“BILBAO DISTRITO JAZZ” EKIMENAK OSTIRAL HONETAN, OTSAILAREN 7AN, JARRIKO DU MARTXAN EGUNGO PANORAMAN ERREFERENTE DIREN MUSIKARIAK, CARLOS LÓPEZ, RODRIGO BALLESTEROS EDO JORGE ROSSY, BESTEAK BESTE, JASOTZEN DITUEN AUZOETAKO DOAKO KONTZERTU PROGRAMAZIOA

• Begoñako, Otxarkoagako, San Frantziskoko eta Errekaldeko udaltegiek, Bertendona Institutuak eta Bidebarrietako Liburutegiak, sei jazz musika kontzertu jasoko dituzte martxoaren 13ra arte, ostiraletan, 19:30ean

• “Bilbao Distrito Jazz” Bilboko Udalaren ekimena da, Bilbaína Jazz Club izenekoarekin elkarlanean eta aurten bere 21. edizioa beteko du, bere nortasunaren zeinua bilakatu den programazio anitz eta kalitatezkoarekin.

Bilboko Udalak ostiral honetan inauguratuko du “Bilbao Distrito Jazz” egitarauaren 21. edizioa, gure hirian denbora gehien daraman kultur programetako bat –Bilbaína Jazz Club-arekin elkarlanean antolatutakoa–, auzoetara doako kontzertuak hurbiltzen dituena, egungo panoraman erreferentziazkoak diren artistekin, eta jazzean etorkizun handia duten bertako artistentzat lekua ere utziz. Oraingo honetan sei emanaldi eskainiko dira, martxoaren 13ra arteko ostiral guztietan, jazzaren errebelazioa den Carlos Lópezekin, Rodrigo Ballesterosekin, Elisabet Raspallekin, Jorge Rossyrekin eta baita tokiko ukitua jarriko duen Jon Urrutiarekin ere.

Ohikoa denez, kontzertuak udaltegietan –Otxarkoaga, Errekalde, Begoña eta San Frantzisko– eta jende gehiago jasotzeko lekua duten gune batzuetan izango dira, Bidebarrietako Liburutegian edo Bertendona institutuan, besteak beste. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango dute, gonbidapenarekin, leku guztiak bete arte. Gonbidapenak kontzertua egingo den lekuan jaso ahal izango dira, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik aurrera.

Programazioa ostiral honetan, otsailaren 7an, hasiko da, Otxarkoagako Udaltegian, Carlos López 4tet taldearekin. Bateria jotzaile galiziarra ezaguna da Bilboko zaleen artean, bertan hainbat proiektu propio erakutsi dituelako eta Javier Colina edo Jerry Gonzalez bezalako musikari handiekin aritu delako. Oraingoan, bere diskografiaren errepasoa egingo du, eta luxuzko laukote batek lagunduta bere kantu berrietako batzuk interpretatuko ditu. Laukote horretan hiru musikari handi nabarmentzen dira, Amsterdameko, New Yorkeko eta Bartzelonako musika eszenetako protagonista diren Xavi Torres, Lluc Casares, eta Juan Pablo Balcazar, hain zuzen ere.

Otsailaren 14an, Bertendona institutuak Rodrigo Ballesteros bateria jotzaile eta konposatzaile gaztearen emanaldia jasoko du. Jazzaren azken belaunaldiko errebelazioetako bat denak bere proiektu pertsonala aurkeztuko du, duela gutxi Rotterdamen (Herbehereak) master ikasketak egin zituenean sortutakoa. Proiektu horrekin Codarts University of the Arts izenekoak antolatutako Erasmus Jazz Prize lehiaketa irabaztea lortu du. Ballesteros seikote baten buru da, eta bertan Jorge Vistel arituko da tronpetan, Roberto Nieva saxo altuan, Daniel Juarez saxo tenorean, Iñigo Ruiz de Gordejuela pianoan eta Toño Miguel kontrabaxuan. Maila horretako musikariz inguratuta, oreka ezin hobea aurkitzen du inprobisazioan arakatzeko eta protagonismoa, kontzertuan zehar, taldekide bakoitzaren esku uzteko.

Hurrengo kontzertuan, otsailaren 21ean, agertokia Begoñako Udaltegia izango da. Bertan, Jon Urrutia piano jotzaile eta konpositorea buru den hirukote berriaren aurkezpena egingo da. 2019an, “Panama Papers” bere bosgarren lan diskografikoa argitaratu eta BBK JAZZ 2019 Sarietan Euskal Musikari Onenaren Saria jaso ondoren, Jon Urrutia piano jotzaile bilbotarrak, tradizioa eta modernismoa uztartzen dituen hirukote berezia aurkeztuko du. Konposizioaren eta inprobisazioaren arteko balantzea, eta hiru instrumentisten (berarekin batera Eric Surmenian kontrabaxu jotzailea eta Borja Barrueta bateria jotzailea) ezaugarriak erakusteko sortutako errepertorioarekin.

