Otxarkoagako, Castañoseko, Basurtuko, Begoñako, Errekaldeko, Zorrotzako eta Buiako udaltegiek eta Solokoetxe institutuak bertako konpainien 12 proposamen jasoko dituzte –gehienak estreinaldiak–; konpainia horietako asko amateurrak edo erdi-profesionalak dira.
Programazioa, azken aldian egindako kalitatezko ikuskizunek markatzen dute. Azpimarragarria da La Pacheca Collective taldeak memoria historikoari buruz egin duen lan berria.
Bilboko Udalak bultzatzen duen eta arte eszenikoen arloan bertako konpainien –gehienak amateurrak edo erdi-profesionalak– jarduera sustatzen duen Bilboko Zirkuituaren XVIII. denboraldiak programazio eszenikoari ekingo dio berriro ostegun honetan (irailaren 26an) Otxarkoagako udaltegian, bertako hamabi konpainiak eta artistak eskainiko dituzten 15 emanaldirekin. Konpainien artean, Bilboko Zirkuituan ondo ezagutzen direnak, joan den denboraldian ikus-entzuleen aldetik jasotako harrera bikainaren ondoren errepikatuko duten La Trascienda Teatro edo 7 Grados, besteak beste eta egitarauan berriak direnak, Banarte Antzerki Taldea, Loida A. Gómez edo Teatro El Temple, egongo dira.
Azken hiruhileko honetarako programazioa aniztasunak markatuko du, duela oso denbora gutxi ekoiztutako emanaldiekin, genero guztiak hartuz. Bilboko Zirkuitua ostegun honetan, IRAILAREN 26an, jarriko da martxan Otxarkoagako udaltegian, Alopargo Teatroa taldearen “Rebelión en la granja” lanarekin. George Orwellen fabula ezaguna, antzezlan gordina, jestuala eta bihurria, umorez, sortzeko pizgarria izango da. Agian, egungo garaiaren ispilu konkabo zatitxo bat da, aginte estruktura berriak ezin direlako beraien aurreko aginteek zituzten itzaletatik bereizi.
Bilboko Zirkuituaren hiruhileko honetarako programazioa azpimarragarria da La Pacheca Collectiveren (Bea Insa) “Lo que fue de ellas” lan berria, benetako historian oinarritutako pieza, memoria berreskuratzeko ariketa egiten duena. “Lo que fue de ellas” gerraren amaiera eta gerraostea bizi izan zuten hiru emakumeren bizitzako benetako lekukotzen ikerketan eta dokumentazioan oinarritutako antzezlana da. Horietako bat Bilbokoa da, eta bertan bizi da gaur egun. Ikuskizuna, emakumeei eskainitako omenaldia da, Francoren erregimenak errepublikako emakume eredua demonizatzeko ezarri zuen errepresio krudelaren helburu. Elkarrizketetan eta Amalia Rosado kazetariaren “Lo que fue de ellas” eta Ximo Huguet historialariaren “Del soroll al silenci” (Zaratatik isiltasunera) liburuetan oinarrituz, antzezlanak, bonbardaketek irauten zuten bitartean babeslekuetan bizi zenari, emakumeek presondegietan jasaten zutenari, gerraosteko emakume langileari, errepresioari… buruz egiten du berba. Urriaren 4an estreinatuko da Errekaldeko udaltegian.
Halaber, Banarte Antzerkia Taldearen “Comunicado de muerte” ikuskizuna, askatasunaren eta denon ongizatearen aldeko borrokari buruzko bi koadroko lana da, 60ko eta 70eko hamarkadetan girotutakoa, hori ere diktadura frankistaren ingurukoa. Lehenengo partea bi emakumeren arteko hitzezko norgehiagoka da, eta bertan, modu gordinean, erabat gizatiarrak diren gaiak erakusten dira. Benetako gertakarietan oinarritutakoa, bigarren partea Salvador Puig Antichen –militante anarkista, garrote vil sistemaren bitartez hildako azkena, 1974an– borrokan, bere exekuzioan eta beraren eta Jesús Irurre presondegietako funtzionarioaren artean sortu zen adiskidetasunean oinarritzen da.
