Aaron eta Austin Keeling zuzendari gazteek, Estatu Batuetan oso kritika onak jaso dituen beldur psikologikoko film luzea aurkeztu dute Bilbon gaur goizean. Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Campos Antzokian.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak– FANT 21ek, gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak, Aaron eta Austin Keeling anaien lehenengo film luzea den “The House on Pine Street” (EE.BB. 2014) lanaren Europako premierearekin. Gaur goizean aurkeztu dute euren lana, Iñaki López de Aguiletak, zinemaldiaren sustatzailea den Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak lagunduta. Estreinaldia FANT 21en inaugurazio ekitaldian izango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian.
Beldur psikologikoko drama hori, joan den otsailean Silicon Valleyko CineQuest jaialdian aurkeztu ondoren, Estatu Batuetan jaso dituen kritika bikainen ondoren dator. Keeling anaiek eta Natalie Jonesek idatzitako ekoizpen lan independentea 19 egunetan errodatu zen, neurri handi batean crowdfunding kanpaina baten bitartez lortu zen aurrekontuarekin. Beste alde batetik, errodatze taldeko kide guztiak 24 urte baino gutxiago dituzte, eta gehienak, Kansaseko Unibertsitateko zine eskolan duela denbora gutxi graduatutakoak dira.
Austing Keelingek 17 urte zituela zuzendu zuen bere lehenengo film luzea. Zine eta Telebista Ekoizpenean graduatu ondoren, Sony, Lexus eta George Lucas etxeetarako proiektuak egin ditu, eta duela denbora gutxi, James Francok ekoiztu duen “Ultimate Evil” web-telesailaren zenbait episodio zuzendu ditu. Aaaron Keelingi dagokionez, hainbat lan egin ditu Austin anaia bikiarekin, eta zinegile independente gisa ari da hainbat dokumentaletan.
SINOPSIA
Zazpi hilabeteko haurdun dagoen Jennifer Branagan (Emily Goss) Kansaseko bere jaioterrira itzuliko da, horretarako gogo handirik ez duen arren, ezusteko krisi emozionala jasan ondoren. Amatasunari dion beldurrari, senarrarekin duen harreman zailari eta amaren presentzia kontrolatzaileari aurre egin beharko dion Jennifer bere bizitzaren gidaritza berreskuratzeko borrokatuko da. Baina, alokatutako etxe berrian gauza arraroak gertatzen hasten direnean, etxea sorginduta ote dagoen susmatzen hasten da Jennifer. Badirudi beste inork ez duela hori sinesten, eta Jenniferrek bere zentzu ona ere zalantzan jarriko du, etxea zerk kutsatzen duen asmatzen saiatzen den bitartean… horrelakorik baldin badago, jakina.
“THE HOUSE ON PINE STREET”
EE.BB. 2014 / 111 min.
Zuzendaria: Aaron Keeling, Austin Keeling.
Gidoia: Natalie Jones, Aaron Keeling, Austin Keeling.
Ekoizpena: Natalie Jones, Aaron Keeling, Austin Keeling.
Musika: Giuseppe Vasapolli.
Montaketa: Austin Keeling.
Aktoreak: Emily Goss, Taylor Bottles, Cathy Barnett, Jim Korinke, Natalie Pellegrini, Tisha Swart-Entwistle, Keagon Ellison, Daniel Shirley, Robert Jones, Jeannie Blau, Andy Entwistle, Cayla Kunkel, Chelby Kunkel.
+ INFO: https://www.youtube.com/watch?v=48RHUoTrcqw