Bilboko Udalaren ekimenaren helburua musika klasikora eta hain ezagunak ez diren beste estilo batzuetara ikus-entzule berriak erakartzea da. Saio guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira Bertendonako Institutuan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Bilboko Udalak “Musika dibertigarria da” programaren beste edizio bat jarriko du martxan ostiral honetan, maiatzaren 3an. Ekimen horren helburua gure hiriko biztanleen artean musikarako eta, batez ere, baina ez horretarako soilik, musika klasikorako, zaletasuna piztea da. Maiatzaren 3, 10, 17 eta 18an, Bertendona Institutuak, familia osoari zuzendutako kontzertu didaktikoak jasoko ditu. Kontzertu horietan musika klasikoa, zartzuela eta opera entzun ahal izango dira.
Aurten hamabigarren edizioa betetzen duen “Musika dibertigarria da” zikloaren helburu nagusia entzuleak zuzeneko musikara hurbiltzea da, musika horren ezagutza eta gozamena bultzatuz, ikus-entzule berriak erakarriz. Programazio didaktikoa ostiral honetan hasiko da, historiako emakume konposatzaile handiak berreskuratu gura dituen errezitaldiarekin. “Isilaraziak: konposatzaile emakumezkoak historian” izenburua daraman errezitaldiari Lorena Ferreirok jarriko dio ahotsa, Georgina Barriosek pianoan lagunduta, eta emakume konposatzaile ezezagunen lan ederrak entzuteko aukera eskainiko zaie entzuleei. Konposatzaile horietatik gehienak nahita geratu ziren historiatik baztertuta, eta sarri askotan izenordeen azpian ezkutatu edo euren egiletzari uko egin behar izan zioten. Errepertorioan entzungo ditugun lanen egileen artean Emiliana Zubeldia, María Rodrigo, Pauline Viardot, May Beach edo Liza Lehmann daude, besteak beste.
Bigarren kontzertu didaktikoa maiatzaren 10ean izango da, eta EHUorkestra Sinfonikoaren eskutik etorriko da. Doru Artenieren zuzendaritzapean, Barrokotik XX. mendera bitarteko lanetan oinarritutako errepertorioa eskainiko du. Haendelen, Vivaldiren edo Debussyren intimismotik, Straussen edo Warlocken pozera eta mugimendura, Mozarten sotiltasunetik igaroz. Kontzertu atseginari Susana Zabacok jarriko dio ahotsa, eta, errepertorio anitzarekin sendotu egiten den orkestra gaztea, EHU/UPVko hogeita hamar ikasle inguruk osatutakoa, erakutsi duko.
Maiatzaren 17a Zabalguneko Abesbatza Taldearen txanda izango da, Maitasuna eta umorea Zartzuelan” izeneko kontzertuarekin. Genero liriko bikain eta ezezagun horrek, gizartearekin harremana izateko ezinbesteko loturak erakusten ditu. Gure bizitzetan ezinbestekoa den maitasuna, eta une gogorretan beharrezkoa den umorea. Antologia horretan, Ana Begoña Hernándezen zuzendaritzapean, Adhara Martínezek (mezzo-sopranoa) eta Tirso Apariciok (baritonoa) maitasunaren eta umorearen apologia egingo dute.
“Musika dibertigarria da” programaren aurtengo edizioa maiatzaren 18an itxiko da, Javier Navascuések eta José Manuel Cachok (biolinak), Víctor Jiménezek (pianoa) eta Oihana Landak (flauta) osatutako Impromptu laukotearen proposamen interesgarriarekin, Johann Sebastian Bachen lan garrantzitsuenetako batzuetan oinarritutako errepertorioa eskainiz. Izan ere, ahots aditu batzuen iritziz, garai guztietako konposatzaile onena da, gizatasun sakonena duen musikaren sortzailea. Hala ere, hiltzean, bere lanak “zaharkituta” zeudela esan zen, eta XIX. mendearen erdialdera arte itxaron behar izan zen, bere kalitate paregabea aintzatesteko.
Ohikoa denez, kontzertu didaktiko guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango dute. Sarrerak ordubete lehenagotik, 18:30etik aurrera, jaso ahal izango dira institutuan bertan, leku guztiak bete arte.
AGENDA: MUSIKA DIBERTIGARRIA DA
MAIATZAK 3
19:30 LORENA FERREIRO ETA GEORGINA BARRIOS
“Isilaraziak: konposatzaile emakumezkoak historian”
Lorena Ferreiro: sopranoa
Georgina Barrios: pianoa
MAIATZAK 10
19:30 EHUOrkestra Sinfonikoa.
“Barrokotik XX. mendera”
Doru Artenie. Zuzendaria
Susana Zabaco. Ahotsa
MAIATZAK 17
19:30 ZABALGUNEKO ABESBATZA
“Maitasuna eta umorea Zartzuelan”
Ana Begoña Hernández. Zuzendaria.
Marta Cara. Pianoa
Adhara Martínez. Mezzo-sopranoa
Tirso Aparicio – Baritonoa
MAIATZAK 18
19:30 IMPROMPTU
“Johan Sebastian Bach (1685-1750)” (Familia osoarentzat)
Ohiana Landa. Txirula
Javier Navascués. Biolina
José Manuel Cacho. Biolina
Victor Jiménez. Pianoa
LEKUA: Bertendona institutua (Bertendona kalea, 5)
* Sarrera dohainik. Ordubete lehenagotik, 18:30etik aurrera, jaso ahal izango dira institutuan bertan, leku guztiak bete arte. Kontzertua hasi ondoren ez da aretora sartzen utziko.