BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK LAURA MINTEGI ETA IBAN ZALDUA ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, EUSKARAZ IDATZITAKO LITERATURAK DITUEN ERRONKEI BURUZ BERBA EGITEKO

Topaketa arratsaldeko 19:30etan izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta Pili Kaltzada kazetariak moderatuko du.

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen BIDEBARRIETA KULTURGUNEAren ekimenak, Laura Mintegi eta Iban Zaldua idazleen solasaldia jasoko du datorren ASTEARTEAN, maiatzaren 19an. Bertan, euskaraz idatzitako literaturak dituen erronkei buruz hitz egingo dute. Topaketa euskaraz izango da, arratsaldeko 19:30etan hasiko da –sarrera librea– eta Pili Kaltzada kazetariak moderatuko du.

“Erronkak Euskal Literaturan” izenburupean, bi idazleek egungo eszenatokiari buruz dituzten ideiak azalduko dituzte, eta euskaraz idatzitako sorkuntza lanen etorkizuna aztertuko dute. Horrela, euskaraz idatzitako literatura erabat garatuta eta osasun onez egongo den eszenatokira heltzeko egin beharreko bideari buruzko gogoeta ere egingo dute.

Euskaldun berri 17 urte zituenetik, Laura Mintegi (Lizarra, 1955) 20 urte inguru zituenean hasi zen idazten Bilbon. Hiri honetan ezarri zuen bere bizilekua eta bertan aurkitu zituen literaturaren munduko erreferentzia nagusiak. Euskara eta Literatura irakaslea EHU-n 1981etik, Anaitasuna aldizkarian aritu zen, eta Ttua-ttua literatur aldizkaria sortu zuen. 1983an Ilusioaren ordaina ipuin bilduma argitaratu zuen. 1985eko Resurrección María Azkue saria irabazitako Bai… baina ez eleberria argitaratu zuen1986an, eta horren ondoren Legez kanpo eta Nerea eta biok etorri ziren. 2001ean Sisifo maite minez (Txalaparta) eleberria argitaratu zuen.

Iban Zalduari dagokionez (Donostia, 1966) Historia ikasi zuen EHU-n, eta une honetan Ekonomiaren Historia irakaslea da. Bere lanetan ipuina, eleberria eta kritika landu ditu, baina beste ezeren gainetik, gehien atsegin duen generoa ipuina da. 90eko hamarkadaren amaieratik Zalduak lan zabala eta esanguratsua egin du, euskaraz zein gaztelaniaz idatziz, ipuinak batez ere. Kontakizun laburren atalean euskal letrek gaur egun duten egile garrantzitsuenetakoa da. Bere bildumek egungo narraziogintza laburraren elementu esanguratsuenak biltzen dituzte eta, horrez gain, generoaren defendatzaile eta bultzatzaile handia da.

BEDERATZIGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren hedapenerako eta gizarte eta zientzia ezagupenerako gunea da.