BILBOKO ZIRKUITUAK, BILBOKO UDALAK SUSTATZEN DUEN ANTZERKI AMATEUR ETA ERDI-PROFESIONAL PROGRAMAK, OSTEGUN HONETAN EKINGO DIO BERRIRO AUZOETAN ESKAINTZEN DUEN UDAZKENEKO ANTZERKI PROGRAMAZIOARI

Otxarkoagako, Castañoseko, Basurtuko, Santutxuko, Begoñako, Errekaldeko eta Zorrotzako udaltegiek, eta edizio honetan baita Buiako udaltegiak ere, bertako antzerki eta dantza taldeen 15 proposamen jasoko dituzte urte amaierara arte, eta guztietarako sarrera doakoa izango da.

Programazioa kalitatezko ikuskizunek eta azken garaietan euskaraz egindako zenbait antzezlanen ekoizpenak markatzen dute. Zirkuitua abenduaren 13an amaituko da Bilborock-en, BilbaoEszenako egoitza artistikoetako baten erabateko estreinaldiarekin, Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk interpretatzen duten “Heriotza bikoitza” (Doble Malta).

Bilboko Zirkuituaren hamaseigarren edizioak auzoetan eskaintzen duen programazio eszenikoari ekingo dio berriro ostegun honetan (irailaren 28an) Otxarkoagako udaltegian, bertako hamahiru konpainiak eta artistak eskainiko dituzten 15 emanaldirekin, horien artean Bilboko Zirkuituan oso ezagunak diren batzuk, Bea Insa, A Trompicones edo Luna Llena konpainiak edo Aullidos de Otxar eta I Need a Hero besteak beste. Hiruhileko honetan berriro programatuko dira, ikus-entzuleek euren azken lanei eman dien harrera bikaina ikusita.

Urteko azken hiruhileko honetarako programazioa, duela oso denbora gutxi ekoiztu diren kalitatezko ikuskizunek markatuko dute. Genero guztiak batzen dituzten ikuskizunak dira, eta azpimarratzekoa da euskarazko antzerkiak betetzen duen lekua, Anodino Teatroaren, Eneritz Artetxeren eta Ze Onda Antzerkiaren eskutik. Azken horiek “Heriotza bikoitza” (Doble malta) lana estreinatuko dute Bilborock-en abenduaren 13an. BilbaoEszenaren Artistak Egoitzan programako sorkuntza eszenikorako laguntzen azken deialdian aukeratutako proiektua da.

Programazioa ostegun honetan, IRAILAREN 28an, abiatuko da Otxarkoagako Udaltegian, Luna Llena konpainia beteranoaren “Confesiones de 7 mujeres pecando solas” lanarekin. Ohikoa denez, umorez betetako proposamena eskainiko die ikus-entzuleei, zazpi bekatu kapitalen inguruko zenbait bakarrizketaren bitartez.

Irail honetan, ostiral honetan, hain zuzen ere, Aullidos de Otxar taldearen –auzoan bertan sortutako antzerki komunitario taldea– “La vida en una maleta” ikuskizuna ikusi ahal izango da. Lan horretan, 50eko hamarkadan Galiziatik, Burgosetik edo Extremaduratik etorri ziren eta, lehenengo Los Caños, Monte Banderas edo Enekuri gaina bezalakoetan zeuden infra-etxebizitza multzoetan bizi ostean, 60ko hamarkadan Otxarkoagara heldu ziren bertako biztanleen testigantzak jartzen dira eszenatokian. Tokiko istorioa izateaz gain, euren lurra utzi eta etorkizun hobea bilatzera doazen pertsonen sentimenduei eta emozioei buruzko istorio unibertsala ere bada.

Bilboko Zirkuituaren programazioaren barruan, hiruhileko honetarako kalitate maila handiko euskarazko bi proposamen azpimarratu behar dira. Alde batetik, Anodino Teatroaren “Erbeste edo sahiets baten aldarrikapena” –Poltsiko Saria 2017–. Formatu txikiko antzezlana osatu duen konpainiak euskal eszenako antzezle ezagunek osatzen dute: Getari Etxegaraik eta Aitor Fernandinok. Horrez gain, azpimarragarria da “Konpota” lehen lanarekin Zubi saria lortu zuen Eneritz Artetxeren (Dxusturi Teatroa) “Karramarroa” antzezlana. Urte amaierara arte ikusi ahal izango diren proposamenen artean, azpimarratzekoak dira, baita ere, duela denbora gutxi sortutako konpainiek eskainiko dituztenak, Bilboko Zirkuituan euren lanak lehen aldiz aurkeztuko dituzten A Teatral, Iuris Tantum edo Kaleka Antzerkia taldeek, besteak beste.

