FANT FANTASIAZKO ZINEMAREN JAIALDIAK ZAZPI EKITALDI ANTOLATU DITU GAURKO, TARTEAN TELESAILAK, FILM LUZEAK ETA LABURRAK

  • Gaur, domeka 8, ’30 monedas’ telesailaren estreinaldiaz gozatzeko aukera izango da Bilbon, 17:00etan Azkuna Zentroko Auditorioan.
  • Horrez gain, Azkuna Zentroko Auditorioan ere, ‘Boy Meets Gun’, ‘Darlin’ eta ‘Z’ filmen estreinaldiaz eta nazioarteko 12 film labur eskainiko dituen ‘FANT laburrean’ atalaz gozatzeko aukera izango dute generoa maite dutenek. Alondegiko Golem zineko 2. aretoak ‘Lava’ eta ‘Zero’ filmak eskainiko ditu.
  • Osasun-murrizketa berriei adi, FANTek bere segurtasun-protokoloa egokitu du, www.fantbilbaoonline.eus plataformaren bidez online modalitatearekin uztartuko den edizio presentzial segurua bermatzeko.
  • FANTen programazioa ordutegi-murrizketa berrietara egokitu da. Pelikulen emanaldiak hasiera batean aurreikusitakoa baino ordu erdi lehenago hasiko dira.

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak 26. edizioa jarri zuen abian atzo, azaroak 7, eta eguenera arte, azaroak 12, iraungo du.

Une honetan indarrean dauden gomendioak eta osasun-neurri berriak zorrotz jarraituz, jaialdiak aurrez aurreko modalitatea online formatuarekin uztartzearen aldeko apustua egin du. Horrela, FANT 26 osatzen duten tituluetako batzuk esteka honen bidez gozatu ahal izango dira: www.fantbilbaoonline.eus.

PROGRAMAZIOA

Gaur, azaroak 8 domeka, FANTek generoa gustuko dutenentzako proposamenez beteriko eguna eskainiko du. Guztira zazpi hitzordu dakartza FANTek jardunaldi honetan.

AZKUNA ZENTROKO AUDITORIOA LEHIAKETAKO ATAL OFIZIALA

11:00etan. ‘Boy Meets Gun’, (Herbehereak, 2020), Joost van Hezik.
Film luze hau estatuko estreinaldia da. Filmean, Maarten Moreau biologia ebolutiboko irakasle aspergarria lapurreta batean harrapatuko dute eta, ustekabean, armaz jabetuko da. Bizitzeko gogo berrituak harrapatuta, Maartenek pistolarekin geratzea erabakiko du. Benetako maitasun bat loratzen da mutikoaren eta armaren artean, ez ondoriorik gabe.

12:55ean. ‘Darlin’ (AEB, 2019), Pollyana McIntosh.
Ospitale katoliko batean aurkitu ondoren, Darlin’, nerabe basati, zikin eta krudela, apezpikuak eta bere esaneko mojek zuzendutako adingabeen zentro batera eramango dute, eta bertan hezi beharko dute “neska on” bihurtzeko.

15:00etan. ‘Z’ (Kanada, 2019), Brandon Christensen.
Joshuak, Beth eta Kevinen 8 urteko semeak, Z izeneko alegiazko lagun bat asmatzen duenean, maitagarria dela pentsatzen dute… Baina laster konturatzen dira zein oker dauden.

17:00etan. ‘30 monedas’ Alex de la Iglesiarena.
FANT 26 honetan, Alex de la Iglesiaren HBOrentzako telesail berria estreinatuko da, “30 monedas”. Telesaila azaroan estreinatuko da plataforman, baina zinemagile bilbotarrak bere estreinaldia aurreratu egingo du, azaroaren 8an Azkuna Zentroko Auditorioan ikusi ahal izango den proiekzio berezi batekin. “30 monedas” telesailaren premisa da Judasek Jesukristo traizionatu zuela 30 txanponen truke eta, 2000 urte beranduago, horietako bat Espainiako urruneko herri batean agertzen dela.

18:45ean. Atzerriko 12 film labur.
Lehiaketako atal ofizialaren barruan ere, FANTen parte hartzen duten nazioarteko 12 film labur ikusteko aukera izango da azaroaren 8an, domekan, ‘FANT en corto’ saioan. Atal honetako film laburrak honako hauek dira: ‘4×6’ (UK, 2019), Jamie Gyngell; ‘A Little Taste’ (ESP, 2019) , Víctor Catalá; ‘Chicken Of The Dead’ (FR, 2019), Julien David; ‘El Llibre’ (ESP, 2019), Francesca Catalá; ‘Hand In Hand’, (SWI, 2019), Ennio Ruschetti; ‘Hot Flash’ (CAN, 2019), Thea Hollatz; ‘Maldita’ (ESP, 2019), Suso Imbernón eta Juanjo Moscardó Rius; ‘O.I’ (CAN, 2018), N’cee Van Heerden; ‘Pozo’, (ESP, 2019), Diego Puertas; ‘Regret’ (CAN, 2020), Santiago Menghini; ‘Réplica’ (ESP, 2020), Álvaro de la Hoz; eta, azkenik, ‘Seek’ (USA, 2020), Aaron Morgan.

