FANT BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK MARTXOAREN 10EAN ABIARAZIKO DU PREFANT ZIKLOA, AURRESTREINALDIEN ETA ZINEMA KLASIKOAREN LAU PROIEKZIO BEREZIREKIN

  • Jaialdiaren 27. edizioaren aperitifa hau datorren eguaztenean abiatuko da, “Relic” filmaren aurrestreinaldiarekin: Natalie Erika James australiar-japoniar gidoilari, zuzendari eta ekoizlearen opera prima.
  • FANTen aldi berri honen kartelak omenaldia egiten dio “The Ring” japoniar filmari, zeinak miresle handiak baititu.
  • FANT Bilbon ospatuko da, maiatzaren 7tik 16ra.

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT Zinemaldi Fantastikoa gure artera itzuliko da 2021ean, ohiko datetan, eta maiatzaren 7tik 16ra ospatuko du 27. aldia.

Aurrerapen moduan, Jaialdiak, ospatu aurreko hilabeteetan, aurrestreinaldiak eta fantasiaren generoko zinemako maisu-lanak eskainiko ditu. Hala, beraz, FANT jaialdiak xedea hartu du jaialdia hasi aurretik hilean bi bider berriro ere bere publikoarekin elkartzeko. Bi aurrestreinaldi eskainiko ditu Golem – Alhondiga zinemetan, eta baita bi proiekzio berezi ere.

Lehenengo aurrestreinaldia datorren eguaztenean izango da, martxoaren 10ean, 19:00etan: “Relic” filma (2020) emango da aurrestreinaldian, Natalie Erika James-ek zuzendua. Hitzordua Selecta Visión banatzailearekiko elkarlanari esker antolatu ahal izan da, eta Bilboko Golem Alhondiga zinemetako karteldegian egongo da aurrerago ere, martxoaren 12tik hara (barikua). Film honek arrakasta bildu zuen Sundance-ko eta Sitgeseko jaialdietan, baten zein bestearen atzenengo aldietan.

Horrez gain, PREFANTek omenaldia egingo dio “El silencio de los corderos filmari ere, aretoetan estreinatu zeneko 30 urte bete diren honetan; hala, bada, publikoak martxoaren 25ean (eguena) izango du aukera filmaz gozatzeko.

Bestalde, apirilaren 22an, eta A Contracorriente Films banatzailearekiko elkarlanari esker, “Peninsula” filmaren aurrestreinaldia izango da, “Train to Busan” (2016) filmaren ondorio bat. Eta, azkenik, apirilaren 29an (eguena)“The Ring”  japoniar film klasikoa (1998) proiektatuko da.

Emanaldi horietarako sarbidea doan izango da, eta beharrezkoa izango da sarrera egunean bertan jasotzea Golem-Alhondiga zinemetako leihatiletan (2 sarrera pertsonako, gehienez ere), 16:00etatik aurrera.

PREFANT PROIEKZIOAK

MARTXOAREN 10ean, 19:00etan.
“Relic” (2020, Natalie Erika James, Australia/AEB, 89 min)
Edna emakume adinekoa desagertu egingo da, ezin azalduzko eran; haren alaba Kay eta iloba Sam neskatoa familiaren landa-etxe zaharkitura lehiatuko dira, eta, han, Ednaren dementzia geroz eta handiagoaren aztarnak aurkituko dituzte etxe osoan zabalduak. Edna desagertu zen bezalako misterioarekin itzuliko da, eta, ondoren, Kay arduratuta ibiliko da, amak ez diolako esan nahi edo ezin diolako esan non egon den, eta, aldiz, Sam pozik ibiliko da, amama berriro etxean dela-eta. Ednaren jokamoldea geroz eta itzurkorrago bihurtu ahala, bata zein bestea sumatzen hasiko dira litekeena dela presentzia gaizto izatea han, etxeaz jabetzeko asmotan. Hiru emakume-belaunaldi elkartuko dira traumaren ondorioz, eta indar eta leialtasun-sen handi batekin egin beharko diote aurre atzerabiderik gabeko izuari.

MARTXOAREN 25ean, 19:00etan.
“El silencio de los corderos” (1991, Jonathan Demme, AEB, 118 min)
FBI “Buffalo Billen” atetik dabil, saileko hiltzaile bat, biktimak jaten dituena, batez ere nerabeak, kontu handiz prestatu eta larrutu ostean. Hiltzailea harrapatzeko, Clarice Starling-engana joko dute, zeina unibertsitateko lizentziatu bikain bat baita, jokabide psikopatetan aditua, eta FBIko kide izan nahi duena. Jack Crawford du nagusia, eta haren jarraibideei jarraituz, Clarice segurtasun handiko kartzela batera joango da, Hannibal Lecter doktoreari ikustaldia egitera, han baitaukate giltzapetua, psikoanalista ohia eta hiltzailea, ohikoa baino adimen handiagoa duena. Informazioa atera nahi dio bilatzen ari den hiltzailearen jokabideari buruz.

APIRILAREN 22an, 19:00etan.
“Peninsula” (2020, Sang-ho Yeon, Hego Korea, 116 min)
Zonbi-izurritea izan zela lau urte igaro direnean, Korea munstroz izurriturik dago, eta Jung-seok soldadua, zeina herrialdetik ihes egina baitzegoen, Seulera itzuli beharko du gauza baliotsu bat berreskuratzera. Han ikusiko du badirela, oraindik ere, eritu ez diren pertsonak hirian. “Train to Busan” zonbien film arrakastatsuaren jarraipena da.

APIRILAREN 29an, 19:00etan.
“The Ring” (1998, Hideo Nakata, Japonia, 96 min)
Japoniako herri txiki eta baketsu batean, ikasleen artean badabil kondaira bat, ikusiz gero heriotza eragiten duten bideo madarikatu batzuen gainekoa. Iloba Tomokoren heriotzaz geroztik, Reiko kazetaria ikertzen hasiko da, nondik datozen bideo horiek.

FANT JAIALDIAREN 27. EDIZIOKO KARTELA

FANT jaialdiaren 27. edizioko kartela “The Ring” japoniar film miretsiak inspiratua da, eta bilbotar ikusleak izu eta suspensezko giro batean murgiltzera gonbidatzen ditu. Irudiak proposatzen du eguneroko bizimoduko lekurik ohikoenean sor daitekeela ustekabea, eta gaitza dela errealitateari ihes egitea.

JAIALDIAREN SPOTA

Jaialdiaren spota Imanol Ortiz bilbotar zuzendariak egingo du, zeinak aurreko aldian euskal film laburrik onenaren saria irabazi baitzuen “Moda” lanarekin.

SARE SOZIALAK

#Fant27
#BilbaoUdazkena2020

www.bilbaokultura.eus
fantbilbao.eus