HAMAIKA EUSKAL FILM LABUR EGILE LEHIATUKO DIRA EUSKAL FANT LABURREAN SEKZIOAN BIHAR CAMPOS ANTZOKIAN, BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN – FANT 21EN INAUGURAZIO EKITALDIAREN ONDOREN

FANT LABURREAN sekzioaren barruan dauden filmek, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren Zinemaldiko Film Labur hoberenaren saria lortu ahal izango dute. Sari bakoitzak 3.000 euro banatuko ditu. Horrez gain, Euskal Film Labur hoberenak 2.000 €-ko saria jasoko du.

FANT 21eko inaugurazio ekitaldia 20:00etan hasiko da, Campos Antzokiko eszenatoki nagusian, eta bertan “The House on Pine Street” filmaren Europako premierea eskainiko da. Horren amaieran, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburrak eskainiko dira.

Azken edizioetan gertatu den bezala, film laburrak leku garrantzitsua beteko du Bilboko Zinemaldi Fantastikoan – FANT 21en, antolatzaileek jasotako 800 lan baino gehiagoren artean aukeratu diren fikziozko eta animaziozko 22 lan erakutsiko dituen FANT LABURREAN sekzioari esker.

Aukeratutako 22 film laburren artean, euskal zinegileek egindako 11 daude, eta bihar, OSTIRALEAN, maiatzaren 8an, eskainiko dira, gaueko 23:00etatik aurrera, Campos Antzokian, EUSKAL FANT LABURREAN sekzioaren barruan. Emanaldi horiek emango diote amaiera, arratsaldeko 20:00etan Campos Antzokiko eszenatoki nagusian hasiko den inaugurazio ekitaldiarekin martxan jarritako FANT 21en lehen egunari.

Lehiaketara aurkeztutako film laburren erakusketak 140 minutu iraungo ditu, eta inaugurazio ekitaldiko filma, Aaron eta Austin Keeling anaien “The House on Pine Street” lanaren Europako premierea, amaitu ostean hasiko da.

EUSKAL FANT LABURREAN sekzioa gaur goizean aurkeztu da Bilbon, Sekzio horretan lehiatuko diren zinegile batzuen presentziarekin. Mikel Muro, Iker Arce, Ivan Mena Tinoco, Aitor Gutiérrez, Aitor Arenas, Khris Cembe e Iván Miñambres, Kepa Peñil y Travis J. Flint, Paul Urkijo y Kote Camacho egon dira bertan. Zinegileekin batera, Justo Ezenarro FANT-eko zuzendaria eta Ernesto del Río Zinebiko zuzendaria egon dira.

Euskal zinegileek lehiaketara aurkeztu dituzten 11 lanak jatorrizko bertsioan –gaztelaniaz– ikusi ahal izango dira, euskarazko azpi-tituluekin. Hauek dira:

“Anómalo”, Aitor Gutiérrez
“A través del espejo”, Iván Mena Tinoco
“El bosque negro”, Paul Urkijo
“El buen mal”, Joaquín Urruticoechea
“Don Miguel”, Kote Camacho
“Homunculus” Kepa Peñil eta Travis J. Flint
“Magia”, Iker Arce Aretxabala
“Oscar desafinado”, Mikel Alvariño.
“La señora Jesús Mari”, Aitor Arenas
“Tiempo inverso”, Gregorio Muro Arriet eta Mikel Muro Basterra
“Viaje a pies”, Khris Cembe

Sekzio Ofizialeko gainerako film labur gehienak, Norvegiatik, Frantziatik, Greziatik, Herbehereetatik, etorritako lan europarrak, Estatuko gainerako lekuetatik bidalitakoak eta EEBB-etatik eta Kanadatik etorritako bi lan dira. Nazioarteko film laburrak LARUNBATEAN, maiatzaren 9an, eskainiko dira, arratsaldeko 20:00etako saioan, Golem-Alhondigako 1. Aretoan.

