- BAZTER FEST 20:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
- Edizio berri honek Bilborock aretora ekarriko ditu artista hauek: Aiala Dot (Euskadi), Fani (Euskadi), Prichia (Frantzia) eta Suzanna (Katalunia).
- Ekimen hau 2015ean sortu zen helburu bikoitzarekin: Ibaiondoko barrutiko kultur ekimenak ezagutaraztea eta babestea, eta emakumeen lana, presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzea hiphop-ean.
(Bilbon, 2022ko urriaren 31).- Bilboko Udalak antolatutako BAZTER FEST Jaialdiak 8. edizioa ospatuko du azaroaren 5ean, larunbata, 20:00etan, Bilborocken. Sarrera librea izango da, lekua bete arte.
Edizio berri honetan, bertako eta gorabidean dauden artisten emanaldiak eta ibilbide musikal luzeagoa duten eta herrialdeko beste leku batzuetatik datozen artisten emanaldiak uztartuko dira, agertoki gainean beren lana eta esperientzia musikala ezagutarazteko. Horrela, emakumezko artisten erreferentziak zabaltzen dira gazteen artean, hip hoparen ingurukoak, gaur egun gehienak gizonezkoak.
Arratsaldea Aiala Dotekin hasiko da, reggae doinuekin ekin zion Laudioko artista, baina, bere ibilbidean aurrera egin ahala, hainbat soinurekin probatu zuen eta beste estilo batzuetara zabaldu zen. Donostiatik Fani iritsiko da, hamarkada bat baino gehiago daramana erritmoei buruzko letrak idazten eta kontzertuak ematen. Frantziatik datorren Prichia beatboxer, egile eta konpositore frantses-portugaldarrak Bazter Fest jaialdiaren edizio berri honetan ere parte hartuko du. Errebelazio handia izan da Frantziako azken beatbox lehiaketetan; izan ere, 2019an historia egin zuen, eta Frantzian lehiaketa misto bat irabazi zuen lehen emakumea izan zen.
Gaur egun, 2020ko Frantziako Txapeldun titulua du bakarlari kategorian. Emanaldia L’Hospitalet de Llobregaten jaiotako Suzanna abeslari, gitarrista, ekoizle eta konpositoreak itxiko du, Kataluniatik etorriko dena, bere taldearen zati batekin.
Horrela, beste behin ere emakumeak dira protagonistak eta fokus hip-hopean duten presentzia jarrita dago. Izan ere, hauxe da Bazter Festak 2015ean egin zuen lehen ediziotik aldarrikatzen duen helburuetako bat: Ibaiondoko Barrutiko kultur ekimenak ezagutaraztea eta babestea, eta genero musikal horretan emakumeen lana, presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzea.
- LA BASU
Euskal Herriko rap munduko erreferente handienetako bat da La Basu. Rap, soul, reggae eta flamenko generoetan nabarmentzen da. 2001ean atera zuen bere lehen maketa eta, hainbat lan egin ondoren, 2017an kaleratu zuen “Izotz erregina” diskoa. Disko hau Euskadin emakumezko bakarlari batek egindako euskarazko lehen rap diskoa da.
- AIALA DOT
Aiala Dot Laudioar artista, reggae doinuekin hasi zen musika munduan, kontzertuak eskainiz eta Sound System jaialdietan parte hartuz. Ibilbidean aurrera egin ahala, soinu ezberdinekin jolasean ibili da beste estiloetara zabalduz. Ekimen ezberdinetan parte hartu eta gero, esaterako Piztu Bilbo Itzali MTV, Bazter Fest #8. honetara gogotsu dator.
- FANI
Fani konposatzailea da, eta Donostiako aldirietan jaio zen, 1993an. Hamar urte baino gehiago daramatza erritmoei hitzak eransten eta kontzertuak ematen, Nizuri Tazuneri taldeko kide moduan, Euskal Herriko hainbat herri eta agertokitan. Fanik bi ama hizkuntza ditu, eta biak nahasten ditu konposatzeko orduan, eta eragin eta estilo ugaritatik du etorria.
- PRICHIA
Prichia franko portugaldar beatboxer, egile eta konposatzaile bat da. Beatboxer gazte honek, gaur egun, Frantziako 2020ko txapeldunaren titulua dauka, bakarlari kategorian. Hala ere, 2019an historian sartu zen, lehen emakumea bihurtu zelarik Frantzian beatbox lehiaketa misto bat irabazi duena. Ez da borroka artistak egiten duen gauza bakarra; izan ere, bere lehen proiektua eman du argitara, “Second Breath” izenekoa, zeinean 3 konposizio baitakartza. Gaurko elektropop estiloan, beraren tresnek bidaian eroaten gaituzte, dardara bare eta lauen artean, atmosfera kementsuago eta itsaskorrago batzuekin kontrajarriz.
- SUZANNA
L’Hospitalet de Llobregat-etik dator (Bartzelona), eta abeslaria, gitarra-jotzailea, ekoizlea eta konpositorea da. Hainbat taldetako kide da eta zenbait artistarekin kolaboratzen du: Rootsmama, Radio Malanga, Queenky Potras, Rapsusklei, Acción Sánchez, Green Valley, Kinky Bwoy, UNITY eta abar. Bere bakarkako lehenbiziko diskoa, “Soulfyah”, 2019an argitaratu zuen. Bigarrena, kolaborazio ederrez betea, 2022ko azaroan aterako du argitara; Gerard Salvia-k eta berak ekoiztu dute.
SARE SOZIALAK