtzaroko lehenengo idazkiak hildako bere hamsterrei eta Lenini egon ziren eskainita. KGBrentzat egin zuen lan –itzultzaile gisa– eta kartzeletako zaindari ere izan zen. Esperientzia horrek guztiak, bere begirada ironikoaren eta umore beltz bereziaren iragazkitik igaro eta gero, mundu sobietarretan eta sobietaren ostekoan aditu bilakatu du Kurkov. Baita Txernobili buruz ere, eta gai horri buruzko hainbat anekdota ditu kontatzeko.

Andrei Kurkov (Leningrado, 1961) zazpi urte zituela hasi zen idazten, zituen hiru hamsterretatik bi hil zirenean eta bizirik geratu zenari bakardadeari buruzko poema bat eskaini zionean. Garai hartan, bere heziketa sobietarraren ondorioz, Lenini ere eskaintzen zizkion testuak. Japonierazko itzultzaile gisa aritu zen lanean KGBrentzat, eta kartzeletako zaindari ere izan zen Odesan, umeei zuzendutako lehenengo lanak idatzi zituen bertan. Hogei eleberri inguru, umeei zuzendutako hainbat lan eta dokumental ugari egin ditu, eta bere lanak hogeita hamar hizkuntza ingurura itzuli dira. Aditua da sobietaren osteko munduan, eta Ukrainako errealitateari buruz idazten du mundu osoko komunikabideetan. Blackie Booksek 2018an berriro argitaratu duen “Muerte con pingüino” nazioarteko best seller-ak umore beltza eta sobietaren osteko giroa nahasten ditu. Gauza bera gertatzen da argitaletxe horrek duela denbora gutxi argitaratu duen Kurkoven bigarren liburuan, “El jardinero de Ochákov”.

Guillermo Altaresi dagokionez, El País egunkarian egiten du lan, eta bertan erantzukizuneko hainbat postu bete ditu, Nazioarteko Saileko erredaktore buru, elpais.com-en eta Babelia eta Ideas gehigarrien arduradun gisa. Berriemaile berezia izan da 20 herrialde baino gehiagotan; beste batzuen artean Afganistango eta Irakeko gatazketan aritu izan da. El País egunkarian aritu aurretik, France Presse Agentziak Madrilen duen ordezkaritzan eta jadanik desagertuta dagoen El Sol egunkarian egin zuen lan. “Una lección olvidada: Viajes por la historia de Europa” (Tusquets, 2018) lanaren egilea da, eta Onda Cero kateko ‘La Cultureta’ saioan aritzen da.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, xede nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen Bidebarrietako Liburutegiko gunea da.