Maurizia, Leon eta Fasio maitagarriek lagun egingo diote Balyri Aste Nagusiko kabalgata jendetsuan.
Egun gutxi batzuk geratzen dira Aste Nagusiko pertsonaia maitagarrienetako baten bisita jasotzeko. Baly eta bere familia prest daude itsasotik irten eta Kale Nagusian, Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzaren plazaraino, Balearen Desfilean parte hartzeko, izaki magiko eta zoragarriak lagun dituztela.
“Balea eta gure musikari handiak” izenburupean, Bilbao 700 Fundazioak berriz ere antolatu du ume zein heldu aho zabalik uzten dituen kabalgata.
Aurten, Balyk bisita oso berezia -eta musikala- izango du; izan ere, ohorezko gonbidatuak “Gure musikari handiak” izango dira. Txotxongilo erraldoiak dira, euskal musika herrikoiaren bost izen handi ordezkatzen dituztenak, hain zuzen ere, Maurizia, Leon eta Fasio. Guztiek batera euskal musika tradizionalaren sustraietara eramango gaituzte abuztuaren 17an (domeka), euren pandero, alboka eta trikitixarekin, hurrenez hurren. Alboetan txalapartari erraldoiak izango dituzte.
Baina Maurizia, Fasio, Leon eta txalapartariak ez dira gonbidatu bakarrak izango. Magia bereziz eta fantasiaz beteriko izakiak, desfile gainetik joango diren kometak, panpina puzgarri atsegin eta alaiak eta figura mitologiko erraldoi eta futuristak ere izango dira desfilean.
Tradiziozko paseo magiko honetan Balyrekin batera, bere familia -Olagarroa, Bisigua eta Txangurroa- joango da.
Balearen desfilean musika, dibertimendua eta sorpresak eskutik doaz eta horregatik, hain zuzen, bilbotarren artean interesik handiena pizten duten ekitaldietako bat dugu. Urtero bezala, herritarrek ikuskizun honetaz gozatuko dute aurten ere. Desfilea, euren merituengatik, dagoeneko jaietako ardatzetako bat da.
Desfilea 19:00etan hasiko da eta Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzaren plazaraino joango da Kale Nagusitik. Desfilean parte hartzen duten elementuek kaletik pasatzean aldi batez zirkulazioa eten beharra ekarriko dute. Hori domeka horretako 18:00etatik 20:45era, desfileko karrozen abiapuntuan eta desfilearen ibilbideko kaleetan (Kale Nagusia eta honetara heltzen diren kaleak). Zirkulazioa ez aurrera ez atzera ez geratzeko, Bilboko Udalak herritarrei gomendatzen die garraio publikoa erabiltzeko.