Kultura Urbanoen Nazioarteko Jaialdia Bilbao Arenan ospatuko da hilaren 25ean, larunbata.
Bilbon, 2015eko apirilaren 13an. ‘BreakOnStage’ jaialdiaren edizio berrian kultura gazte eta urbanoenak Bilbo astinduko du, eta eszena urbanoaren nazioarteko show ikusgarrienekin gozatzeko aukera eskainiko du larunbatean, hilak 25, Bilbao Arenan. Iazko arrakasta ikusita (5.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren), musika, dantza, akrobazia eta kirol urbanoetako joera berrietan interesatutako ikusle guztientzako jaialdia berriz ere bueltan da.
‘BreakOnStage’, Kultura Urbanoen Nazioarteko Jaialdia, hirietan bizi diren gazteen ezinegonetik sortutako espezialitate guztiak agertoki berean biltzen dituen ekitaldi bakarra da. Gazteen unibertsoaren eta unibertso urbanoaren barruan sortzen diren berrikuntzak txertatzeko arreta jartzen du beti ekimenak, arlo artistikoa, alternatiboa eta ikusgarritasuna nahastuz. Ikusleek, orotara, hogei show ikusgarriz gozatu ahalko dute kultura urbanoaren izar handi eta ezagunei esker, tartean Errusia, Alemania edota Txekiar Errepublikatik iritsitakoak. Horrez gain, jaialdian Bilboko gazte ugarik osatutako ordezkaritza bat ere izango da, hainbat emanaldi eta modalitatetan.
Dantza urbanoari dagokionez, une honetan sasoi betean dauden break dance estiloko bi talderen presentzia nabarmendu behar da: une honetan mundu mailako txapelduna den The Predatorz talde errusiarra, eta Infamous frantziarrak, Europako break dance talde onena. Horrez gain, punta-puntako emanaldiak ere eskainiko dira, esaterako Berlineko Sebastian & Honji bikotearena, edota Madrilgo Silvi R. Mannequeen artistarena, Vogue Dance Show ikuskizunarekin. Horrez gain, dantza urbanoko lau talde Bost Urban Dance Comp sariketan lehiatuko dira.
Akrobaziek eta kirolak bat egingo dute erakustaldi izugarrietan, tartean Scooter Freestyle (akrobaziak patineteekin), BMX Freestyle (akrobaziak bizikletarekin), Parkour & Street Stunt (hiriko altzariekin jauzi egiteko artea) eta Cyr Wheel modalitateetan (akrobazia eta dantza, akrobatak inguruan duen metalezko uztai batekin). Nabarmendu behar da Richard Zelinca txekiarra Scooter Freestyle atalean arituko dela, Daniel Peñafiel pilotu profesionala BMX Freestyle modalitatean eta Adán Pérez, berriz, Parkourrean.
‘BreakOnStage’ jaialdia agurtzeko kontzertuetan Sevillako Shotta rap kantariak Flowesia bere laugarren lana aurkeztuko du, eta Bilboko La Bandha del Patio rap taldeak hurrengo diskoko zenbait abesti eskainiko ditu; dagoeneko euskal hip hopeko erreferente bihurtu da La Bandha del Patio taldea.
Sarreren prezioari dagokionez, hamar eurokoa izango da Internet eta Kutxabankeko kutxazainetan erositakoen kasuan, hamabi eurokoa leihatilan erosiz gero eta zortzi eurokoa K26 txartelaren bitartez eskuratzerakoan. Heldu batekin batera hurbilduko diren zortzi urtetik beherakoentzat sarrera doan izango da.
‘BreakOnStage’ herritar guztientzat irekita egongo da, doan, BBK Aretoan. Ostiralean, hilak 24, 18:30ean, koreografien txapelketaz gozatu ahalko da, Urban Dance eta Experimental modalitateetan. Larunbatean, hilak 25, 15:00etan, break dance lehiaketa bat jokatuko da.
Informazio gehiago hemen: http://www.breakonstage.com.