Urte amaierara arteko programazioa mota askotako beste proposamen batzuekin osatuko da. Horien artean komedia, kabaret komikoa, zirkua edo musika daude, bertako konpainien eskutik: Teatro El Temple, Juris Tantum, Con la que está cayendo, A trompicones Teatro, Pablo Allende, Bea Insa eta Loida A. Gómez.
SORKUNTZARI LAGUNTZA
Bilboko Zirkuituaren bitartez, Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du tokiko eszena bultzatzeko eta antzerkia Hiriko auzoetara eramateko helburu bikoitzarekin. Aurreko edizioetan bezala, emanaldiak 19:30etik aurrera programatu dira, Solokoetxeko Institutuan eta Buiako Udaltegian izango direnak izan ezik, horiek 19:00etan hasiko baitira.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Zirkuitua programa aukera da, antzerki eta dantza taldeek euren lanak eszenaratzeko eta ikus-entzuleen aurrean aurkezteko. Halaber, hirian sortutako azken proposamen freskoenak jarraitzeko esparru egokiena da. Horrez gain, ekimenak hiriko kultur eskaintzaren deszentralizazioan sakontzen du. Denborarekin, ia auzo guztietara zabaldu da, eta gehienetan, areto barruan egiten den Arte Eszeniko eskaintza bakarra da.
Duela hamarkada bat baino gehiago programa martxan jarri zenetik, emanaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Bilboko Zirkuitua genero horretako ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadi osoan. Horrez gain, asko dira denbora tarte honetan arlo profesionalerako jauzia eman dutenak.
ZIRKUITUA EGITARAUA, 2019KO IRAILA-AZAROA
IRAILAK 26: Alopargo Teatroa “Rebelión en la granja”. Otxarkoagako udaltegia.
IRAILAK 27: Bea Insa “Circus of Dreams”. Castañoseko udaltegia.
URRIAK 3: Pablo Allende “En espera”. Begoñako udaltegia.
URRIAK 4: La Pacheca Collective “Lo que fue de ellas”. Errekaldeko udaltegia.
URRIAK 10: Teatro El Temple – P6 “V.E.S (Me miras luego existo)”. Otxarkoagako udaltegia.
URRIAK 11: Juris Tantum “Raúl, no cenes tanto”. Basurtuko udaltegia.
AZAROAK 7: Con la que está cayendo “Aquí no paga nadie”. Otxarkoagako udaltegia.
AZAROAK 8: La trascienda teatro “Historias de un mojón de carretera”. Errekaldeko udaltegia.
AZAROAK 14: 7 Grados “Y todo por amor”. Solokoetxe institutua. 19:00etan.
AZAROAK 15: La Pacheca Collective “Lo que fue de ellas”. Begoñako udaltegia.
AZAROAK 21: A trompicones teatro “Aire de París”. Zorrotzako udaltegia.
AZAROAK 22: Pablo Allende “En espera”. Castañoseko udaltegia.
AZAROAK 23: La Pacheca Collective “Lo que fue de ellas”. Buiako udaltegia. 19:00etan.
AZAROAK 27: Instituto Txurdinaga Behekoa “Esperando a Federico”. Basurtuko udaltegia. (Lan eszeniko onena – Eskola Antzerki Lehiaketa 2019).
AZAROAK 28: Banarte Antzerki Taldea “Comunicado de muerte”. Errekaldeko udaltegia.
AZAROAK 29: Loida A. Gómez “Artaud y otros animales (performance)”. Castañoseko udaltegia.
Emanaldiak 19:30ean hasiko dira –Buia eta Solokoetxen 19:00etan–, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.
Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.eus eta www.badbilbao.eus