Otsaileko azken ostiralean, hilaren 28an, Jorge Rossy 4tet taldearen emanaldia izango da San Frantziskoko Udaltegian. Nazioarteko bere belaunaldiko bateria jotzaile garrantzitsuenetakoa eta mundu mailako jazzaren erreferentzia da. Luxuzko laukotea du, lehen mailako nazioarteko figurez osatua. Bateria jotzaile gisa egindako lanaz gain, Rossyk ahots berezia du bibrafonoan, marimban eta pianoan, eta soinu paregabea konpositore eta taldeko buru gisa. 12 disko grabatu ditu taldeko lider edo ko-lider gisa.

Martxoaren 6an, Bidebarrietako Liburutegiak Elisabet Raspall piano jotzaile eta konpositore katalanaren kontzertua jasoko du, Tom Warburton kontrabaxu jotzaileak eta Jarrod Cagwin perkusio jotzaileak lagunduta. Konpositorearen azken lan diskografikoko, “Links” izeneko album ederreko, piezak aurkeztuko dituzte, arkitektura fina eta gustu bikaina dituzten konposizioz betetako lan sotila. Piezen egitura guztiz jazzistikoa den arren, tonua gertuago dago zineko musikatik edo musika neoklasikotik.

“Bilbao Distrito Jazz” ekimenaren hogeita batgarren edizio honen itxiera Marko Churnchetzen eskutik etorriko da, martxoaren 13an, Errekaldeko Udaltegian. Marko Churnchetz Esloveniako musikari garaikide ezagunenetakoa da, New York hirian bizi den arren. Nazioarteko eszenan, musika-tresna ugari jotzen dituen konpositore, moldatzaile eta ekoizle gazte gisa da ezaguna, genero guztietan erraz lan egiten duena, jazzean, musika klasikoan eta herrikoian, batez ere. Europako bira honetan bere album berria aurkeztuko du, kontrabaxua jotzen duen Ameen Saleemekin, Kweku Sumbryri bateria jotzailearekin eta Jonathan Hoard abeslariarekin batera.

“Bilbao Distrito Jazz” Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika genero hori hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaína Jazz Club elkartearen lana laguntzea; edo auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.

Beste alde batetik, Bilboko Udal Liburutegien Sareak, jazz-liburu eta grabazioen bilduma zabala dauka, maileguan uzteko, musika genero hori sustatzeko xedez. Katalogoa webgune honetan dago eskuragai: www.bilbao.eus/bibliotecas. Gainera, erosketak egiteko edo bilduma eguneratuta edukitzeko iradokizunak ere egiten ditu.

AGENDA

OTSAILAK 7. 19:30
Carlos López 4tet (Otxarkoagako udaltegia)
Lluc Casares: saxo tenorea
Xavi Torres: pianoa
Juan Pablo Balcázar: kontrabaxua
Carlos López: bateria

OTSAILAK 14. 19:30
Rodrigo Ballesteros 6tet (Bertendona institutua)
Jorge Vistel: tronpeta
Dani Juárez: saxo tenorea
Roberto Nieva: saxo altua
Iñigo Ruíz de Gordejuela: pianoa
Rodrigo Ballesteros: bateria
Toño Miguel: kontrabaxua

OTSAILAK 21. 19:30
Jon Urrutia trío (Begoñako udaltegia)
Jon Urrutia: pianoa
Eric Surmenian: kontrabaxua
Borja Barrueta: bateria

OTSAILAK 28. 19:30
Jorge Rossy 4tet (San Frantziskoko udaltegia)
Jordi Rossy: bibrafonoa
Sergio Wagner: tronpeta & fliskornoa
Danny Ziemann: kontrabaxua
Marton Juhasz: bateria

MARTXOAK 6. 19:30
Elisabet Raspal trío (Bidebarrietako liburutegia)
Elisabet Raspall: pianoa
Tom Warburton: kontrabaxua
Jarrod Cagwin: perkusioa

MARTXOAK 13. 19:30
Marko Churnchetz trío (Errekaldeko udaltegia)
Jonathan Hoard: ahotsa
Marko Churnchetz: pianoa, Fender Rhodes
Kweku Sumbry: bateria
Ameen Saleem: kontrabaxua

Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Sarrera doakoa izango da, GONBIDAPENAREKIN, leku guztiak bete arte (Gonbidapenak kontzertua egingo den lekuan jaso ahal izango dira, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik aurrera). Informazioa 010 telefono zenbakian edo www.bilbao.eus eta www.kulturabarrutik.eus webguneetan.