JÉRÔME BEL, PIPPO DELBONO EDO GABINO RODRÍGUEZ BEZALAKO NAZIOARTEKO ARTISTEK ETA EUSKAL KONPAINIEN PARTAIDETZA GARRANTZITSUAK MARKATUKO DUTE BAD-EN – BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIAREN XVI. EDIZIOA

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako jaialdia URRIAREN 22an hasiko da, BAD-ek eta Laurentzi Produccionesek ekoiztu duten, Carlos Gilen testua duen eta Lander Iglesiasek zuzendu duen “Cuarteto del Alba” lanaren Bizkaiko estreinaldiarekin, Arriaga Antzokian (20:00etan).

BAD-ek hogei bat konpainiaren azken lanak ekarriko ditu, horietatik erdia euskaldunak, eta talde hauek euren lanak estreinatuko dituzte: Metrokoadroka, Horman Poster, Olatz de Andrés, Khea Ziater eta Naiara Mendioroz eta Javier Murugarren.

Nazioarteko proposamenen artean, Lagartijas tiradas al sol konpainia mexikarraz gain, BAD-en ekoizpena duen Marco Canaleren “El futuro empezó ayer” lanaren estreinaldia edo urte luzez Europan lanean aritu ostean, euren lanak Euskadin lehen aldiz aurkeztuko dituzten Olga Mesaren eta Olga de Sotoren lanak azpimarratu behar dira.

Jaialdia AZAROAREN 2ra arte ikusi ahal izango da jada ohikoak diren eszenatokietan, BilbaoArte, La Merced, Sala Rekalde, La Fundición, Muelle 3, Guggenheim Museoko auditorioa, Bilborock, Deustuko kiroldegia, Arriaga antzokia eta, berrikuntza gisa, Arriaga plazak Cielo Raso euskal dantza konpainiaren aire libreko inaugurazio lana jasoko du (urriaren 22an, arratsaldeko 19:00etan). + INFO: www.badbilbao.com

Euskal sorkuntza berriak eta nazioarteko konpainia gehiagoren presentzia handiagoak markatuko dute Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen BAD-en – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren edizio berria. Gure hiriko hamar bat eszenatoki hartuko ditu URRIAREN 22tik AZAROAREN 2ra.

Guztira, programazioak 14 estreinaldi jasotzen ditu –nazioarteko lanak Euskadi mailako estreinaldiak izango dira, eta gainerakoak erabateko estreinaldiak– eta jaialdiaren hiru koprodukzio lan, Olatz de Andrésekin, Claudia Diasekin eta Laurentzi Produccionesekin, hain zuzen ere. Azken ekoizpen lan hori izango da, hain zuzen ere, BAD-en edizio hau zabalduko duena, URRIAREN 22an, Arriaga Antzokian (20:00etan), Carlos Gilen testua eta Lander Iglesiasen zuzendaritza dituen “Cuarteto del Alba” lanarekin.

BAD 2014ko programazio osoa gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Alicia Otxandategi BAD-eko zuzendariak.

ERREFERENTZIAKO ARTISTAK

Nazioarteko programazioari dagokionez, BAD-ek, Europa mailako antzerki dokumentaleko lan garrantzitsuenetako bi programatu ditu: Italiako antzerki garaikideko artista garrantzitsuenetakoa den Pippo Delbono italiarraren “Racconti di Giugno” –Guggenheim Museoaren auditorioan, URRIAREN 28an, arratsaldeko 19:00etan– eta dantzaren berrikuntzan eragin gehien duenetakoa den Jérôme Bel dantzari eta koreografoaren “Cedric Andrieux” –La Merceden, URRIAREN 25ean, gaueko 21:30etan–.

“Racconti di Giugno”, Pippo Delbonok sortutako bakarkako lan bakarra da. Bertan bere bizitza aztertzen du, familiarekin, maitasunarekin eta antzerkiarekin erlazionatuta; konfidentziaren eta konferentziaren erdibidean, ikus-entzuleekin partekatzen du bere bilaketa existentziala eta antzerki munduari dagokiona, eta hori, bizitzeko arteari buruzko ez ohiko lekukotza da. Bitartean, Jérôme Belek, Cedric Andrieuxen, Merce Cunninghamen konpainiako dantzari ohi baten, biografia sortzen du. Belek lehen aldiz aurkezten du Euskadin dantza garaikidetik egiten duen ibilbidea, Cédric Andrieuxen bizitzako esperientzian oinarrituz.

