Zuzendaria eta filmean parte hartu duen taldeko zenbait kide, horien artean Maxi Iglesias, Aura Garrido, Luis Fernández eta Alvar Gordejuela, Bilbon, daude, zine pantailetara uztailaren 3an helduko den suspense klasikoko film luzea aurkezteko.
Emanaldi berezia FANT 21eko amaiera ekitaldian izango da, BIHAR OSTIRALEAN, arratsaldeko 20:00etan, Kale Nagusiko BBK aretoan.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, “Asesinos inocentes” (Espainia, 2015) Gonzalo Bendalaren lehenengo film luzea eskainiz emango dio amaiera BIHAR, aurtengo edizioari. Zinegilea Bilbora etorri da, bere lehenengo lan luzea aurkezteko, filmean parte hartu duten beste kide batzuekin batera. Horien artean daude Maxi Iglesias, Luis Fernández, Alvar Gordejuela eta 2013an Zinemaldiaren FANTROBIA Saria irabazi ondoren gure hirira itzuliko den Aura Garrido.
Uztailaren 3ra arte zine aretoetara helduko ez den “Asesinos Inocentes” zinegile sevillarraren fikziozko lehenengo film luzea da. Umore beltz asko duen suspense klasikoko filma Nazioartean Miami International Film Festival izenekoan aurkeztu zen, eta Malagako 18. Zinemaldiaren Sekzio Ofizialean parte hartu zuen.
Filmaren protagonistak, “Física y química”, “Los protegidos” edo, azkenaldian “Velvet” telesailetan egin duen lana dela eta ezaguna den Maxi Iglesias; denboraldi honetako telebistako lan arrakastatsuenetako baten, “El Ministerio del Tiempo” seriearen, protagonista den Aura Garrido FANTROBIA 2013 sariaren irabazlea; duela denbora gutxi “La isla mínima” lanean ikusi ahal izan dugun Manolo Solo; “Los protegidos” lanean ikusi dugun Luis Fernández eta “El corredor nocturno” edo “Germán, últimas viñetas” filmen protagonista izan den Miguel Ángel Solá argentinarra dira.
Francisco Garralda (Maxi Iglesias) arazo ekonomiko larriak dituen unibertsitateko ikasle arduragabea da. Ezinbestekoa zaio lizentziatzea, eta Sebastián Espinosak (Miguel Ángel Solá) bere psikologia irakasleak, azterketak gainditzea eskainiko dio, horren ordez bere ikasleak graduazioko azken lana egitea onartzen badu: irakaslea bera hiltzea.
Gonzalo Bendala (Sevilla, 1978) ekoizle, zuzendari eta gidoilariak, ÁRALAN FILMS sortu zuen 2004an Marta Velascorekin. Bere proiektu gehienak etxe horrekin egin ditu. Zinegile gisa egin dituen lanen artean azpimarragarriak dira “Penumbra 3D: el desafortunado reencuentro de Larry y Bird” film labur estereoskopikoa (Goya 2012 sarietarako aurre-aukeratua), “Spain in different” (2009) umorezko seriearen episodio pilotua, “Descubriendo a Colón” (2008) eta “La Guerra Civil en Andalucía” (2007) serie dokumentalen fikziozko errekreazioak, eta Feliz Navidad (2007), Penumbra (2006), Días Rojos (2004) eta El Orgullo (2002) film laburrak. Ekoizle gisa egin dituen lanen barruan azpimarragarriak dira Los niños salvajes (2012) film luzea eta Espagueti Western (2008) film labur animatua. Lan horrek 2009. urteko Goya sarietarako izendapena jaso zuen eta gidoilaria eta zuzendari artistikoa ere bera da. (Trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=LELOFwRGBM8)
Emanaldia zinemaldiaren amaiera ekitaldiaren barruan izango da, BIHAR, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Aretoan. Ohikoa denez, ekitaldi horretan aurtengo edizioko sariak banatuko dira, eta “La hora del baño” film laburra, ekitaldian egongo den Eduardo Casanova zuzendari eta antzezlearen azken lana, ere eskainiko da.
Film laburraren protagonistak Macarena Gómez eta Gonzalo Kindelán dira. “La hora del baño” beldurrezko film desatsegina, nahasgarria eta korapilatsua da. Maitatzeko gai ez diren arren euren bikotea salbatzeko ahaleginetan ari diren bi pertsonaren borroka kontatzen du. Genero gore beldurgarriaren eta melodramaren arteko nahasketa, arrosa kolorez makilatutako hondamendia.