ERREKALDE AUZOAK, BILBOKO UDALAK ANTOLATUTAKO ZIRKUALDEREN, ZIRKUKO ARTEEN JAIALDIAREN, HAMARGARREN EDIZIOA JASOKO DU ASTEBURU HONETAN

“Zirkualde” programak, zirkuko diziplinetan espezializatuta dauden baina antzerkiarekin, umorearekin, clown-aren jolasarekin edo akrobaziekin fusioa egiten duten zortzi konpainiaren ikuskizunak eramango ditu Errekaldera, maiatzaren 30etik ekainaren 2ra.

Jaialdiaren aurrerapen gisa, Errekaldeko Liburutegiak familia osoari zuzendutako saio berezia jasoko du ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Ana Pikaren “Parepezko zirkua” ikuskizunarekin.

 

Errekalde auzoak “Zirkualde” Zirku Jaialdiaren hamargarren edizioa jasoko du asteburu honetan. Jaialdiak, zirkuko arteetan espezializatutako zazpi konpainiaren ikuskizunak eramango ditu auzoko plazara: lau Euskal Herrikoak izango dira, bat Brasilgoa, eta beste bi Aragoikoak eta Andaluziakoak. Programazioaren barruan, mota askotako ikuskizunak jasotzen dira ikus-entzule guztientzat, zirku tradizionalaren hoberena, akrobaziak, malabarrak edo orekak, kaleko antzerkiarekin, zuzeneko musikarekin, clown lanarekin, umorearekin, dantza akrobatikoarekin edo aireko jolasekin uztartuz.

Jaialdiaren aurrerapen gisa, Errekaldeko Liburutegiak saio berezia jasoko du ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, familia osoari zuzendutako saioarekin, Ana Apika eta zirkuari buruzko “Paperezko zirkua” ipuin-kontalari saioa, umeei zuzenduta batez ere. Saio horretarako sarrera librea izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik liburutegian bertan izena ematea.

“Zirkualde”-ko programazio eszeniko espezifikoa OSTIRALEAN jarriko da martxan, arratsaldeko 19:00etan, Garazi & Cia-rekin. Erraia, zuzeneko musika duen antzerki-zirku-dantza ikuskizuna da, eta euskal emakumearen eta tradizioarekin, kulturarekin eta ingurunearekin duen harremanaren irudi pertsonala ematen du. Etengabe eboluzionatzen ari den nortasuna, lurraren erraietatik eraiki den nortasuna. Egun horretan bertan, 20:00etan, Capicua aragoidarrak arituko dira, zirkua, antzerkia, umorea eta magia uztartzen dituen Koselig ikuskizuna Errekaldera ekarriz. Bost pertsonaia berezi erabilera anitzeko gurdian bizi dira. Bertan, errutina jolas bilakatzen da, oroimenak trapezioan kulunkatzen dira, ilusioak mastara igotzen dira eta esperientziak soka bikoitzean nahasten dira.

Larunbatean, leku berean, Errekalde plazan, programazioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, bi ikuskizunekin. Circo Delirio taldeak Dr. Friky eskainiko du 19:00etan, hainbat marrazki bizidunetan inspiratutako ikuskizuna. Dr Friky, gauzak ikusteko duen modu eszentrikoa konpartituz munduan zehar bidaiatzen ari den saltinbankia da. Bere zorroztasunari eta xalotasunari esker, pertsonaiak jakin-minez eta ausardiaz betetako begirada sortzen du egiten duen guztiaren aurrean, ikus-entzuleak bere fantasietan zeharreko bidaiara eramanez.

Arratsaldeko 20:00etan, Andaluziako Vol´e Temps konpainiaren txanda izango da, DistanS ikuskizunarekin, adiskidetasunaz eta, urteak igaro arren, oroimenek bihotzean bizirik jarraitzeaz berba egiten duen emozioetan zeharreko bidaia. Ikuskizunak zirku akrobatikoko eta antzerki jestualeko eszenak biltzen ditu. Bi pertsonaiek distantzian elkarrekin jarraitzeko modua aurkitzen dute, bizitzak bide desberdinetatik eraman baditu ere.

“Zirkualde”-ren aurtengo edizioa igandean amaituko da, bi euskal talderekin. Imaginaciones “Nai” taldeak Bola bai!, aurkeztuko du, giltzez eta giltzarrapoz betetako bide batetik eramango duen pilota bihurri batek liluratutako pertsonaiaren magiazko munduan murgilduko gaituen ikuskizuna. Zirkualde”-ko edizio honen amaiera Sarini Zirkoren eskutik etorriko da, 13:00etan eskainiko duen Txoriak Txori ikuskizunarekin. Lengoaia unibertsala, poetikoa eta dibertigarria duen familia osoarentzako lana da. Protagonista hainbat emoziotik dabil, eta umorearekin jolasten da, beti ere, bere bidaia lagun banandu ezina izango den txoritxo batek lagunduta. Quick change-a, aireko begia, bertikalak, hula hoop-ak, eta aiztoen jaurtiketaren bat ere, dira ikuskizun hau janzten duten zirkuko diziplinak.

EGITARAUA / ERREKALDEKO X. ZIRKU JAIALDIA, “ZIRKUALDE”

MAITZAK 30
Errekaldeko liburutegia
18:00 ANA APIKA (Euskadi) Paperezko zirkua
(*) Liburutegian eman behar da izena

MAITZAK 31
Errekaldeko plaza
19:00 GARAZI & CIA (Euskadi) Erraia
20:00 CAPICUA (Aragoi) Koselig

EKAINAK 1
Errekaldeko plaza
19:00 CIRCO DELIRIO (Brasil) Dr. Friky
20:00 VOL’E TEMPS (Andaluzia) DistanS

EKAINAK 2
Errekaldeko plaza
12:00 IMAGINACIONES “NAI” (Euskadi) Bola bai!
13:00 SARINI ZIRKO (Euskadi) Txoriak txori