Beste alde batetik, Lagartijas tiradas al sol konpainia mexikarrak “Montserrat” bakarkako lana aurkeztuko du La Fundiciónen, URRIAREN 27an, gaueko 21:00etan. Lan horretan, Gabino Rodríguez mexikarra amaren bila hasiko da, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga liluragarrian. Erreferentziazko konpainia da Mexikon, eta lehen aldiz heldu da Euskadira, jada Paris, Brusela edo Zurich bezalako jaialdietatik igaro den lan horrekin.

Horrez gain, BAD-eko edizio honek, Olga Mesa eta Olga de Soto bezalako bi artistaren lana ezagutzeko aukera emango die Bilboko ikus-entzuleei. Artista horiek hemen aurkeztuko dituzte euren lanak, berriro ere, urte luzez Estatutik kanpo lanean aritu ostean. Olga De Sotok aurrera jarraitzen du dantzaren historiaren berreraikuntzarekin, “Tras las huellas de La mesa verde: Una introducción” performance dokumentalean, –La Merceden, URRIAREN 28an, gaueko 21:30etan–. Valentzian jaio baina Bruselan bizi den koreografo, dantzari eta dantza ikerlari hori, azken urteetan, Europako dantza garaikidearen alorrean gero eta indar gehiago lortu duen XX. mendeko dantzaren memoria ikertzeko eta berreskuratzeko mugimenduaren bultzatzaileetakoa da. Iaz, Belgikako Egile eta Konposatzaile Dramatikoen Elkartearen Sari Nazionala jaso zuen, Arte Eszenikoen kategorian, bere ibilbidea dela eta.

Olga Mesa koreografo eta ikus-artistari dagokionez, bere ezaugarri nagusiak, esperimentazioan oinarrituz ikus-arteak eszenara eramatea eta hizkuntza intimoa eta pertsonala sortzea dira. Kamera bere konplize bilakatu du, eta hari esker espazioaren/denboraren esperientzia eta begiradak, antzezlearen eta ikus-entzule/subjektuaren eta objektuaren arteko formulazioa uztartzen ditu. Bere sorkuntza lanak Europan, Hego Amerikan, Estatu Batuetan eta Afrikan aurkeztu ditu. La Merced aretoak jasoko du, URRIAREN 31n, gaueko 21:30etan, “Carmen: Shakespeare Acto 1” lanaren Euskadiko estreinaldia.

BAD-eko nazioarteko programazioaren barruan, BAD-ek ekoiztutako bigarren piezaren estreinaldia ere azpimarratu behar da, Marco Canalek, 2011. urtean ikusi ahal izan zen “La puta y el gigante” lanaren ondoren egin duen bigarren pieza. “El futuro empezó ayer” lanaren erabateko estreinaldiak emango dio amaiera jaialdiaren edizio honi, AZAROAREN 2an, arratsaldeko 20:30etatik aurrera, La Merceden. Antzerki biografikoaren barruan dagoen lan hori, minari buruzko lana izan zen hasieran, bere etxean, familia barruan, bizi izandako haurtzaroko minari buruzkoa. Marco Canaleren lanak, bizitzak eta antzerkiak bat egiteko eta elkar elikatzeko ahaleginak egiten dituzten prozesuetatik sortzen dira.

BAD 2014ko nazioarteko programazio guztia antzerki dokumental eta biografikoan dago zentratuta, eta Pablo Fidalgo idazle eta sortzaile eszenikoarekin elkarlanean, Europako eta Latinoamerikako alor horretako artista garrantzitsuenak aukeratu dira.
EUSKAL SORKUNTZA BERRIA

BAD-en aurtengo programazioaren beste ezaugarri bat, euskal sorkuntza berriaren barruan sartu daitezkeen konpainien presentzia garrantzitsua da. Konpainia horiek euren azken lanak aurkeztuko dituzte ikus-entzuleen aurrean. Horrela, Metrokoadroka & J.B. Pedradasen “Salto” (euskaraz), Horman Posterren “Magia Sinpatikoa” dantza-performance eleanitza (euskaraz), Khea Ziaterren “Not (never on time)” eta Naiara Mendioroz & Javier Murugarrenen “Bi – hots” erabateko estreinaldiak izango dira.

Azpimarratu behar da, baita ere, BAD-ek oso esfortzu garrantzitsua egin duela eszenako ekoizpenari laguntzeko, jaialdian estreinatuko diren zenbait koprodukzioren bitartez. Laurentzi Produccionesen “Cuarteto del Alba”, Olatz de Andrésen “El cielo ahora”, Claudia Dias artista portugesaren “Algo valioso se agota” eta Sleepwalk Collective taldearekin ekoiztutako “Domestica” lanak dira. Azken horren ekoizpenean Terrasako Joera Berrien Jaialdiak, TNT-k, ere hartu du parte, eta bertan aurkeztu zen irailaren 27an.

