HAMAHIRU FILM LABUR LEHIATUKO DIRA FANT ZINEMALDIAREN 28. EDIZIOKO “FANT LABURREAN” SAILEAN

  • Euskal errealizadoreek zuzendutako 13 film hauek Euskal Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu ahal izango dute, 2.000 eurokoa, besteak beste.
  • Sail honetan parte hartuko duten film laburrak bihar, maiatzak 6, 22:30ean Campos Eliseos Antzokian egingo den Inaugurazio Galaren ondoren gozatu ahal izango dira.
  • Prentsarako eskuragarri dauden materialak hemen kontsulta daitezke.

FANT Zinemaldi Fantastikoak, Bilboko Udalak antolatuta, bihar, maiatzak 6 ostirala, inauguratuko du 28. edizioa. FANT maiatzaren 14ra arte luzatuko da eta edizio honetan 45 saio izango dira, proposamen ezberdin, interesgarri eta beldurgarriz beteak.

Proposamen horien artean, nabarmentzekoak dira “FANT LABURREAN” atalean lehiatzen ari diren euskal errealizadoreek zuzendutako 13 film laburrak.

Film laburren aldeko apustua izan da beti FANTen bereizgarrietako bat bere lehen edizioetatik, baita tokiko zinemagileen harrobiari emandako babesa ere. Horrela, gaur goizean, 13 titulu hauek aurkeztu dira Azkuna Zentroan egindako prentsaurreko batean. Bertan, honako hauek parte hartu dute: Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Zinegotzia; Justo Ezenarro, FANTeko Zuzendaria; eta aurkeztutako film laburren zuzendari hauek: Jon López Martín; Xabi Vitoria; Lander Castro; Aitor Elorriaga; Kevin Iglesias Rodríguez eta Pedro Rivero; Alaia Sedano Tobar; Xanti Rodríguez; Amaia San Sebastián; Susana Miravalles eta Nitya López.

Hiriko jaialdi dekano honen ezaugarrietako bat da kanpora begiratzen duela, nazioarteko panoramara, baina etxean dugun talentu izugarria ahaztu gabe. FANTek euskal errealizadoreei emandako babesa etengabea da hasieratik, eta harro gaude izen horietako hamahiru gaur goizean hemen edukitzeaz”, azpimarratu du Gonzalo Olabarriak.

Horiek guztiak Film Labur Onenaren Saria (3.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Saria (2.000 euro) eta Publikoaren Saria (3.000 euro) irabazteko hautagaiak dira. Gainera, Euskal Aktoreen Batasunak Ohorezko Saria emango dio film labur hauetan Interpretaziorik Onenari.

FANT LABURREAN” saioan parte hartuko duten film laburrak FANTen Inaugurazio Galaren ondoren proiektatuko den saio batean ikusi ahal izango dira. Ekitaldia bihar, maiatzak 6, ospatuko da. 19:30ean hasiko da Campos Eliseos Antzokian, joan den urrian Arriaga Antzokian ospatutako Max sarien gala Calixto Bieitorekin batera zuzendu zuen Álex Gerediagak.

Euskal film laburrek jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte euskarazko azpitituluekin eta online eskuragarri egongo dira Filmin plataforma digitaleko FANT atalean.

FANT LABURREAN EUSKAL FILMAK

Hauek dira lehiaketan parte hartuko duten hamahiru euskal film laburrak:

•“AU PAIR”David Pérez Sañudo.
Nadia, neska chic eta urbanita paristarra, Valladolidera doa Nestor gazte espainiarrari frantsesa irakastera. Han Fernandok hartuko du, Nestorren aitak, Gaztelako bihotzean sartuko duen gizon xelebre eta kastizoa. Banderatxoz eta zezen-buruz betetako ingurune arrotzean, Nadiak ahal duen guztia egingo du Nestor gazteari Moliéreren hizkuntza irakasteko. Edo hori uste du berak.

•“CALMA”Jon López Martín.
Emakume bat baso baten erdian etzanda esnatu da. Ezin da mugitu, ez du gogoratzen nor den ezta zelan iritsi den haraino. Gertaera horretatik abiatuta, poesian oinarritutako antsietateari eta desegiteari buruzko hausnarketa egiten da.

