EMAKUMEEN HIP HOPAREKIN LOTUTAKO EKITALDIAK, BAZTER FESTEK, ESTATU OSOKO ARTISTA ERREFERENTEAK BILDUKO DITU HIRUGARREN EDIZIOAN

Eskina Femeninaren eta Bilboko Udaleko Kultura Sailaren arteko ekitaldi hau datorren larunbatean izango da, Bilborock-en, 19:00etatik aurrera, eta sarrera doan izango da. Kontzertuak, tailerrak, eta bat-bateko jardunen eta remixen erronda bat egingo dira.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Eskina Femenina kolektiboak Bazter Fest programaren hirugarren edizioa antolatu dute datorren larunbaterako, abenduaren 16rako, Bilborock aretoan. Programak helburu bikoitza du: Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutaraztea eta bultzatzea, alde batetik, eta emakumeek hip hopean egiten duten lana eta haien presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea, bestetik. Izan ere, musika estilo horretan sortzen duten emakumeek euren jarduera ikusgai bilakatzeko beharra dute, gizonak nagusi diren munduan.

Bazter Fest 19:00etan hasiko da, Hibernando Estudios-ek eta MarifxAria-ek aldi berean egingo dituzten bi Stencil tailerrekin. Hibernando Estudios sormena lantzen duen eta besteak beste grafitien eta hiri-artearen arloan duen esperientzia erakusten duen taldea da. MarifxArias ilustratzailea eta diziplina ugariko artista da, baita Eskina Femeninaren logoaren diseinatzailea ere. Eguneko bigarren ekitaldia 20:00etan hasiko da: raparen estetikari buruz hausnartzeko mahai-ingurua. Esterotipoei, klixeei eta erreferenteei buruz eztabaidatuko da, besteak beste.

Bazter Festeko programazioak estatu osoko hip hopeko 5 artistarik esanguratsuenen emanaldiarekin jarraituko du. Natsu Monk-ek (Irun) emango dio hasiera, eta jarraian honako hauek izango ditugu: La Ziega (Galizia), bere izaera irlatar, freskotasun eta positibismoarekin; Ms Maiko, zeinak “Estoy de vuelta” azken bideoa aurkeztuko baitu; Starr (Madril) eta Zeidah (Bartzelona). Amaitzeko, 01:00etik aurrera, Txankleta DJak emakumezko MC-en itzuli bat gidatuko ditu. Emanaldi horretan, besteak beste, La Basu eta Aneguria artistek parte hartuko dute.

Elena Caballero, La Basu, Bilbon emakumeek egindako raparen erreferente nagusia da. Besteak beste Fermin Muguruzarekin, Zein da Zeinekin, Mareio Riverorekin eta abarrekin aritu da lankidetzan. “Ni naiz izotz erregina” diskoa argitaratu berri du, Euskadin emakumezko solista batek euskara hutsean egin duen lehenengo rap-diskoa. Ane San Miguelek, Aneguriak, 2017an argitaratu du bere lehenengo diskoa: “Horchata de Chufa”.

La Basu eta Aneguria dira hip hoparen kulturaren barruan emakumeei laguntza ematen dien Eskina Femenina proiektuaren arduradunak. Idazketa-tailerrak ematen dituzte, eta ekitaldiak sortzen dituzte agertokietara igotzea erabakitzen duten emakume guztiekin, musikaren barruan merezi duten lekua emanez.

www.kulturabarrutik.eus

“BAZTER FEST” AGENDA

LARUNBATA, 16
19:00-20:00 Stencil tailerra Hibernando Estudios eta MarifxAriasen eskutik.
20: 00-21:00 Mahai-ingurua: raparen estetika.
21:00-02:00 Kontzertuak:
21:00 Natsu Monk, DJ gabe
21:30 La Ziega, DJarekin
22:20 MISS MAIKO, DJarekin
23:15-00:15 Starr, DJarekin
00:15-01:15 Zeidah
01:15-02:00 EH Sistah System

BILBOROCK ARETOA (Mesedeetako Kaia 1)
Sarrera librea.