BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “BEROKI GORRIA & EL ABRIGO ROJO” LIBURU ILUSTRATUAN OINARRITUTA DAGOEN GERRA ZIBILEKO UMEEI BURUZKO ERREZITALDIA JASOKO DU OSTEGUNEAN

Ekitaldia 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta euskaraz eta gaztelaniaz izango da. Patxi Zubizarretaren gidoia izango duen ekitaldian Pello Ramírezek –txeloa eta akordeoia– Maddi Oihenartek –ahotsa–, Imanol Elizasu & Zaroatxok –koruak– eta Sahatsa Ramírezek –dantza– ere hartuko dute parte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, “Beroki gorria & El abrigo rojo. Gabon ipuin bat bezala & Como un cuento de Navidad” ikuskizuna jasoko du ostegun honetan, 19:30etik aurrera, izen bera daraman album ilustratuan oinarritutakoa. 80 urte geroago, Gerra Zibilaren hasieran 4.000 umek Ingalaterrara joan behar izana ekartzen du gogora. Yolanda Mosquera artistaren ilustrazioak dituen liburuak Peru Abarka Saria irabazi zuen 2016an.

Abenduko programazio bereziaren barruan, abenduaren 14an, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak istorio kontatua eta kantatua, musikatua eta marraztua, jasoko du. “Beroki gorria & El abrigo rojo” izenburua duen ikuskizunak literatura eta plastika musikarekin eta antzezpenarekin uztartuko ditu.

Gidoia eta kontakizunak, euskaraz eta gaztelaniaz, Patxi Zubizarretarenak dira, eta marrazkiak Yolanda Mosquerarenak. Maddi Oihenartek jarriko dio ahotsa ipuin ilustratuari, Imanol Elizasu & Zariatxok koruetan lagunduta, txelo eta akordeoi musikarekin eta Sahatsa Ramírez dantzariaren partaidetzarekin.

Gerra Zibilaren hasieran, Habana itsasontziak 4.000 ume inguru eraman zituen Ingalaterrara, gatazkatik ihesi. “Beroki gorria” albumak historiako pasarte hori hartu eta, zortzi hamarkada geroago, gertakari latz haiek gogora ekartzeko erabiltzen du. Ekitaldian, narrazioa eta ilustrazioak musikarekin eta arte eszenikoekin uztartuko dira.

Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) Euskal Filologian lizentziatua da, eta idazle gisa Haur eta Gazte Literaturarekin dago erlazionatuta, batez ere. Hainbat sari lortu ditu, egindako lanari esker, Xabier Lizardi (1991), Baporea (1993), Antonio Mª Labaien (1997), Euskadi (1997), edo Ignacio Aldecoa (2002) sariak, besteak beste. Ametsetako mutila (Elkar, 1991) argitaratu zuenetik, Patxi Zubizarretak hogei izenburu baino gehiagoko bibliografia osatu du.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan dagoen gunea da, eta bere helburuen artean liburuaren, literaturaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena daude.