EL CARNÉ”, Xabi Vitoria.
Gauza guztietarako karnetak daude: gidatzeko, liburutegirako, igerilekurako… Hala ere, erabaki garrantzitsuenerako, ume bat izateko, ez dago horrelakorik. Eta nork ez du inoiz esan: “Zergatik ez dago aita/ama izateko gidabaimenik?”

CARNÍVORO”, Lander Castro.
Ama gauaren erdian esnatu da bere alaba Angelaren gelatik datozen zaratengatik. Hara iristean, konturatu da alaba ez dela normaltasunez jokatzen ari.

•“EL COMETA”, Aitor Elorriaga.
Bi lagun elkartu dira kometa bat ikusteko. Inoiz ez da Lurretik hain gertu igaro eta momentu ahaztezina izango da.

•“LOS DÍAS QUE (NUNCA) FUERON”, Kevin Iglesias Rodríguez, Pedro Rivero.
Hiru pertsonaia euren bizitzako unerik onena bizitzeko zorian daude… fenomeno bitxi bat agertzen den arte.

“HARAINDIKO”, Alaia Sedano Tobar.
Mari, Euskal Herriko jainkosa boteretsuena zen, bere baitan zituen naturako elementu eta bizidun guztiak. Sugaar, suntsipen eta sormenaren jeinu Euskalduna zen. Bi hauek, egun batean topo egin zuten, eta lehen begi-kolpean, erotasunez maitemindu ziren. Haien jainko maila zela eta, isilean eraman behar zuten haien harremana. Beraz, ostiralero, Anbotoko mendian elkartzen ziren, eta maitasuna egiten zuten egunsentia arte. Elkartzen zirenean, egundoko ekaitzak sortarazte zituzten, hori baitzen haien amodioaren boterea.

•“HIKIKOMORI”, Borja Crespo.
Ainara, Nara Moon sare sozialetan, nerabe berantiarra da, ekialdeko kulturaren zale amorratua. Bere gelan itxita bizi da, liluratzen duen guztiaz inguratuta. Bere gelatik oinarrizko gauzetarako baino ez da irteten, eta aspalditik ez du harremanik familiarekin. Ez du gizarte-bizitzarik ordenagailuaren, tabletaren edo mugikorraren pantailatik harago.

PASAIA”, Xanti Rodríguez.
Lerro mehe batek bereizten ditu bizia eta heriotza. Gaur, Gotzon, whisky trago eta trago artean eta bere betiko tabernako fauna bereziaz inguratuta, haien berri ematen duten pasarte lazgarrietan barrena dabil, Ixabelen eta bere gurutzegramaren trebetasun magikoek gidatuta.

PLEASEWAIT”, Iñaki Reyna.
Alex Asiako hego-ekialdeko herrialde batera joan berri da bizitzera, eta motxila taxi batean ahaztu du. Berreskuratzea ez da lan erraza izango.

REWIND”, Amaia San Sebastián.
Rewind tresna zinematografikoa da. Zinemak gure sinesgarritasun-irizpideak une batez bertan behera uztera gonbidatzen gaitu, eta sinetsarazten digu saguek hitz egiten dutela eta itsasontziak gidatzen dituztela, kapadun gizon batek besoa luzatu eta hegan egiten duela eta bizitzan nahikoa dela zerbait asko desiratzea hori gertatzeko.

SPIRICOM”, Jon Herrero.
Jon izeneko ikertzaileak polizia-departamentuko unitate berezi batean egiten du lan, “Spiricom” makinaren laguntzarekin krimenak argitzen saiatzen. Makina hori hildakoengandik informazioa ateratzeko dago diseinatuta. Eraildako neskato baten kasua ikertzen ari den bitartean, bere anaia makina bitxi horrekin zergatik obsesionatu zen ulertzen saiatuko da.

TXORIAK TXORI”, Nytia López.
Haizeak eta Mikelek elkarrekin igarotzen duten azken gaua da. Mikeli beka bat eman diote gimnasta gisa Polonian entrenatzeko. Amodioa egin ostean, Haizeak euren harremanaren etorkizunaz galdetzen du eta, ezinbestean, luzaroan saihestu duten elkarrizketa sortzen da.

  • Prentsarako eskuragarri dauden materialak hemen kontsulta daitezke.

SARE SOZIALAK:

#FANT28

www.bilbaokultura.eus
fantbilbao.eus