IBAIONDOKO BARRUTIAK, ZINEAREN, MUSIKAREN, ARTEAREN ETA BESTE JARDUERA BATZUEN BITARTEZ IKUS-ENTZULEAK BESTE GIZARTE ERREALITATE BATZUETARA HURBILDU NAHI DITUEN “GIZAZINEA” EKIMENAREN EDIZIO BERRIA JASOKO DU DATORREN ASTEAZKENETIK AURRERA

Kultura eta Hezkuntza Sailak, Caóstica elkartearekin batera, antolatutako kultur programa Ibaiondoko barrutiko hainbat lekutan eskainiko da, MARTXOAREN 14ra arte.

Bidebarrietako Liburutegiak, Pedro García Aguadok eta Francisco Castaño Menak eskainiko duten “Aprender a educar” hitzaldia jasoko du MARTXOAREN 13an (19:00etan).

 

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak “Gizazinea” programaren edizio berria inauguratuko du ASTEAZKENEAN. Programa martxoaren 14ra arte luzatuko da, Ibaiondoko barrutiko hainbat lekutan, San Frantziskoko eta Burtsako Udaltegietan, Bidebarrietako Liburutegian, Bilborocken edo BilbaoArten, besteak beste. Caóstica elkartearen lankidetza duen ekimenaren barruan, ikusleei, gizartearen eta gizakien ikuspegietatik desberdinak diren errealitateetara hurbiltzeko aukera emango dieten film laburrak eta luzeak –dokumentalak eta fikziozkoak– eta beste musika eta arte proposamen batzuk eskainiko dira.

 

Gizazinea” programak, arte eta ikus-entzunezkoetako sormenarekin lotu nahi ditu balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideak, gaurkotasuna duten gai batzuetara hurbiltzeko, nazioarteko gatazketara, pobreziara edo elkartasunera, zinearen, arte eszenikoen, musikaren edo dantzaren bitartez, gogoeta eta solasaldia sustatzeko.

 

Programazioa asteazkenean, MARTXOAREN 4an, hasiko da, San Frantziskoko Udaltegian, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan, Zinebi 56an, parte hartu duten eta gizarte gaiak lantzen dituzten film labur hoberenen proiekzioarekin. Zine saioek ostegunean, MARTXOAREN 5ean, jarraituko dute, leku berean, ondorengo solasaldian parte hartuko duen Mikel Rueda zuzendariaren “A escondidas” (2014) filma eskainiz. Duela denbora gutxi hil den Álex Anguloren azken lana izan zen filmak, 15 eta 16 urteko bi mutil gazteren bideak zelan gurutzatzen diren erakusten digu. Bat espainiarra da, eta bestea, Espainiatik kanporatua izan behar den marokoarra.

 

Bilborock-ek, nazioarteko zenbait gatazka lantzen dituzten dokumentalak jasoko ditu, Unai Aranzadi dokumentalgile entzutetsuaren eskutik. Zine programazioa, Alberto Gilek koordinatutako hamar zinegile gazteren proiektua den “10 miradas” filmarekin osatuko da. Zinegile gazteek, leku guztietan nabaria den krisi ekonomikoari buruzko gogoetak erakusten dituzte filmean. Unai Aranzadi eta Alberto Gil ikus-entzuleekin egongo dira euren lanak eskaintzen diren egunetan. Ohikoa denez, programazioak, Caósticak antolatutako film laburren proiekzioa jasoko du, BilbaoArten, MARTXOAREN 11n, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Lanen artean, ume-soldaduen errealitate gordina dokumentatzen duen eta Oscar sarietarako izendatuta egon den Esteban Crespo zinegilearen “Aquel no era yo” film laburra dago.

 

HITZALDIAK ETA KONTZERTUAK

Gizazinea” ekimenaren edizio honetan, Pedro García Aguadok eta Francisco Castaño Menak eskainiko duten hitzaldi bat ere izango dugu. “Aprendiendo a educar” hitzaldia gurasoei zuzenduta dago, jarraibideak emateko, euren seme-alabak zoriontsu, autonomo, arduratsu eta balioetan aberats izan daitezen eta zoritxarrari eta arazoei aurre egiteko gaitasuna izan dezaten. Hitzaldia MARTXOAREN 13an izango da Bidebarrietako Liburutegian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Egun horretan bertan, Bilborockek, funketik bluesera, flamenkotik igaroz, doan errepertorioa eskaintzen duen Kamankola Band taldearen kontzertua jasoko du. Ez da programako musika une bakarra izango, izan ere, aurreko edizioetan bezala, amaiera ekitaldia egongo delako, oraingo honetan Hika Ateneoan, MARTXOAREN 14an, eta bertan bideo-klipak emango dira, Charles “Chop” Cooperren kontzertua egongo da eta DJ Eneko Yánizek saioa eskainiko du. Beste alde batetik, asteazkenetik martxoaren 13ra bitartean, San Frantziskoko Udaltegiak AmiArte taldearen erakusketa jasoko du. Begoña Intxaustegik zuzendutako tailerra izango da, eta bertan artistek eta profesionalek egoera zailetan dauden pertsonekin izandako esperientziak konpartituko dituzte, artea norberaren eraldaketarako elementu izan daitekeela erakusteko.

Halaber, San Frantziskoko Liburutegiak, programaren gaiekin erlazionatutako liburuen, DVD-en eta beste material batzuen beste erakusketa bat ere jasoko du.

 

AGENDA

 

MARTXOAK 4

19:00 San Frantziskoko Udaltegia. ZinebiKlub nazioarteko film laburren proiekzioa

20:30 San Frantziskoko Udaltegia. AmiArte erakusketaren inaugurazioa (martxoaren 4tik 13ra)

 

MARTXOAK 5

19:00 San Frantziskoko Udaltegia. “A escondidas” filmaren proiekzioa eta topaketa Mikel Rueda zuzendariarekin.

 

MARTXOAK 6

20:00 Bilborock. Independent Docs proiekzioa, Unai Aranzadirekin.

 

MARTXOAK 11

19:00 BilbaoArte. Film laburren proiekzioa Caósticaren eskutik.

 

MARTXOAK 12

19:00 Burtsako Udaltegia. “10 miradas” filmaren proiekzioa, Alberto Gil zuzendariarekin.

 

MARTXOAK 13

19:00 Bidebarrietako liburutegia. “Aprender a educar”. Hitzaldia Pedro García Aguadorekin eta Francisco Castaño Menarekin.

21:30 Bilborock. Kamankola Band. Kontzertua

 

MARTXOAK 14

20:00-00:00 Hika Ateneoa. Amaiera ekitaldia, Caósticaren bideo-klipen proiekzioarekin, DJ Eneko Yanizek eskainitako saioarekin eta Charles “Chop” Cooperren kontzertuarekin.

 

Jarduera guztiek SARRERA LIBRE IZANGO DUTE, LEKU GUZTIAK BETE ARTE.

 

+ INFO: www.kulturabarrutik.net