Edizio hau abenduaren 13an itxiko da Bilborock-en, BilbaoEszenaren – Bilboko Udalaren Baliabide Eszenikoen Zentroaren egoitza artistikoetako baten erabateko estreinaldiarekin. Ze onda Antzerkiaren “Heriotza bikoitza” (Doble Malta) euskarazko lana euskal eszenan ezagunak diren Eneko Sagardoy – “Handia” filmaren protagonista– eta Miren Gaztañaga antzezleek aurkeztuko dute. Heriotzari eta bizitzari eta heriotzaren ondoren irekitzen diren ateei buruzko gogoeta proposatuko dute.

BALANTZEA
Kultura Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatutako BILBOKO ZIRKUITUA programa, benetako aukera da sortzaile berriek eta antzerki eta dantza taldeek euren lanak eszenan agertu eta ikus-entzuleen aurrean antzez ditzaten. Gainera, Bilbon egindako egungo proposamen freskoenez gozatzeko eremu egokiena da.

Duela hamarkada bat baino gehiago programa martxan jarri zenetik, zabalduz eta emanaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Denborarekin, egitaraua ia hiriko auzo guztietara zabaldu da. Auzo horietako askok urte osoan jasotzen duten Arte Eszeniko eskaintza bakarra da. BILBOKO ZIRKUITUA, genero horretako ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadi osoan. Gure hiriko antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukera eskaintzeaz gain, programa honek Bilboren kultur eskaintza deszentralizatzen ere laguntzen du.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizitatea eskaintzen die konpainiei, eta baita konpentsazio ekonomiko bat ere. Programazioak formatu txikiko lanak aurreikusten ditu euskaraz eta gaztelaniaz. Aurreko edizioetan bezala, emanaldiak iraileko, urriko, azaroko eta abenduko OSTEGUNETAN eta OSTIRALETAN programatu dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Emanaldi guztiek sarrera librea izango dute, baina gero eta ikus-entzule gehiago joaten denez eta udaltegi batzuen leku kopurua mugatua denez, Basurtun, Zorrotzan eta Castañosen programatutako emanaldietarako beharrezkoa izango da ikuskizunaren egun berean gonbidapena jasotzea.

ZIRKUITUA EGITARAUA. 2017KO IRAILA-ABENDUA

IRAILAK 28: Luna Llena “Confesiones de 7 mujeres pecando solas”. Otxarkoagako udaltegia.
IRAILAK 29: Aullidos de Otxar “La vida en una maleta”. Errekaldeko udaltegia.
URRIAK 5: Ugaoko Bidea Antzerki Elkartea “¿Me merezco esto?”. Begoñako udaltegia.
URRIAK 6: Indeed a Hero “Sopa de ajo”. Castañoseko udaltegia.
URRIAK 19: Cia. Alanbike “Perpetuum mobile”. Errekaldeko udaltegia.
AZAROAK 2: Iuris Tantum “Los impresentables”. Otxarkoagako udaltegia.
AZAROAK 3: A Trompicones “Aire de París”. Basurtuko udaltegia.
AZAROAK 10: Bea Insa “Circus of Dreams”. Castañoseko udaltegia.
AZAROAK 16: Anodino Teatroa “Erbeste edo sahiets baten aldarrikapena” (euskaraz). Begoñako udaltegia.
AZAROAK 17: Eneritz Artetxe “Karramarroa” (euskaraz). Errekaldeko udaltegia.
AZAROAK 23: A – Teatral “La prudencia”. Begoñako udaltegia.
AZAROAK 24: Bea Insa “Dora cocinera”. Zorrotzako udaltegia.
AZAROAK 25: A Trompicones “Monólogos de Darío Fo todas somos iguales”. Buiako udaltegia. 19:00etan.
AZAROAK 30: Anodino Teatroa “Erbeste edo sahiets baten aldarrikapena” (euskaraz). Castañoseko udaltegia.
ABENDUAK 1: Kaleka Antzerkia “Brumas vespertinas”. Errekaldeko udaltegia.
ABENDUAK 13: Ze onda Antzerkia “Heriotza bikoitza” (Doble Malta). (Euskaraz)

Funtzio guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte, arratsaldeko 19:00etan hasiko den azaroaren 25ekoa izan ezik. Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.eus eta www.badbilbao.eus