Euskal eta Nazioarteko atala biltzen dituen FANT LABURREAN sekzioan parte hartzen duten film guztiek, bakoitzak 3.000 euro jasoko dituen bi film labur hoberenen saria lortu ahal izango dute, zinemaldiko epaimahaiak eta ikus-entzuleek aukeratutakoak. Zinegile berrien lana bultzatzea, Zinemaldiaren nortasun zeinuetako bat, bilatzen duten film laburraren alorreko bi sari horiei, Euskal Film Labur hoberenak jasoko duen 2.000 €-ko saria gehitu behar zaie.

FANTEN HASIERA
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoaren – FANT-en 21. edizioa martxan dago jada, eta larunbatetik aurrera, nazioarteko 13 film luze, iazko edizioan baino bi gehiago, jasoko dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu du. Lan horietatik bost lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estatuan.

Horrez gain, zinemaldiak leku berezia erreserbatuko du genero horretako izen handiei omenaldia eskaintzeko, Hayao Miyazaki zinegile japoniarrari edo duela denbora gutxi hil den Alex Angulo antzezleari, Álex de la Iglesiaren “El día de la bestia” lanaren emanaldiarekin, areto komertzialetan estreinatu zenetik bi hamarkada betetzen diren honetan. Esan behar da Alex Angulo Bilboko Zinemaldi Fantastikoko – FANT-eko epaimahaiko kide izan zela 2012an.

Bilboko zinemaldiak, M. Night Shyamalan zinegileak idatzi eta zuzendu duen “Wayward Pines” telesailaren estreinaldia ere jasoko du, FOX Españarekin elkarlanean. Horrez gain, Zinemaldiak Jonathan Glazerren “Under the skin” lanaren emanaldi berezia eskainiko du. Scarlett Johansson protagonista duen eta nazioarteko kritikaren iritziz 2014ko film hoberenetakoa den lana zinemaldietan ikusi ahal izan da –ia zinemaldietan soilik–. Hogeita hamar sari baino gehiago jaso ditu.

Lehiaketatik kanpo bada ere, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, David R.L. zuzendari irundarraren “La noche del ratón” (2014) euskal film luzearen estreinaldia eskainiko du LARUNBAT honetan Panorama Fantastikoa sekzioaren barruan. Asier Vázquezek ekoiztu duen filmaren protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza antzezleak dira. Film luzea 6.000 euroko aurrekontuarekin egin zen, eta Irun, Hondarribi eta Donostia artean errodatu zen, 25 gautan.

Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberena, Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur Hoberena aukeratzeko erabakia bere eskuetan izango duten adituen epaimahaia Dominique Pinon antzezle frantses beteranoak, Aina Clotet antzezleak eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariaren zuzendariak osatuko dute.

Ohikoa denez, sarien banaketa, amaiera ekitaldiaren barruan izango da. Aurten ere Kale Nagusiko BBK Aretoan izango da, MAIATZAREN 15ean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan, Gonzalo Bendalaren “Asesinos Inocentes” film luzea eta “Aida” telesailean egiten duen lana dela eta ezaguna den Eduardo Casanova zuzendari eta antzezlearen azken lana, “La hora del baño” film laburra, eskainiko dira. Zuzendari biak Bilbon egongo dira, euren filmak aurkezten.

PINTXO ETA GOZOKI IBILBIDEA
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Bilbao Centro Elkartearekin lankidetzan, zinemaldiak irauten duen bitartean, BIHARTIK, maiatzaren 15era arte, terrorean edo fantasian inspiratuta FANT 21erako bereziki prestatutako pintxoak edo gozokiak eskainiko dituzten ostalaritzako eta gozogintzako establezimenduetatik ibilbidea ere proposatzen du.
Ibilbideak establezimendu hauek hartuko ditu: Huevo Frito, Gure Ametzak, Kanpatxu, Kazeta, Joserra taberna, Indautxuko batzokia, Lasa jatetxea eta Larragan. Gozokien atalean, gozozaleentzako ibilbidea Bochoccon abiatuko da, eta ondoren, Pastelería Maide, Le Chocolat, Martina Zuricalday, Pastelería Nevada, Bizkarra, Bread and Coffee, Pannus eta Pastelería Dastaketa etorriko dira.

FANT21i buruzko informazio guztia: www.fantbilbao.net