Film labur horiek Film labur Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazteko (3.000 euro) hautagai dira; eta Atal Ofizialean parte hartzen duten film luzeak izango dira, berriz, Film luze Onenaren, Gidoi onenaren eta Zuzendaritza berritzaileenaren FANT 2020 Saria irabazteko (3.500 euro) hautagaiak.

ALONDEGIKO GOLEM ZINEMAKO 2. ARETOA

Eguneko programazioa Alondegiko Golem zinemako 2. aretora ere zabalduko da, Panorama fantastikoa ataleko bi proiekziorekin. Sarrera doakoa da edukiera bete arte.

16:15ean. ‘Lava’, (ARG, 2019), Ayar Blasco
Lazarok eta Anibalek punk talde independentea dute, baina ez du oihartzun handirik izan. Hau da, ez du inolako eraginik izan. Hori guztia aldatu egingo da Dylanek, rock undergroundeko izar handiak, haiekin bat egitea erabakitzen duenean, bihotza hondatu dion maitasun istorio tragiko batetik ihes egin nahian. Deborak, bitartean, tatuaje-denda txiki bat du, eta oso ona da bere lanean, baina, hala ere, ez du lortzen bizitza sentimental konstante edo koherente bat sortzea. Gustatzen ote zaio Anibal, taldeko bateria-jotzaile potoloa? Dylan, izarra, berriz liluratuko ote du? Eta Lazaro, bere lagun Nadiaren senargaia? Eta Nadia bera?

18:30ean. ‘Zerø’ (ESP, 2019), Iñaki Sánchez Arrieta.
Gizon bat eta emakume bat leku arrotz, mortu eta ezezagun batean esnatzen dira, nor diren eta zergatik dauden jakin gabe. Egunak joan eta egunak etorri, eta leku babesgabe horretatik irteten saiatzen diren bitartean, gauza batzuk gogoratzen hasten dira, agian ez jakitea nahiago luketenak. Agian gauza guztien erantzunak Ismaelek izango ditu, urrutitik eta inork ikusi gabe kontrolatzen dituen gizonak.

FANT egitarau osoa esteka honetan dago eskura, eta prentsarako gaiak beste honetan.

SEGURTASUNEKO PROTOKOLOA

Egoera sanitarioa dela eta, FANT jaialdiak online eskainiko du egitarauaren zati bat. FANTek badauka online plataforma bat erabilgarri, hala nahi duenak jaialdiko egitaraua gozatu ahal dezan esteka honen bidez: www.fantbilbaoonline.eus.

Zinemetan ere jaialdia ahalik eta seguruen ospatu dadin, FANT jaialdiak mugatu egin du edukiera aretoetan, %50era arte, eta ikusleei higiene eta segurtasun neurririk zorrotzenak eskainiko dizkie: hogeita hamar minutuko tarteak egingo dira saioen artean, areto bakoitza aireztatu eta desinfektatzeko. Gainera, maskarak nahitaez erabili beharko dira eta ikusleen artean segurtasun tartea bermatuko da, eta gel hidroalkoholikoa izango dute eskura.

Gainera, gonbidatuen, profesionalen, antolatzaileen eta ikusleen osasunerako arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, FANT jaialdiak bertan behera utzi ditu Euskaditik kanpoko profesionalentzako gonbidapenak.

Egitarauan ere aldaketak egin dira. Murriztu egin da saioen kopurua, eta aurreratu egin da lehenengo saioaren ordua, 15:00era; 21:00ak baino lehen amaitzeko.

Bestalde, bertan behera utzi da amaierako gala, azaroaren 12rako ezarrita zegoena, eta baita ere Alhondigako Golem aretoetako 2.ean 20:45erako programatutako saioak.

BONUAK ETA SARRERAK

Jaialdirako bonuak 30 euro balioko ditu. Alondegiko Golem zinemako leihatiletan egongo dira salgai, eta baita jaialdiaren web orrian ere.
Sarrerak saio bakarrerako izango dira, eta 5 euroan salduko dira. Alondegiko Golem zinemako leihatiletan egongo dira salgai, eta baita zinemaren web orrian ere
Alondegiko Golem zinemako 2. aretoko proiekzioak doan izango dira, eta sarrerak saio bakoitza baino 30 minutu lehenago jaso ahal izango dira.
Online aukera nahiago izanez gero, www.fantbilbaoonline.eus. estekaren bidez izango da sarbidea eta saio bakoitza 5 euro kostatuko da.

#BILBAOUDAZKENA2020

Programa hau #BilbaoUdazkena2020 udal ekimenaren barruan dago. Gainera, horrela, Bilboko Udalak kultur sektoreari bultzada eta laguntza ematen dio, jakinda kultura dela COVID-19ak eragindako krisiak gogorren jo duen sektoreetako bat.

#BilbaoUdazkena2020ko programazio guztian zorrotz eta uneoro jarraituko dira osasun-agintariek markatutako protokoloak.

SARE SOZIALAK:

Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
FANT: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
#Fant26 #BilbaoUdazkena2020

www.bilbaokultura.eus
fantbilbao.eus