Olatz de Andrés, koreografoa eta Muelle 3 dantza eta sorkuntza gunearen kudeatzaileetako bat da. URRIAREN 25ean eta 26an La Fundiciónen estreinatuko den “El cielo ahora” lanak El Conde de Torrefielen laguntza dramaturgikoa du. “Privolva” bere azken lanarekin, hori ere BAD-en estreinatua, Madrid 2013 Koreografia Lehiaketaren lehen saria lortu zuen.

BESTE ESZENATOKI BATZUK
Bilborockek ikuskizun bakarra jasoko du aurten, Euskadin BAD-en barruan estreinatuko dena. Playgrounden (Xavier Bobés) “Monstruos” lana da. Playground, 2003an Xavier Bobések sortu zuen objektuen antzerki konpainiaren izena da. Playground jolas eszenikoa ere bada, eguneroko objektuaren munduaren lan eta ikerketa metodoa, imajinaziozko munduan gertatzen diren testuinguru harrigarrietako diskurtso berriez hornitua. BAD-en lankidetza aktiboa duen Terrassako TNT jaialdiaren koprodukzioa da. Leku kopuru mugatua duen ikuskizun horrek bi emanaldi izango ditu, urriaren 29an.

Berrikuntza gisa, BAD-en edizio hau, Cielo raso konpainiaren dantza ikuskizun batekin inauguratuko da, Arriaga plazan (URRIAK 22, arratsaldeko 19:00etan). “Carnaval”, 20 minutu irauten dituen pieza laburra da, eta kalera irteten da, oraindik beharbada jaialdiarekin harremanik izan ez duten pertsona guztiak erakartzeko, antzerki eta dantza garaikideak ikus-entzule guztiei asko eskaintzeko duela erakusteko.

 

Beste proposamen batzuen artean, BilbaoArtek bideo-sorkuntza sekzioa jasoko du beste urte batez, ZINEBIrekin elkarlanean, dantza eta antzerki garaikidearekin erlazionatutako film laburrak eskainiz. BilbaoArte izango da, baita ere, film laburrez osatutako saioaren aurrekari izango den “North Star Canada 240” (15 min) lana eskainiko den eszenatokia. Lan horrek saria lortu zuen Madrid 2012 Koreografia Lehiaketaren 26. edizioan.

Ruemaniak euskal konpainiak “Sergei” aurkeztuko du. Eskainiko den lekura, Deustuko kiroldegira, egokituta dagoen ikuskizuna (site – specific). Leku kopurua 40 pertsonakoa izango da emanaldi bakoitzean. Mugatua izango da, baita ere, Macarena Recuerdaren “That´s the story of my life” performanceak jarraitzeko leku kopurua –URRIAK 25, arratsaldeko 19:30ak, Errekalde Aretoa–.
PROFESIONALENTZAT

Ohikoa denez, BAD-ek lekua gordeko du prestakuntzarako eta profesionalen arteko esperientzien trukaketarako. Horrela, Muelle 3k, master class intentsiboa jasoko du Pippo Delbono antzezle, zuzendari eta orain zinegile ere baden artistaren eskutik. Pippo Delbonok bere lan egiteko moduari, erkidegoan bizitzeari eta, Bobó bere antzezle fetitxearen aurkikuntzari buruz hitz egingo du. Horrez gain, Macarena Recuerdak “Cuentame en imágenes” tailer intentsiboa eskainiko du URRIAREN 27an eta 31n BilbaoArten, ikusten denaren bitartez narrazio posibleak eraikitzeari buruzkoa. Tailer hori, urriaren 25ean bere “That´s the story of my live” lana Errekalde Aretoan eskaini ondoren etorriko da. Lana, objektuen animaziorako stop-motion teknologiaren bitartez kontatutako ikus-entzunezko autobiografia da.

Euskadiko Dantza Elkarteak (ADDE) mahaingurua antolatu du URRIAREN 25ean, Errekalde Aretoan, euskal dantzaren internazionalizaziorako zenbait proposamen aztertzeko helburuz.

Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian erostean, eta 8 euro aurretiko salmentan edo internetez erosten badira. Aurreko edizioetan bezala, BONOBAD erosteko aukera egongo da, 20 eurokoa (3 ikuskizun) eta 50 eurokoa (10 ikuskizun). Prezioei, aurretiko salmentari eta erreserbei buruzko informazio guztia jaialdiko webgunean (www.badbilbao.com) jaso daiteke, eta urriaren 14tik aurrera, Errekalde Aretoan egongo den informazio bulegoan.