21. EDIZIOA URRIAREN 17TIK 27RA OSPATUKO DUEN BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIA-BAD NAZIOARTEKO ARTISTEN ETA PROGRAMATZAILEEN TOPALEKU IZANGO DA BERRIRO ERE

Jaialdiak, programazio eszenikoaz haraindi, prestakuntza ekintzak emango ditu Burtsako Udaltegian eta Dantzertin. Dantzarako argiztapen diseinuari eta nazioarteko merkaturako gain-titulatzeko moduari buruzko topaketetarako izen ematea irekita dago jadanik [email protected] helbide elektronikoaren bitartez.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia-BAD 21, sektoreko profesionalentzako topaketa eta lan foro bilakatuko da aurten ere. Egun horietan, beste batzuen artean, gonbidatutako konpainiak, Europako beste jaialdi batzuetako programatzaileak eta Arte Eszenikoen alorreko mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuko kide diren erakundeak elkartuko ditu. Horientzat prestakuntza ekintzak eta topaketa eta eztabaida foroak programatu dira, Dantzertin – Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan eta Burtsako Udaltegian, besteak beste.

Prestakuntza arloaren barruan, Burtsako Udaltegian egingo diren bi topaketa profesional jasotzen dira. ATAErekin – Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin antolatutako lehenengoa urriaren 17an izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta dantzarako argiztapen diseinuan zentratuko da. Prestakuntza Lola Barrosok, 2018an, “Furiosa Escandinavia” lanari esker Eszena Argiztapen Diseinu Onenaren MAX SARIA jaso zuen eszena argiztapen diseinugileak, emango du. Lola Barroso, antzerki, dantza, kontzertu, opera eta musikaletarako argiztapen diseinugile gisa 15 urte baino gehiagoko esperientzia duen ibilbide luzeko profesionala da.

Hurrengo egunean, urriaren 18an, nazioarteko merkaturako gain-titulatzeko moduari buruzko prestakuntza ekintza egingo da, arte eszenikoetako profesionalei zuzenduta. Jarduera Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren barruan dagoen mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuan sartzen da. Topaketan, azken urteetan ikuskizunak nazioartera zabaltzeko egokiak diren soluzioak bilatzeko aurrera eraman diren tresnak eta teknologiak ezagutaraziko dira. Prestakuntza espezializatu horren helburua ikuskizunen gain-titulaziorako azken teknologiak ezagutaraztea da: sistema teknikoak, softwareak, ohiko arazoak, pantailen kokalekuak, ikusgaitasuna, eta hizkuntza batera baino gehiagora gain-titulatzea, besteak beste. Bi jarduera horietarako izen emateko epea irekita dago jadanik ATAEren posta helbide elektronikoaren bitartez ([email protected] )

Prestakuntza eskaintza horrez gain, BADek, ADDEk – Euskal herriko Dantza Profesionalen Elkarteak, antolatu duen lehenengo Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa topaketa jasoko du urriaren 19an. Egun osoan egingo da Dantzertin, eta Arte Eszenikoetan profesionalek eta ikasleek eztabaidatu eta euren ikerketa teorikoak, aplikatuak eta performancekoak aurkeztuko dituzte. Hiru mahai ingurutan egituratuko den jardunaldiaren ardatzak hauek izango dira: irakaskuntza ez arautua eta arte dramatikoa; dantzaren eta arte dramatikoaren hezkuntza eta ikerketa goi mailako arte irakaskuntzetan eta unibertsitateetan; eta sorkuntza, banaketa eta programazio esperientzia profesionala. Topaketarako izena ematea doakoa da, eta komenigarria da erregistratzea, leku kopurua mugatua baita, ADDEren posta helbide elektronikoaren bitartez ([email protected]), izena eta erakundea adieraziz.

Egun horretan bertan, 17:30etik aurrera, Dantzertin, baita ere, dantzaren egungo joerei buruzko hitzaldi dantzatua programatu da Toni Jodarren, sortzen eta ikusleak dantza garaikiderako prestatzen espezializatutako Explica Dansa proiektuko ibilbide luzeko profesionalaren, eskutik. Toni Jodarren kontakizuna bere ohiko formatuan aurkezten da, hitzaldiaren eta ikuskizunaren artean, 70 minututan. Azken aldiko historiari eta egungo joerei buruz egingo du berba, bere esperientzia profesionalak markatu dituzten maisuak gogora ekarriz. Paradigma aldaketa horretan, joera askok forma berrien fusioari eta esperimentazioari eta tradizioen berrirakurketari laguntzen diote. Saioak BADeko sarreren ohiko prezioa izango du, 10 euro txarteldegian eta 8 euro aurretik erosiz gero.

BAD GEHIAGO
Urriaren 21ean, BilbaoArtek jende guztiari irekitako jarduera hartuko du. Manuel Fernández – Valdés zinegile galiziarrak Angélica Liddelli eta sorkuntzaren eta bizitzaren arteko harreman gorabeheratsuari buruz egin duen “Angélica [una tragedia]” dokumentalaren emanaldia izango da. Liddell Europako emakume dramaturgo garrantzitsuenetakoa bilakatu da, bere barruko mina agerian uzten duen antzerki autobiografikoarekin. Bere lan egiteko moduaren funtsean eta berarekin lan egiten duten pertsona guztiengan eragina duen erabakia. Bakoitzak erabaki beharko du bere ondoan noraino heltzeko prest dagoen. Filmaren bi emanaldi egongo dira, 17:00etan eta 19:00etan, sarrera librearekin.