ERREKALDEKO UDALTEGIAK HELDUENTZAKO UMOREZKO ANTZERKI ERAKUSTALDIAREN VIII. EDIZIOKO IKUSKIZUNAK JASOKO DITU OTSAILEKO OSTIRAL GUZTIETAN

• Bilboko Udalak bultzatutako egitaraua Fanny Giraud artista frantsesaren “Juntos” lanarekin abiatuko da. Saioak arratsaldeko 19:30ean izango dira, Errekaldeko udaltegian.

Bilboko Udalak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren VIII. edizioa inauguratuko du ostiral honetan, otsailaren 7an. Erakustaldia lau ostiral jarraitan egingo da, 7. barrutiko udaltegian. Erakustaldiak ikus-entzule helduei eskainitako umorezko lau proposamen eszeniko jasotzen ditu, arratsaldeko 19:30ean hasita. Sarrera librea izango da, baina sartzeko gonbidapena jaso beharko da ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, udaltegian bertan, pertsona bakoitzeko bi, gehienez ere.

Antzerki programazioa ostiral honetan irekiko da, Fanny Giraud pailazo frantsesaren “Juntos” ikuskizunarekin, zorionaren bilaketari, jaiari, hutsuneari, bakardadeari eta besteekiko harremanari buruzko ikuskizuna. Protagonista Sofia da. Fanny Giraud antzezle eta prestatzailea pailazoaren artearen zale amorratua da, eta hamar urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean.

Otsailaren 14rako aurreikusita dagoen bigarren antzerki saioa Jimena Cavalletti konpainia hispaniar-argentinarraren eskutik etorriko da, eta “Mecha Show You” ikuskizun komiko-musikala eskainiko du. Erabateko umoretik eta goi mailako lelokerietatik, ikuskizunak arrakastari eta porrotari, gure bizitzetan etengabeko kanpoko onarpenak duen pisuari, buruz egiten du berba. Arrakastaren inguruan egotea, beste batzuekin konpartitzeko dugun aukera bakarra balitz bezala, eta frustazioak kanpora, ez daitezela ikusi, off-ean. Hainbeste presioren ondorioz, azkenean, sua piztu eta lehertu egiten da.

Hurrengo hitzorduan, otsailaren 21ean, tokiko eszenan oso ezagunak diren bi konpainia helduko dira Errekaldeko eszenatokira, Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroak eta Pez Limbo euskarazko bi ikuskizunekin. Lehenengoek “Agur eta dolore” eskainiko dute, Pabellón 6k formatu txikiko antzezlanei ematen dien 2019ko “Kriseilu Saria” irabazi zuen pieza laburra. Bi emakume erakusten ditu, sorkuntzaren aurrean, euren beldurrekin, eta aurrera egiteko beldur eta zalantza existentzial horiei aurre egiteko moduari buruzko gogoeta proposatzen du. Pez Limbok, bere aldetik umore garratzeko “Homo Amabilis” ikuskizuna aurkeztuko du.

Umorezko Antzerki Erakustaldia otsailaren 28an amaituko da, Andaluziako Las Mamarrachas konpainiaren “Reflexiones de mujeres al borde del abismo” ikuskizunarekin. Eguneroko bizimodua, pipak eta auzoko zurrumurruak atsegin dituzten bi emakume adiskide eszentrikok euren etxeetako atean hitz egiten, eztabaidatzen eta hausnartzen dute, egungo gizartean emakume gisa betetzen duten lekuari buruz. Pixkanaka, euren bizitzen bidea aldatzeko gaitasuna dutela ikusiko dute, eta euren eskuetan dagoen guztia egingo dute hori lortzeko. Bakardadeari, jazarpenari, nortasunari, sexualitateari, maitasunari eta maitasun ezari buruz egingo dute berba.

Informazio gehiago www.kulturabarrutik.eus webgunean

EGITARAUA

OTSAILAK 7
GIRAUD FANNY (Frantzia)
“Juntos”
Helduentzat

OTSAILAK 14
CIA. JIMENA CAVALLETTI (Argentina)
“Mecha Show You”
Helduentzat

OTSAILAK 21
KAMIKAZ KOLEKTIBOA ETA TTAK TEATROAK (Euskadi)
“Agur eta dolore” (euskaraz)
PEZ LIMBO (Euskadi)
“Homo Amabilis” (euskaraz)
Helduentzat

OTSAILAK 28
CIA. LAS MAMARRACHAS (Andaluzia)
“Reflexiones de mujeres al borde del abismo”
Helduentzat

Errekaldeko Udaltegian. 19:30ean. Sarrera librea, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik udaltegian bertan hartu behar den gonbidapenarekin.